martes, 24 de febrero de 2015

HOGEI URTE BERANDU

Joan den ortzegunetik, euskarazko irakaskuntza erabat legezkoa da Nafarroako eremu ez euskalduneko sare publikoan. Ez dugu, hala ere, euskaltzalerik bibaka ikusi. Parlamentuan, beroagoa zen euskararen kontrakoen haserrea, aldekoen poza baino. Harritzekorik ez. UPNk agudo adierazi du legearen aldaketak ez duela ondoriorik izanen 2015-2016 ikasturtean. Arau berria aplikatzean, bertzalde, Gobernuaren esku gelditu da gutxieneko ratioak finkatzea. Herriren batean lehen mugimenduak hasi badira ere, irabazi berri den eskubideak teoriaren lainoan gelditzeko itxura du, oraingoz ondorio praktiko handirik gabe. Eta gainera, hain dago urrun gure ametsetatik! Hain zuzen ere, gure ametsetatik hain urrun zegoelakoz, duela 20 urte, ezker aber-tzaleak bere botoak gehitu zizkien UPNkoei, onetsi berri den aldaketa berdina atzera botatzeko. Ederki oroituko da 2015ean baiezkoa eman dion parlamentari beteranoren bat, toki berean baitzegoen 1995ean, kontrako botoiari sakatzen. Maiatzeko hauteskundeetan lehendakarigai joanen dena ere ez zebilen aparte. Gogoan izanen dute, orobat, isil-isilik gelditu ziren euskaltzaleek, beti hain basurde, orduan hain artalde. Eta are gehiago gogoan, ukoaren aldeko kanpaina egin zuten luma bipilek. Ez zait ahantzi horietako baten artikulua: “duintasuna” zerabilen, ezezkoaren argudio. Horrela joan zaizkigu 20 urte hauek. Ikaragarri duin. Eta izugarri elkor. Euskara kontuetan ere bai. Urrats handiagoen menturan, egiazki B planik ez zuten legearen aldaketaren kontra agertu ziren euskaltzaleek. Ondorioz, joan den astean irekitako zirrituari etekinik batere atera ahal izan gabe gelditu gara bi hamarraldi hauetan. Orain, gauzak desberdin egiteko gogoa sumatzen da bazterretan. Lehengo eguneko bozketa lekuko. Hori ez da eginen, ordea, memoria historikorik gabe. Nik oroimen ariketa pixka bat faltan bota dut egun hauetan.
Aingeru Epaltza (Diario de Noticias)