jueves, 24 de diciembre de 2015

ÁNCHEL CONTE: "PANORAMA BELTZA DU ARAGOIERAK, AZKENETAN EGON DAITEKE"

Euskal Herritik Kataluniara eta Kataluniatik Euskal Herrira lekualdatzeko gurutzatzen den lurraldea. Definizio hori hartuko luke Aragoik hiztegi pertsonalean. Gallur inguru hartan hasi –edo bukatu– eta Fragatik gertu bukatzen dena –edo hasten; barka diezadatela bide batez pankatalanistek–. Halere, aholku praktiko bat: askoz eraginkorragoa da Huescatik barrenako bidaia, eta merkeagoa. Hain zuzen, lekualdatze horren helmuga izan daitekeen Bartzelonan aurkitu dugu Ánchel Conte idazle aragoitarra, ez alferrik, eta sorterrira egindako joan-etorriekin, bertan bizi baita azken urte luzeotan. 

Juntadizoak ez du aitzakia handirik behar, baina badugu bat ona, kasu honetan: poema bilduma baten euskaratzea, Denbora eta egunak, Conteren bigarrena, 1996koa. “Aragoieratik itzuli den lehen liburua”, juntadizoan parte hartu duen Joxemari Sestorain itzultzailearen esanetan. Hori baitu bereizgarri Contek, aragoieraz idazten duela. Alcolea de Cinca herrian jaioa, 1942an; aragoieraren aztarnak aurki zitezkeen gaztelaniaren lexikoan, forma sintaktikoetan, aditzen konjugazioan. 1880 aldera sortutako aitonak, zahartzean, burua galtzean, aragoiera berreskuratu zuen: besterik ez zuen hitz egiten. Baina Ainsara irakasle joan zenean hartu zuen Contek ezaguera: inguruetako herrixketako ikasleek ez zuten gaztelaniaz egiten, “haiek erakutsi zidaten aragoiera”.

Geroztik ez du utzi, baina “ez nintzateke borrokatuko hizkuntza bat salbatzeagatik bakarrik. Jendea inporta zait. Aragoiera hitz egiten duen jendearen kasuan, salbatu behar da jende hori hizkuntza horrekin”. Lurraldearen suntsiketa ezagutu zuen Ainsako urteetan, programatua. Itxi ziren berrogei eskola hiru urtean. Familiek behiak saldu, etxeak utzi eta Barbastrora alde egin zuten. Urtegiak ez ziren soilik suntsigarriak, energia gero Euskal Herrira eta Kataluniara eramaten zen. Basotzeak transhumantziarekin bukatu zuen. Gobernadore Zibil batek Huescako probintzia definitu zion, inolako erreparorik gabe: iparraldean zuria, eski estazioak; erdialdean urdina, urtegiak; eta hegoaldean horia, galsoroak. “Gerra erbesteratuak gutxi balira, ia populazioaren erdia, suntsiketa frankista izan zen izugarria, lurraldea erabat itxuraldatu zuten, hustu ia. Eta hor piztu zitzaidan lurraldearekiko kontzientzia”. Hizkuntza, beraz, baina halaber kultura, ekonomia, oinarrizko eskubideen defentsa.

Gaur egunean panorama beltza du aragoierak, “azkenetan egon daiteke”. 25.000 hiztun izango dira guztira. “Egia da kontzientzia linguistikoa handitu egin dela hirietan. Baina herrietan gutxiago hitz egiten da duela berrogei urte baino. Gainera, hiztun berriek ez dute sinesgarritasunik patrimonialen aurrean”. Dialekto aldaera handia dago gero, “filologo batzuek defendatzen dute ez dela existitzen aragoiera. Akademia batek bakarrik konpon dezake hori. Bi paraestandar sortuta, ekialdekoa eta mendebaldekoa, denborarekin estandar bakarra osatzea helburu. Okzitanierarekin egin duten moduko zerbait”. Baina hizkuntzaren aldeko erakundeen artean ere gerra da erabatekoa: “Adibidez, ortografiaren aferan, proposamenak errotik diferenteak dira”. Gatazka, beraz, hiztunen artean, erakundeen artean. Eta politikarien artean halaber.

