martes, 3 de noviembre de 2015

HAUSTURAK

Ez naiz pantailaren aitzinean aise hunkitzen direnetarik. Hunkiturik atera nintzen lehengo egunean, “Amama” ikustetik. Ez dut ukatuko: halako gibel-beldur pixka batez sartu nintzen Asier Altunaren filmean. Baserriak euskalduntasun autarkikoaren metafora gisa funtzionatu izan zuen garai batean. Gaur egun, sozio-ekonomian bezala, euskal fikzioan ere guztiz bazterrekoa da, literaturan behintzat. Zorionez, “Amama-k” ez du baserriaren apologia egiten. Baserriko bizia bere gogortasun guztian azaleratzen dio ikusleari, eta horrekin sinesgarritasuna irabazten. Hausturaz ari zaigu, azken batez, ekoizpen hau, bizimoduen arteko hausturaz, pentsamoldeen artekoaz, belaunaldien artekoaz, pertsonen artekoaz. Eta hautsitako bi zatien artean izan litezkeen joskura ahulez. Altunak, istorio hori kontatzeko, errealismoaren molde guztiak zituen eskura. Horiek alde batera utzita, narrazio minimalistaren eta ikusizko poesiaren elkargunean egin du bere kamerarako jokalekua. Emaitza butakan atxikitzen zaituen drama da, sendoa bezain fina, ederra bezain samina, koherentea, baita gure sortzaile plastiko entzutetsuenei egiten dizkien keinu onirikoetan ere. Gidoi zainduaren merezimendua ez ezik, antzezleena ere bada: Kandido Urangak bere karrerako paperik hoberena egiten du, Iraia Eliasek eta Klara Badiolak haren zorrik ez dute, eta espero izatekoa da oraingo hau ez izatea Ander Lipusek zinean egiten duen azken sar-atera. Musikaz eta, bereziki, argazkiaz atzendu gabe, bistan dena. “Amama” Iruñean eskaintzen ari den aretoa bete samar zegoen ikusle izan ninduen egunean. Pentsatu nahi nuke euskal zinemaz, harrotzen ez ezik, gozatzen hasiak garela, azkenik. Jadaneko lau aste ditu hemen ikusgai. Oraindik joan ez denak hobe du ipurdia agudo mugitzea, ez baitute gure lanek txarteldegian hain luzaz irauten.
Aingeru Epaltza (Diario de Noticias)