Politikarien artean, inor antzerkilaria bada, Roberto Jimenez da; Nafarroako lehendakariordea eta PSNko idazkari nagusia, alegia. Iduri du aparretan dabilela, bere alderdiko biltzarrean irabazle atera ondoren. Baina hark berak espero baina aunitzez ere oposizio handiagoa izan du; ordezkari sozialisten %80ren babesa izan ordez, doi-doi %60 lortu du. Oraingoan, Manuel Campillo ezezaguna izan du aurkari. Campillok jakin bazekien ez zela idazkari aterako, baina alderdi barruko haserrearen adierazgarria izan da eta nafar gizartean zabaldu den ezinegonaren erakusgarria, murrizketen eta desgobernuaren handiak eta larriak eraginda.
Raxoiren gobernuak murrizketak ezartzen dituen aldi bakoitzean, lehendakariordea berehalaxe agertzen da kazetarien aitzinean, Nafarroan murrizketarik ez dela izanen arrandiaz errateko. UPNkoek berek ahapeka aitortzen dute itxurakeria hutsa dela eta, ahots handiaren ondotik, Jimenez bere aspaldiko adiskide Barcinaren aurrean otzandu, eta UPNren iritzia garaile ateratzen dela. Gizarteak ere susmo bera dauka eta, orain hauteskundeak egitera, alderdi sozialistak, gehienez jota, bospasei aulki aterako lituzke, haiek berek darabiltzaten inkesten arabera. Murrizketek, hortaz, PSNri egin diote kalte; ez, horrenbeste UPNri, eta hori Barcinak badaki. Baina PSNko exekutibako kide aunitz kargudun dira Gobernuan, eta horri kosta ahala kosta eutsiko diote. Oraingoz, alderdikide gehienak alde ditu, baina aurkakoen kopurua gora doa, eta aski litzateke PSN barruko sektore batek jarreraz aldatzea, Jimenezen aulkiari astindu ederra emateko. Oraingoz, alde dauzka Lizarberen taldekoak, ORT alderditik aspaldian iritsitakoak (Iruñean gotortuak) eta Euskadiko Ezkerretik ailegatutako sorta bat. Kontra, aldiz, Erriberako talde gehienak, alderdikide historiko zenbait (Tajadura, Balduz) eta bestelakoak. UGTn, berriz, denetarik dago. Kontra dagoen jendea uztartuko duen izen oneko gidari bat falta da. Nor, ordea? Nor atera da onik PSNren aspaldiko gainbeheratik? Inork eutsi al dio omenari? Nolabaiteko izana duen izen bat Fernando Puras da, 2007ko lehendakarigaia eta NaBairekin akordioa egitearen aldekoa. Madrildik ezezkoa eman ziotenean, dimisioa eman zuen behintzat, eta etxe zokora joan zen, karguetatik ihesi.
Barcinak, bitartean, badu Jimenezen ahuldadearen berri eta, zer gerta ere, PPrengan pausatuak ditu begiak. Nafarroatik desagertua, Madrilen gero eta egun gehiago ematen ditu kazetari eskuindarren mikroen artean; bere irudia ederki zaintzen jarraitzeko eta Tolosako tartei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Madrilen, gainera, azpijokoan aritu da, zertarako eta Nafarroako PPk egin berri duen Biltzarrean bere ukitua uzteko. Gauza jakina da Barcina eta Cervera ez direla batere ongi moldatzen. Biltzarrean, Cerveraren ordez atera den gizona, ordea, oso ongi moldatzen da UPNrekin. Beraz, berehalako batean ez, baina nork daki hauteskundeak ez ote diren 2013an izanen. Susmo hori dute oposizioko hiru koalizioek: Amaiurrek, Geroa Baik eta Ezkerrak. Kontua da, ordea, PSN malkortzea ez dela aski izanen aldaketa eragiteko, gizarteak ikusi behar baitu egiazko alternatiba bat badela. Berrikitan, aurrerapauso bat izan da; hots, Ezker Abertzaleak Geroa Bairen indarra aitortu du eta aitortu, halaber, Geroa Baik Nafarroan eragiteko aukera baduela. Ez da gutxi.
Kike Díez de Ultzurrun (ARGIAn)
No hay comentarios:
Publicar un comentario