miércoles, 11 de noviembre de 2015

ZUZENKETEZ GAIN, EUSKARA BATURAKO ERA HOBETSIAK ERE BADITU XUXENEK

Orain hogei urte baino gehiago jarri zuten martxan euskarazko testuetarako Xuxen zuzentzailea, eta azken bertsioa aurkeztu dute Elhuyarrek eta Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldeak.
Gaurkotu egin dituzte zuzentzailearen datu baseak; Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eta Elhuyarren hiztegiak hartu dituzte horretarako. Hiru zuzenketa klase egingo ditu Xuxen berrituak:
1. Akats ortografikoak. Oker idatzitako hitzak gorriz azpimarratzen ditu, eta ordain zuzena proposatu, azken arauetara egokituta. Adibidez, konbidatu hitzaren partez, gonbidatu jartzeko esaten du.
2. Hobetsiak. Euskaltzaindiak onartutako hitzak baina Hiztegi Batuan beste forma hobetsi bat dutenak azpimarra berdearekin agertuko dira. Adibidez, ainitz hitza azpimarratuko du berdez, eta anitz emango du hobetsi gisa.
3. Akats gramatikalak. Berdez azpimarratuko ditu akats gramatikalak ere, eta ordezkoa proposatuko du. Adibidez, ikusiko gara beharrean ikusiko dugu elkar proposatuko du.
Xabier Artola IXA taldeko kideak nabarmendu du "kritikotasunez" hartu behar direla Xuxenek egindako proposamenak. "Erabiltzaileak kasuan-kasuan erabaki beharko du men egin edo ez".
IXA taldeko eta Elhuyarreko kideek nabarmendu dute azken urteotan "ezinbesteko tresna" bihurtu dela Xuxen euskarazko testuak egiten dituztenentzat. Beste proiektu batzuk ere esku artean dituztela iragarri dute; esaterako, sakelako telefonoetarako bertsio bat egitea.
Xuxen 5 Microsoft Officen erabiltzeko prest dago, eta dohainik deskarga daiteke. Horrez gain, beste sistema batzuetan txertatzeko pluginak berritu dituzte, zuzenketa ortografiko eguneratuak egiteko. Hemen daude guztiak: http://xuxen.eus/eu/bertsioak

berria.eus