sábado, 28 de febrero de 2015

ARNASARIK GABE UTZI NAHI GAITUZTE

Milaka lagun bildu dira Donostian, Kontseiluak deitutako manifestazioan. Euskara bultzatzeko neurriak hartu dituzten erakundeen aurkako auzibideak salatu dituzte. Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean egin dute manifestazioa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatuta. Azken hilabeteetan euskara sustatzearen aurka hainbat auzibide abiarazi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuen ordezkariek, eta horiek salatu dituzte protestan.

Euskalgintzako dozenaka ordezkari bildu dira elkarretaratzean; AEK, EHE, BERRIA Taldea eta Kontseiluaren kide diren beste hainbat erakundeetako ordezkariak. Haiekin batera ordezkari politiko ugari izan dira. Besteak beste, han izan dira Hasier Arraiz eta Rufi Etxeberria (Sortu), Zigor Etxeburua, Iñaki Errazkin eta Garbiñe Errekondo (Gipuzkoako Foru Aldundia), Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, eta Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAErako ordezkariaren salaketak jaso dituzten hainbat herritako alkateak.

Zerrenda zehatzik ez dago, baina kasuak joan dira pixkanaka azaleratzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Carlos Urkijok hartu du gidaritza, Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Erakundeak salatu ditu aktak euskaraz egiteagatik, kontratazioetan hizkuntz irizpideak txertatzeagatik edota euskara planetan euskara lehenesteagatik; Gipuzkoako Aldundiaren aurka ere jo du, Seaskari diru laguntza emateagatik —auzia irabazi egin du, gainera, eta dirua bueltatu beharko du Seaskak—. Frantziako Gobernuaren ordezkari Patrick Dallennesek Uztaritzeko Herriko Etxearen aurka jo du, euskara hizkuntza ofizialtzat hartzeagatik —epaiak baliogabe utzi du erabaki hori—. Eta Nafarroan, gobernuak jakinarazi du Baztango Udala salatuko duela, euskara lehenesteagatik.

Salaketa horien guztien helburua bakarra dela nabarmendu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak: "Arnasarik gabe utzi nahi gaituzte". Hizkuntz politikan erabakitzeko eskubiderik ez dutela euskal erakundeek, hori adierazten ari dira, Bilbaoren iritzian. Horren aurrean, txalotu egin du hainbat udalek hartutako erabakia: aktak euskaraz egiten jarraituko dute.

Baina erantzuna orokorragoa izan behar dela nabarmendu du Bilbaok. "Zer gertatuko litzateke herri honetako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzional gehienek, euskalgintzarekin batera, elkarrekin joko bagenu?". Bide hori jorratzera dei egin du. "Bada garaia".

Garikoitz Goikoetxea, BERRIAn