lunes, 13 de julio de 2015

TITULAZIO BERRIAK NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN

Ez da ideia txarra Uxue Barkos eta Geroa Baiko bertze buru batzuk sektore desberdinekin egiten ari diren erronda. Beharbada, Nafarroako ber-tze lehendakarigai batzuek gauza bera egin izan dute lehenago. Ez dut gogoan halako ekimenik, ordea, Sanzen edo Barcinaren aldetik. Gauza handia ematen du, lantzen ari diren hitzarmenek lehendakari egin ai-tzin, gizarteko ordezkariei azaltzeak zer egin gogo duzun. Orain arte, Barkosek bazterkeriaren kontra ari diren erakundeak, sindikatuak eta enpresariak izan ditu, bertzeak bertze, solaskide, hauteskundeetako matematikak bere lehendakaritza bermatu duenetik. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txanda etorri zen atzo. Carlosena errektore hautatu berriarekiko bileraren albistea ez zen hagitz luze jorratzen egunkari honetako edizio digitalean. “Titulazio berriez” mintzatu zirela zioen, gehiago zehaztu gabe. Opusen unibertsitatekoarekin lehian ariko den Medikuntza fakultatearen eskaera aspaldi dago Hezkuntza Departamentuko bulegoren bateko tiraderetan gorderik. Orain arte, proiektua geldiarazi dute UPNren aurkako jarrerak eta aurrekontuetako murrizketek. Carlosenak, bere errektoretzarako hautagaitza aurkeztu zuelarik, berretsi zuen fakultate berriaren beharra. Gaia ezinber-tzez aterako zen atzoko bileran. Uste hori berrestera dator Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentari eta medikua atzoko bileran izatea. Medikuntza fakultate berriarena ez da, hala ere, nafar gizarteak bere Unibertsitate Publikoari azken urteetan egin dion eskaera bakarra. Aitzinamenduak aitzinamendu, Irakasle Eskolan izan ezik, euskararen presentziak bazterrekoa izaten segitzen du NUPen. 2015 honetan, Euskal Filologia edo haren pareko karrera amets da oraindik Arrosadiko kanpusean. Goi mailako ikasketetan euskarak Nafarroan duen hutsune izugarria tikitzeko, bederen, balio behar luke hurrengo legegintzaldiak.
Aingeru Epaltza, Diario de Noticias-en