sábado, 24 de octubre de 2015

OROTARIKO EUSKALDUNAK LOTU DITU SAREKO MINTZAPRAKTIKAK

Duela hainbat urte martxan jarri eta hain arrakastatsua izan den Mintzalagun proiektua (lekuaren arabera Berbalaguna, Berbalapiko, Mintzakide… deitua) abiapuntutzat hartuta sortu zen Mintzanet 2012. urtean. Zein berritasun ekarri zuen? Bada, mintzapraktika saioak internetez egitea, hau da, espazio fisiko berean egon beharrik gabe eta taldean batu beharrean –Mintzalagunan egin ohi den moduan– elkarrizketak bakarkakoak izatea.
Horri esker, Argentinan dagoen euskaldunak Portugaleten dagoenarekin hitz egin dezake eta Adunan dagoenak Uztaritzen dagoenarekin. Webcama eta ordenagailua edo mugikorra, eta “bidelagun” eta “bidelari” izateko gogoa besterik ez dute behar. Horrela bereizten dira Mintzaneteko erabiltzaileak: bidelariak euskara praktikatu nahi dutenak dira eta bidelagunak hauei laguntzen dietenak. Lehenengoei A2 edo B1 maila eskatzen zaie euskaraz elkarrizketa bermatu ahal izateko; bidelagunei dagokienez, “ez da gramatikarik edo hitzak nola idazten diren jakin behar”, dio Ainara Loiarte programako koordinatzaileak. 
Erabiltzaileek emandako datuen bidez egiten dituzte bidelagun eta bidelari bikoteak: “Normalean bakoitzak aukeratutako ordua eta eguna hartzen dira kontuan, baita adina ere kasu gehienetan”. 
Erabiltzaile ugari
Esan bezala, duela hiru urte sortu zen proiektua, Donostiako Udalak Maramara taldeari Mintzalagunen sareko bertsioa egiteko eskatu zionean. Ordutik 800 pertsona inguruk eman dute izena eta gaur egun 300 erabiltzaile inguru dira. “Iaz, esaterako 2.500 saio egin ziren Mintzaneten bidez eta zenbakiak hazten ari dira”, zehaztu du Loiartek. 
Hauek dira gaur egun dituzten datuak: erabiltzaileen %65,26 dira EAEkoak (%37,01 Bizkaikoak, %6,49 Arabakoak eta %56,49 Gipuzkoakoak); %4,24 Nafarroakoak; %5,08 Ipar Euskal Herrikoak; %5,51 Espainiakoak eta %19,91 beste atzerrietakoak. Emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino, %59,32 lehenengoak eta %40,67 bigarrengoak.
Proiektuarekin bat egiteko arrazoiak hainbat izan daitezke baina astean behin gelditzeko astirik eza, ordutegi arraroa izatea, atzerrian edo inguru ez euskaldunean bizitzea edo etxetik aritzea erosoagoa iruditzea aipatu ditu Loiartek. 
Adina ere ez da muga
Arduradunek diotenez, “adinak ez du mugarik” eta Mintzaneten 17 eta 89 urte bitarteko pertsonek hartzen dute parte. Azken hilabeteetan adinekoen egoitzatan aurkitu dituzte bidelagunak: “Azpeitian proiektua aurkeztu genuenean bertako egoitzakoek esan ziguten ea zer irudituko litzaigukeen bi egoiliar parte hartzen hastea. Ideia ona iruditu zitzaigun eta aurrera jarraitu genuen”.
Ordutik beste hainbat lekutan jarri dute martxan egitasmoa: Donostiako Zorroaga, Berra eta Villa Sacramenton; Hernaniko Santa Maria Magdalenan, Errenteriako Jesusen Bihotzan eta Bergarako Mizpirualden. “Gure adinekoek euren denbora eskaini dezakete besteei euskara praktikatzen laguntzeko eta bide batez, eurentzat ere parte hartzea baikorra dela iruditzen zaigu, leiho zabal bat irekitzen baitzaie eta dauden lekutik mugitzeko beharrik gabe gainera”, azaldu du Loiartek. 
Beste erakunde batzuekin ere baditu hitzarmenak Mintzanetek, hala nola, Euskal Herriko Unibertsitatea, Etxepare Institutua, Topagunea, AEK eta abarrekin. Hortik ere lortzen dituzte erabiltzaileak eta aurrerantzean bidelariak eta batik bat bidelagunak lortzea izango da haien helburua, jendea itxaron zerrendan baitago bidelagunen bat aurkitu zain.

