sábado, 4 de enero de 2014

KATAKRAK ZABALDU DA: BIRIKA SOZIAL BAT IRUÑEKO ALDE ZAHARREAN

Iruñeko La Hormiga Atomica kafetegi liburudenda lekuz aldatu da, eta Katakrak izeneko gune berrian ireki ditu ateak. Kuria kaleko lokal txikitik Kale Nagusiko eraikin handira igaro da inurria ilusio eta nobedadez beterik.

Berri usaina du oraindik gune berriak. Aurreko kafetegiaren xarma galdu gabe taberna bihurtu da orain; jende gehiagorentzako tokia du eta produktu eskaintza zabalagoa.

Abenduaren 31 eguerdian egin zuten hastapen ekitaldia baina taberna eta liburutegia atzo ireki ziren ofizialki. Piano handi batek “ongi etorria” ematen dion liburu dendak 30.000 ale baino gehiago biltzen ditu, batik bat saiakerak. Goiko solairuan orotariko bideoak jasotzen dituen bideoteka mardula jarri dute eskura.

Aurrekoarekin alderatuta berrikuntza izanen den erabilera anitzeko gela gaur bertan estreinatuko da. Jose Ramon Urtasunek “No os olvidaremos. Navarra 1936. Memoria de la represión golpista “ (Ez zaituztegu ahaztuko. Nafarroa 1936, errepresio kolpistaren memoria) liburuaren idazleak gai horren inguruko margo erakusketaren aurkezpena eginen baitu 19:30ean. 

Gertuko produktuak, jaki ekologikoak eta bidezko merkataritzako gauzak modua onean eskainiko dituzte eta laster jarriko da martxan 60 lagunentzako tokia izanen duen jantokia. Besteak beste, eguneko menuak emateko asmoa agertu dute.

Dozena bat lagunek kudeatuko dute lokala eta kooperatiba gisa funtzionatzen jarraituko du.

Aste bitartean 8:00etatik 23:00ak arte egonen da irekia; eta ostiral eta larunbatetan 02:00ak arte luzatuko dute ordutegia. Igandetan ez dute zabalduko.

Urrian iragarri zuten La Hormigako kideek mutaziorako asmoa eta finantzazio kanpaina abiatu zuten, herritarrek beren ekarpenak egin zitzaten. 32.491 euro lortu dituzte crowdfunding bidez eta auzolanetan antolatuz jendearen laguntza jaso dute eraikina atontzeko.

Kale Nagusiko 54.ean kokaleku hartu duen guneak Iruñeko eraldaketa sozialerako beharrezko diren espazio faltari erantzun nahi dio. Proiektua jaio zeneko xedeari eutsiz, liburuen bidez eragiten jarraitu nahi dute.

Berrikuntza gisa erabilera anitzeko aretoak 140 metro karratu eta 200 lagunentzako lekua du eta orotariko ekintzak eginen dira bertan:  hitzaldi, tailer, kontzertu, aurkezpen, batzar, proiekzio, ikuskizun, performance eta abar.

Jendarte eraldaketarako tresna bihurtu nahi dute espazio berria. Subjektu anitzen topaleku eta eztabaidak aberasteko, zein tresna dialektikoak zorrozteko leku izan nahi du. Izan ere, La Hormigako kideek diotenez, “Iruñean zentsura publikoa dela medio, halako espazioen falta nabaria dago”. Hutsune hori bete asmoz eraldatu dute egitasmoa.

Haiek dioten gisan “birika sozial bat Iruñeko Alde Zaharraren erdian, esperimentazio askerako laborategi bat” izanen da.

ARGIA

No hay comentarios: