domingo, 30 de agosto de 2015

DENBORAREN JOANA

17 urte joan baitira 1998ko irrati-lizentzien banaketaren gaineko auzia sortu zenetik, 27 urte lehen irratsaioa egin zenetik, eta 30 baino gehiago, Euskalerria Irratiarendako lizen-tzia lehen aldiz Diputazioan eskatu zenetik. 30 urte, aise erraten da, baina nekez bil daitezke lerro gutxi batzuetan hainbertze urteren joan-etorrian gogoan eratxikitako bizipenak, ezta bidean gelditu zaizkigun lagun irratizaleen gaineko oroitzapena ere, hasierako bultzatzaile haietatik hasita (Eugenio Arraiza zendu berria, Miguel Javier Urmeneta, Javier Cunchillos...), atzendu gabe iragan neguan joan zitzaigun Ibon Gaztanbide, gure Olagarroa. Liburukote handia behar genuke zinez Iruñeko euskal irratiari urte sail luzean egin zaion bidegabekeria xehe-mehe azaltzeko, azken finean korralito forala eragin duen politika molde berberaren ondorioa izan baita. Horren haritik, badu zer konta denboraren joanaren gainetik duin baino duinago eutsi egin dion zuzendari jaunak, Mikel Bujandak. Izan ere, auzitegiek hainbat aldiz erran dute lizen-tzia-banaketan irregulartasuna gertatu zela, eta hori zuzendu egin behar zela. Irregulartasuna UPNko gobernuak eraginik eta eginik, gobernu horrek berak hainbat aukera izan ditu bidegabekeria zuzen-tzeko, baina behin eta berriz uko egin dio, azkenera arte uko egin ere, eta azkenean, egungo gobernuak moldatu du, epaia betearazteko batzordearen txostena oinarri hartuta.

Behin lege-babesa ziurtatuta, orain Irratia gizartean are gehiago sendotzeko garaia heldu da, lagun hartuta orain arte bidaide izan diren babesle guztiak, eta ez dira gutxi gero. Hortxe dago, konparazio batera, duela mende laurdenetik hona, urtero-urtero beren ekarpena egiten ari diren mila familia inguruk osatzen duten Elkartea, 25 urtetik gorako elkartasun olde izugarriaren erakusgarri, eta aurrera begira ere behar-beharrezkoa izanen dena Irratia teknologia aro berri honetan indarrez txertatzeko. Zorionak eta aunitz urtez!

Enrike Diez de Ultzurrun