Maddalen Antuñano, bidelaguna: "Bidelariek duten motibazioa da egitasmo hau aurrera daramana"

Lantzen ari zen proiektu pedagogiko bati esker ezagutu zuen Mintzanet Maddalen Antuñano portugaletetarrak. “Proiektua euskararen irakaskuntzara bideratua zegoen eta ahozkotasunari garrantzia eman nahi nion”, dio. Egitasmoa ezagutzen joan ahala “oso interesgarria eta beharrezkoa” iruditu zitzaion euskara teknikari lanetan hasi berri den 23 urteko gazteari. 
“Euskara praktikatu eta hobetu nahi duten pertsonei laguntzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan. Bidelariek duten motibazioa da egitasmo hau aurrera daramana eta Mintzaneten parte txiki bat izatea nahikoa da motibazio hori elikatzeko eta euskarari pixkanaka-pixkanaka indarra emateko”, dio. 2015eko martxoan hasi zenetik bidelari berarekin aritu da: “Hilean birritan konektatzen gara ordubeteko elkarrizketa izateko”. 
Euskara praktikatzeko erraztasun asko ematen dituela iritzi eta aurrerapen handitzat du Mintzanet. “Hezkuntza formaletik at, hainbat gai jorratzeko aukera ematen du, ahozkotasuna bereziki landuz”, gaineratu du. Baina ez hori bakarrik, “euskara aitzakia izanik, harreman berriak sortzeko aukera ere ematen du”.

Maria Cecilia Cenoz, bidelagun eta bidelaria: "Nire asmoa bidelari izatea zen baina momentu hartan ez zegoen nire ordutegian bidelagunik"

Argentinan, Buenos Aires probintziako Tandil herrian jaioa da Maria Cecilia Cenoz informatikaria. Aitona zuen euskalduna, Nafarroako Muskitz herrikoa, eta haren hizkuntza zelako hasi zen euskara ikasten Tandilgo euskal etxean. “Gero online kurtso batean jarraitu nuen eta azkenean Maizpide euskaltegian sei hilabete pasa ondoren 2. mailako azterketa gainditu nuen”.
Bere ikaskideekin egiten zuen euskaraz, baita euskal etxean ematen zituen klaseetan ere. Gaur egun Euskara munduan programako tutore da eta horrek eman dio euskaraz aritzeko aukera, “baina Mintzaneten parte hartzea desberdina da, webgune honetan nire euskara hobetzen dut bidelari eta bidelagunekin”. 
2013an hartu zuen parte lehen aldiz proiektuan: “Nire asmoa bidelari izatea zen baina momentu hartan ez zegoen nire ordutegian bidelagunik, beraz, bidelagun izaten hasi nintzen. Lehenengo mintzakidea Lourdes Erquicia izan zen eta oraindik jarraitzen dugu saioak egiten”. Hiru bidelarirekin aritzen da, batekin astean bitan eta beste biekin astean behin. Eta hasieran ezin izan zuena lortu berri du: hilean behin bera izango da bidelari. 
Eguneroko gaiez aparte, euskarari buruz hitz egiten dute. “Normalean Euskal Herriko jendeari arraroa iruditzen zaio nire eta diasporaren kasua”, dio. Eta aldi berean, hemengoarekiko jakin-mina asetzen du: “Horko jendearekin harremanetan jartzea oso interesgarria da guretzat Euskal Herriko berriak jasotzeko, eta gure arbasoen idiosinkrasia ezagutu eta nor garen jakiteko”. Bertakotu egiten ditu Mintzanetek: “Hor egotearen sentsazioa ematen dit. Ez dakit nola esan baina bi herriren artean bizi naiz. Txikitatik beti esaten dut euskalduna naizela eta orain gero eta gehiago, euskara hitz egiteagatik ez dago zalantzarik euskalduna sentitzen naizela”.

Raul Alfaro, bidelaria: "Euskaraz mintzatzeko oso aukera gutxi nuen herrian, horregatik animatu nintzen"

Nafarroako Zarrakaztelu herrikoa da Raul Alfaro eta herriko kooperatiban egiten du lan. Ez du zehaztasunez gogoratzen noiz hasi zen Mintzanet proiektuan baina ia hasiera izango zela dio, “orain dela bi urte eta erdi edo”. 
Iure Eizagirre, ARGIAn