viernes, 2 de octubre de 2015

BADATOR JOXEMIEL BIDADOR, BADOA URTE ILUNEN AROA

Iazko maiatzean plazaratu zen asmoa, noiz eta Nafarroara aldaketa ekarri duten hauteskundeak egiteko urtebetea falta zenean; zer eta Joxemiel Bidador zenaren omenez Iruñean pastoral bat egiteko ideia, alegia. Bidadorrek arlo aunitzetan utzi zuen bere isuria, bere ekarpen handia, eta hain zuzen ere, Arrotxapeko semearen izaera zabal, euskaltzale, sortzaile, bizizale eta lagunzale hori gogoan hartzea izan da pastorala sortzeko arrazoietako bat, eta Bidadorren bitartez, Iruñeko jende euskalduna omentzea, hala egungoa nola iraganekoa, ez baita batere gozoa izan Hiri Buruzagian bizitzea. Izan ere, iruindar euskaldunek gogor pairatu dute agintean egon direnen jarrera itxia eta setatia, tartean gure Bidadorrek berak. Bada, orain amaitu berri den egoera latz hori bere gordinean ageri da deskribatuta Jon Alonso idazle iruindarrak maisuki idatzi duen testuan, bertan erraten diren gauza batzuk hamaika aldiz entzun baititugu orain arteko agintarien aho-mihietan.

Pastoralak, halaber, aurreko belaunaldietako jende euskaltzalea hartu nahi izan du gogoan, egungo egoerara iristeko ahalegindu zen jendea, eta hori ere ederki moldatu du pastoralgileak paperean, bat eginez Bidadorrek iraganeko euskal idazle ezezagunak ahanzturatik erauzteko ahalegin baliosarekin. Ez alferrik, iraganean ere jende sortzaile euskalduna bizi izan baita, eta beharbada, batzuetan ez diogu horri gehiegi erreparatu, euskararen atzerakada mingarriak eta Mendigatxa sindromeak behin baino gehiagotan gogoa ilundurik.

Euskal sortzaile oparoak iraganean, eta sortzaile nekagaitzak egun, Iruñean bertan, pastoralaren ekimenak arras ongi erakutsi digun moduan, ehun inguru, bakoitza bere egitekoan, eskuzabaltasun osoz. Ihitz Iriart zuberotarrak eta Aritz Ibañez iruindarrak, konparazio batera, soineko ezin ederragoa jantzi diote testuaren edukiari; soineko airosa, berria, koloretsua, bizia, bihotza hunkitzerainokoa. Jende asko izanen da horren lekuko heldu den urriaren 10eko emanaldian. Badakigu, ikuskizunean tarte zabala izanik ere, ez direla urte ilunetako agintariak hurbilduko, baina ez legoke gaizki, eta jakinen genuke ea berresten ote dituzten orain arte erran dituztenak, edo euskararen inguruko mezua aldatzen hasi ote diren, baten bati antzematen hasi zaion gisan.

Enrike Diez de Ultzurrun, ARGIAn