Conteren ustean, aldiz, soluzioa gobernutik iritsiko da, iristekotan: “Ezinbestekoa da koofizialtasuna, aragoiera hitz egiten den lekuetan, eta ikasketa derrigorrezkoa, modu progresibo batean, nahi bada”. Alderdiek orain kontsentsua bilatu nahi dute, denek zerbaiti uko egitea: “Baina ezer ez edo gutxi, bi horien artean aukeratzeak ez du zentzurik; kasu honetan gutxik ez baitu ezertarako balio”. Gehituko dizu ezin dela hizkuntza patrimonializatu, ez dela inorena, ezpada hitz egiten duenarena. “Hizkuntza eta nazioa ezin dira berdintzat jo, hizkuntza hartuta identitate ezaugarri gisa, etnizista ia. Aragoitarra ez da aragoiera hitz egiten duena bakarrik. Aragoitar nazionalismoak kontzientzia linguistikoa esnatzen lagundu du, ondo. Baina hasieran Consello d’a Fabla Aragonesan mota guztietako jendea zegoen, PPkoak barne, eta orain bakarrik daude CHAkoak”.

Badaki ez dela ideia sobera zuzena, baina aragoiera katalanaren biktima dela uste du. Pankatalanismoak min handia egin diola aragoierari: “Katalana ez dago arriskuan Aragoin, zazpi milioi hiztun daudelako mugaz bestaldera, Katalunian”. Alderdi katalan batzuen politika espantsionista eraso gisa hartzen dela dio: “Antikatalanismoa Aragoin endogenoa da, baina baita exogenoa ere. Betidanik existitu izan da, baina orain biziberritzen ari da, sekula aurretik ezagutu gabeko gizarte mailetan. Batzuek ez dute ulertzen katalanez hitz egiten duen aragoitar bat senti daitekeela aragoitar, eta ez katalan. Herrialde Katalanen ideia hori ez da ongi etorria Aragoin gehiengoaren partetik”. Egoera berri horrek ekarri du, hartara, besteak beste 2013an hizkuntzen legea aldatu izana, aurretik lasai asko katalana eta aragoiera zirenek izena ere galduz –gogoratu, pasa ziren izatera LAPAO eta LAPAPYP, hau da, Ekialdeko Eremuko Berezko Hizkuntza Aragoitarra eta Pirinioetako eta Pirinioaurreko Eremuko Berezko Hizkuntza Aragoitarra–. Gehitzen du Contek: “Katalana ez balitz hitz egingo Aragoin, aragoiera gaur ofiziala litzateke Aragoi osoan”. 

Denbora eta egunak
Baina itzul gaitezen literaturara, poema bilduma euskaratu berrira. Sestorainen hitzetan, “gaiari dagokionez, lehen zatia eresia kantu luze bat da, Ánchelek laguna galdu baitzuen gaztetan nekazaritza lanetan ari zela. Bigarren zatian, amodioaren eta denboraren gauzak jorratzen ditu”. Liburuak, hartara, bi mutikoren arteko harremana deskribatzen du funtsean, frankismo garaian, lehen poemak 1969koak dira. “Urte horietan sexu bereko pertsonen arteko sexu harremanak legez galaraziak zeuden, eta kontzentrazio eremuak baziren Espainian LGTB jendea zigortzeko eta espetxeratzeko. Eta, jakina, hor zegoen bere lagunaren familia ere”. Kontuz ibili behar zen asunto horrekin, beraz, “eta kontuz ibili behar da, neurri batean”, dio Sestorainek. 

Gauza bat da Conte pertsona publikoa, jakituna, aktibista, eta beste bat Conte poeta. Berehala igartzen da. “Niretzat poesia, idazketa, ez da militantzia, gauza batean izan ezik: hizkuntzan. Baina naizen bezalakoa agertzen naiz poesian, nire buruarekin bakarka, ez dut programa politikoez hitz egiten”. Ainsako garaietan hasi zen poesia idazten: “Homosexual izatea ez zen erraza Ainsa bezalako herri txiki batean, 60etan; zure baitan bizitzera behartuta zeunden”. Testuinguru horretan jaiotzen da poesia, “sublimazio baten ondorioz segur aski: Antoniori eskainitako poesia guztia elegiakoa da, goititze horretatik jaiotzen da, falta zitzaidan hura goratzetik. Partekatzeko behar bat nuen, neurri batean biluztekoa”. Zentzu horretan, badu poema bat, Mai, Labordetak-eta abestu izan dutena, garai haien berri ederki ematen duena. “Ahalik eta argien hitz egiten saiatzen nintzen. Baina, noski, garai hartan hitz egin zitekeen modurik argienean”. Denbora eta egunak honen portadako argazkiagatik galdetuta, bai, Antonio da, poema batean agertzen den berbera: “Zuen larrainean / azken udan / egin nizun argazki bakarrak / murgilarazi nau gaur gogorapenetan”. Baina ez duzu ikusten garbi, lausoa da irudia: “1996an ez nintzen argazki hau jartzera ausartuko, orain ere kostata. Antonioren familiaganako errespetuagatik, eta Antonioganako: zer eskubiderekin jartzen dut nik argazki hori, hura hil ondoren”.

Aritz Galarraga, ARGIAn