domingo, 22 de noviembre de 2015

"ZIGORRAK GOGORTZEAK EZ DU DELINKUENTZIA KONPONTZEN" (LOHITZUNE ZULOAGA)

Herritarren segurtasuna gai erabilgarria izan ohi da alderdi politikoentzat, Lohitzune Zuloaga (Errenteria, Gipuzkoa, 1981) NUPeko irakasleak dioenez. Zigorrak gogortuz erantzun ohi zaio gaiari, baina dioenez, “polizia eta kartzela neurri gehiago jartzea” ez da delinkuentzia ezabatzeko bidea. El espejismo de la seguridad ciudadana liburuan jaso ditu gogoetak. Asteazkenean aurkeztu zuen lana, Iruñeko Katakraken.
Europako Zigor Koderik gogorrenetakoa du Espainiako Estatuak. Zein da horren arrazoia?
Liburu osoa behar izan dut hori azaltzeko, baina, laburbilduz, juristen analisietatik atera dut ondorio hori. Ni soziologoa naiz, eta, beraz, egoera horretara nola iritsi garen nahi izan dut aztertu; ez hainbeste araua bera, baizik eta hura lagundu duen testuinguru soziopolitikoa. Alderdi politikoek interesa izan dute herritarren segurtasuna agenda politiko eta mediatikoan arazo gisa sartzeko. Badirudi kriminaltasunarekin lotutako arazoak konpontzeko modu bakarra Zigor Kodea gogortzea dela. Kriminaltasunaren fenomenoaren bertsio sinplista horren ondorioz, segurtasunaren gaia mahai gainean jarri den bakoitzean gogortu da Zigor Kodea, kontuan hartu gabe 30 erreforma baino gehiago egin direla 1995ean onartu zenetik.
Salatu duzu erreforma gehienek ez dutela justifikaziorik izan.
Bai, aurreko erreformen premisa berdinetan oinarritzen direlako, askotan denborarik ere eman gabe emaitzak ikusteko. Nahiz eta badakigun zeintzuk liratekeen emaitzak: zigorrak gogortzea ez da delinkuentziarekin lotutako arazoak konpontzeko bidea.
Ez dira modu berean zigortzen delitu guztiak. Neurtzeko bi modu erabiltzen al dira?
Bai, baita askoz gehiago ere. Zigor kodeak ez ditu intentsitate berarekin zigortzen delitu mota guztiak. Bereziki delitu multzo bat zigortzera mugatu da, nik hiru motatan laburbilduko nukeena: Zigor Kodea erreformatzeko terrorismoa, delitu txikiak eta sexu delituekin lotutako zigorrak gogortzeko beharra justifikatu da. Hiru arlo horietan Zigor Kodea erreformatzeko izandako interesa ez dugu ikusi, adibidez, ustelkeria delituetan. Kasu horiek penalki jarraitzea saihestu ohi dute.
Zergatik?
Zigor Kodea ez delako gauza jainkotiar edo gauza natural bat. Eraikuntza soziala da, akordio bat, gure gizartean eragin handiena duten talde hainbaten artean egindako akordio bat.
Esan ohi da legea egiten duenak egiten duela tranpa ere.
Bai, gutxi gorabehera hala da. Eraikuntza soziala da, eta interes jakin batzuk daude ordezkatuta. Norberak ez du bere buruaren kontrako legerik egiten.
Zigorrak gogortzeko egiten den ahalegina egiten al da delituak prebenitzeko?
Ez. Oro har, ulertzen da delinkuentziari aurre egiteak polizia gehiago eta kartzela neurri gehiago izatea dakarrela. Europako hainbat estatutan kartzelatze tasa txikiagoak dituzte, kriminaltasun tasak altuagoak izanda ere. Nola azaltzen da hori? Bada, kartzela ez diren neurri alternatiboak dituztelako. Asmoa ez da delitugileak zentro batean itxita betetzea zigorra, baizik eta beste modu bateko estrategiak eta programak garatzea. Asko hitz egiten da prebentzioaz, baina gero ez da deus egiten. Esan dezagun zernahitarako aipatzen dela prebentzioa. Diskurtsoetan oso ongi geratzen da, baina ez dago estrategiarik delinkuentzia prebenitzeko.
Zer egiteko dute komunikabideek gai honetan?
Ikerketa abiatzerakoan, aztertu nahi izan nuen zer faktorek izan duten eragina mota honetako etengabeko erreformak bultzatzeko. Beti bota izan diegu errua hedabideei, beldurra zabaltzearen erantzule direlakoan. Baina, egia esan, legeak ez dira hainbeste egiten hedabideetako tituluen arabera, baizik eta alderdien interesen arabera, tituluak sortzeko. Horrek ez du esan nahi hedabideek ez dutenik garrantzirik. Badute, eta handia, agenda eratzen dutelako, eta testuinguru egokia sortzen dutelako alderdien mezuak sinesgarriak izan daitezen iritzi publikoaren begietara.
Botereari interesatzen al zaio segurtasun falta sumatzea?
Ez dut uste hain makiavelikoak direnik. Ez dut uste segurtasun-falta giroa sortzea denik helburua, baina egia da interesatzen zaienean ateratzen dutela gaia; adibidez, beste gai batzuk saihestu nahi dituztenean. Iritzi publikoan ongi hartzen den gaia izaten da herritarren segurtasunarena. Noiznahi erabiltzen dute gai hori, eta etekin handia ematen ohi die.
Parisko atentatuek berriz ere jarri dute mahai gainean segurtasunaren gaia. Zenbateraino baliatzen dira halako gertakariak zigorrak gogortzeko?
Zigor Kodearen erreformak nahaste-borrastea dira orotariko delituetarako. Beste kontu bat da paketea nola saltzen den. Eta, askotan, terrorismoarena izaten da amua zigorren gogortzea aurkezteko. Terrorismo delituen zigorrak gogortuko direla esaten dute, baina gero paketeak denetarik dakar. Beraz, ez dakit zer pasatuko den, baina ez nintzateke harrituko Espainiako legealdi berrian ere beste erreforma bat aurkeztuko balute eta, nazioarteko terrorismoaren gaia nola dagoen ikusita, hura baliatuko balute aldaketa justifikatzeko.
Zigorrik gabe, ezabatu daiteke delinkuentzia?
Erabat ezabatzea ezinezkoa da; beti izango da gutxieneko delinkuentzia, bizitza sozialarekin lotuta doalako. Beste gauza bat da neurri eraginkorragoak jar daitezkeela, prebentziozkoak, eta modu transbertsalean. Ez polizia ikuspegitik, baizik eta hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, ongizatean, biktimen eskubidean eta delitugilearen benetako gizarteratzean inbertituz.

Ander Pérez (Nafarroako Hitza)