viernes, 2 de mayo de 2014

ETA GAUR EPAIKETARIK EZ

Festa zen orduan ere. Gazteena. Unibertsitatean, Iruñean. Kartel batzuk azaldu ziren, estilo honetakoak: «Bai hanka politak. Zer ordutan irekitzen dituzu?»; «Gaur larrua joko dut, bihar epaiketa». Orain dela hiru aste, Iruñean, unibertsitateko jaian, gazte artean: kartelak. Atzo, Iruñean bertan, Txantreako jaietan, gazte artean: erasoak. Eta ez da iritsi epaiketarik, gizartearen gaitzespen erabatekorik. Indarkeria matxistaren aurrean, neutral baitira asko, gizonezko asko. «Gaizki daude horrelako erasoak, baina ez dagozkit niri». Epaiketarik ez gaur. Bihar ere ez.

Festa erabili dute eraso egiteko. Alkohola. Justifikatzeko bide da batzuentzat, gizon erasotzaileentzat. Ez bortxaketetan soilik. Neska bati gerritik gogoz kontra heltzeko, nahi dituenak eta bi esateko, edo behin eta berriz kalaka emateko. «Ez daki zertan ari den». Alkohola. Erasoa jasan izanaren ardura nesken bizkar uzteko. Dantzan probokatzen ari dela, barruko arropa bistan daukala. «Ez daki zer egin diezaioketen».

Jabekuntzarako deiak nagusitzen dira festa garaian; autodefentsa eta horrelakoak. Tresna eraginkorra dira erasotzaileei aurre egiteko, dudarik ez. Baina horretara mugatzea, erdibidea egiteaz gain, bidegabekeria ere bada. Gizonek ere bai baitute ardura. Zeren gizon erasotzaile horiek, ustez beti bakarrik jarduten duten horiek, badute ingurua, badituzte kuadrillak, badute familia. Eta emakumeen aurkako indarkeria mailarik bortitzenera eramaten dutenerako, aurretik joan dira ernetzen indarkeria hori, maiz parranda giroan. Ukituak eginez edo emakumeen aurkako indarkeriaren apologia hutsa diren kartelak egin eta jarriz.

Txantxatzat hartzen da. Horrelako kartelak jartzen dituztenei barre egiten zaie, edo arinkeriatzat jotzen da. Komunera edo etxera binaka joaten direnean, barre egiten zaie neskei. Eta bakarrik joaten direnean, kontuak eskatzen zaizkie, eraso dietenean bakarrik zeudela nabarmenduz. Hain baita gizarte matxista, ezen emakumeei irakasten baitzaie zer egin behar duten eraso egin ez diezaieten, gizonei irakatsi beharrean ez daukatela eskubiderik inori eraso egiteko.

Garikoitz Goikoetxea, Berrian

No hay comentarios: