Ezin dut saihestu. Burgos hitza entzun edo irakurtzen dudan bakoitzean, soldadutzari ixkin egiteko hiri hartara egin nuen bidaiak nire baitan txertaturiko irudiak datozkit gogora. Gerora egoera arras desberdinean joan eta bestelako hiri bat ezagutzeko parada izan badut ere, hiri militarizatu eta eskuindar batekin egin nuen topo orduan. Urteak joan eta etorri, agintari multzo bertsuak jarraitzen du posturik seinalatuenetan eta, paradoxa badirudi ere, hauteskundez hauteskunde, leku gutxitan du PPk han adinako botere tradizioa. Orain matxinatu den Gamonal auzoa da paradoxa horren adibide goren.
Testuinguru bitxi horretan, bulebar bateko obrek lehertarazi dute herritarren egonezina, urteetan puztuz joan dena. Eraikuntza enpresen espekulazioak eman dio auspo artegatasunari, eta alkate larderiatsu baten jokamoldeak su. Protestak zakartu egin dira, Gaztelako bazterretan ohi ez duten neurrian gogortu, eta handik kanpo elkartasun olatu indar-tsu bat eragin. Suaren indarrak izuturik, alkateak atzera egin du: Bulebarreko lanak behin betiko gelditu bide dituzte.
Ezohiko erreakzio horrek ustegabean harrapatu du jende asko. Correo de Burgos egunkariak "auzotarren akelarre" deitu du lanak geldiarazi dituen oldarraldia. Diario de Burgos-en, aldiz, Antonio Pèrez Henares jaunak, kazetaren argitalpen zuzendariak, gogor jo du sare sozialen aurka, Burgostik kanpo gaiak izan duen hedadurak gogaitarazirik. Bi egunkariak eraikuntza munduko enpresarienak dira. "La calle Vitoria va a tener que llamarse calle de la victoria" esan zuen atzo Gamonal auzoko bizilagun batek. Garaipen historiko bat lortu izanaren sentipena dute hainbat herritarrek, eta bada hiria bera aldatzeko lehen urratsa soilik izan dela uste duenik. Hurrengo hauteskundeetan ikusi beharko da milaka burgostarrek subkontzientean itsasirik dituzten PP siglak ezabatu eta sumina bideratzeko pausoak ematen dituzten.
Euzkitze, Noticias de Gipuzkoa-n
No hay comentarios:
Publicar un comentario