domingo, 25 de julio de 2010

FACEBOOK ENPRESA BAT DA

Arnaldo Otegiren profila Facebook-etik desagerrarazteko ondoz ondoko saiakeren baitan, Internet, Facebook eta bere funtzionamenduaren gaineko galdera andana sortu da kalean eta sarean, offline eta online. Galdera horien guztien artean, ordea, bada gailendu den bat: Facebook enpresa bat al da?

Facebook jabetza pribatuko enpresa bat da, bai, Google eta Yahoo! bezala. Guztiek ere, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektorean dihardute, Internet delarik beren produktuen erakusleiho eta produktu edota tresna horiek erabiltzeko gunea. Hori da beraien aktibitateen eremu nagusi eta bakarra: Internet, mugikorretik ere atzi daitezkeelarik. Baina, erabiltzaileontzat doako produktuak diren arren, helburu ekonomikoekin jaiotako erakundeak dira eta, beste enpresa guztien gisan, Facebook-en kasuan ere, bezero kopurua handitzean dago enpresaren funtzionamenduaren bermea.

Haatik, enpresa horien formularen gakoa, inon badago, erabiltzailearen eta bezeroaren artean egiten duten zatiketan dago. Alegia, Facebook-en eta Interneteko gisako enpresetan, negozioaren hirukiak hiru erpin hauek ditu: Facebook edo enpresa bera, produktuaren erabiltzailea eta enpresaren bezeroak.

Facebook-ek erabiltzaileari doako zerbitzuak eskaintzen dizkio, honek, trukean, informazio pertsonal eta ez pertsonal mordo bat oparitzen diolarik. Hau da, Facebook-ek erabiltzaileari bere profila sortu eta hura kudeatzeko aukeragatik jartzen dion prezioa informazio kantitatean neurtzen da, ez dirutan. Informazio horrekin, Facebook-ek erabiltzaile bakoitzaren profil oso eta zehaztu bat egin dezake, modu automatikoan prozesatu ahal izango dena, elektronikoki gordetzen delako. Eta Facebook, batetik, informazio horren jabe izan eta, bestetik, mundu mailan 500 milioi erabiltzaile bere informazio-metaketan laguntzen mantentzeko gai den heinean, gero eta bezero gehiago lortzen ari da. Bezero horiek publizitatea jartzen dute edota Facebook Plataforma deritzan sisteman, zuzen-zuzenean, produktuak salduko dituzte. Publizitatearen arloan, adibidez, Microsoft enpresa da, Facebook-en jabetzaren %1,3rekin, banner-ak jartzeko aukera duen enpresa bakarra (banner-ak webguneetan txertatzen diren animaziodun iragarkiak dira). Hori izan zen Microsoft-ek Facebook-en zatitxo bat erosteko baldintza. Facebook Plataforma-ri dagokionez, berriz, pixkanaka, erabiltzailea bera ere dimentsio txikiko bezero bilakatzea da helburua, lagunei Facebook bidez ordaindutako oparitxoak bidaltzeko aukera emanez. Horretarako, produktu horiek erosteko, erabiltzaileek, Facebook Kredituak sistema erabili behar dute. Facebook-en diru iturri nagusia, beraz, Facebook Kredituak eta publizitatea dira, lehena erabiltzaileen aldetik, bigarrena bezeroen eskutik.

Hortaz, Facebook-en kasuan, negozioaren hiruki hori mantendu, hobetu eta hiruki horren azalerari ahalik eta etekin handiena ateratzea da garrantzitsuena: Facebook, erabiltzaileak eta bezeroak. Eta hori helburu, Facebook-ek bere produktuak doan erabiltzen dituzten erabiltzaileak biltzen jarraituko du; pixkanaka Facebook-en bertan erosketatxoak egiten hasiko diren erabiltzaileak lortzen saiatuko da; publizitatea jarri eta Facebook-eko Plataforman beren produktuak salduko dituzten gero eta bezero gehiago izango ditu; eta, modu horretan, Facebook-ek biltzen duen informazio kantitatea eta horri hertsiki lotutako irabazi ekonomikoak gero eta handiagoak izango direla bermatuko du. Horretara bideratzen du Facebook-ek, funtsean, bere zeregina. Horri guztiari begira dago Facebook-en lan egiten duten pertsonen adimena: tresna errazekin erabiltzaileengan behar komunikatibo berriak sortzera, informazioa biltzera eta, modu batean edo bestean, informazio hori kapitalizatzera.

Informazioa da, beraz, Facebook-en negozioaren bihotza. Facebook-ek erabiltzaileen informazioa behar du. Facebook erabiltzaileen informazioaz baliatzen da, hortik etekin ekonomikoak lortzeko. Facebook-ek geure buruaz gero eta gehiago esan dezagun nahi du. Eta noski, gure bizitza pertsonalaren gaineko informazio hori zabaltzen ari garenean, gero eta erosoago eta lasaiago sentitzea du zeharkako helburu. Eta, noski, Facebook-ek pribatutasunaren gaineko kezkak murriztea edo desagertzea behar du. Oso sinplea da: guk zenbat eta gehiago kontatu, orduan eta gehiago daki gutaz. Eta ez gutaz bakarrik, ez. Noren lagunak garen. Gu eta gure lagunen arteko elkarrekintzak. Geografikoki nondik, zein ordenagailutik elikatzen dugun gure profila eta elikatze horren maiztasuna. Facebook-ek, bere helburuak lortzeko informazioa behar du eta, gustuko izan edo ez, erabiltzaileek informazio hori oparitu egiten diote. Zenbait azterketen arabera, gainera, Facebook-ek bere erabiltzaileengandik Google-k eta Microsoft-ek adina informazio jasotzen du egun, baina Yahoo!-k baino gutxiago.

Beraz, bai, Facebook enpresa bat da. 20 herrialde ingurutan egoitzak ditu eta milatik gora langile (ia erdia birtualki lanean). Are gehiago, Facebook 2004an enpresa gisa eratu zenetik etengabe hazi den arren, 2009an esponentzialki hazi zen. Eta 2010eko martxoan egindako neurketa baten arabera, aste hartan, Facebook-ek Google-k baino bisita gehiago jaso zituen. Eta Google ere enpresa bat da. Eta Yahoo!. Eta Youtube enpresa ere Google-k erosi zuen, eta beraz, Youtube ere enpresa bat zen eta orain Google-n produktu bat gehiago da.

Sinestezinaren mugan egon daiteke, baina Facebook-ek 500 milioi erabiltzaile ditu. 500 milioi erabiltzaile, nor bere informazioa zabaltzen. Eta hainbeste informazio zehatz biltzen duen tresna baten atzean, oraindik ere, enpresa bat dagoen edo ez galdetzen dugu. Informazioa boterea dela aspalditik entzun dugu. Sinestea falta zaigu. Boterea da eta, kasu honetan bederen, guk ematen diegu botere hori. Nahi dutena egin dezakete. Beraiek ezartzen dituzte beren produktuen erabilpen-politikak. Eta politika horiek publikoak dira, ia inork irakurtzen ez dituen arren. Ia edozertarako eskubidea erreserbatzen du Facebook-ek. Nola ez du egingo bada, jabetza pribatuko enpresa bat bada? Eta gero harritu egiten gara Arnaldoren profila itxi dutelako.

Iratxe Esnaola, Informatika ingeniaria (GARAn)

No hay comentarios: