miércoles, 5 de mayo de 2010

IOSEBA EZEOLAZA: "BATZARREREN APUSTUA NAFARROA BAI DA. GAUR EZ DUGU BESTERIK"

NaBairen etorkizunari buruz EAk eta Aralarrek egindako akordiotik at geratu dira oraingoz EAJ eta Batzarre. Arreta batez ere Batzarrek bereganatu du, duela gutxi Aralarrek koalizioaren alde nahiko ahalegin ez egitea aurpegiratu baitzion. Ioseba Ezeolaza Batzarreko batzorde iraunkorreko kideak (Iruñea, 1979) NaBai «zehatz» baten alde apustu egiten dutela dio. Bai barne antolaketan bai ideologian zein programan 2007ko izpiritu irekia aldarrikatu du. «Aralarrek eta EAk sinatutako itunak koalizioa eta koalizio ireki baten esanahia bertan behera utzi dute».

EAk eta Aralarrek egindako akordio hori nola ulertzen du Batzarrek?

Terminologia ez dugu ezagutzen, eta hori kortesia falta bat da. Gure ustez, bi alderdi handienen interesak askotan ez dira NaBairen proiektuaren eta sinboloaren interes berberak. Aralarrek eta EAk interes komunak dituzte, eta ituna egin dute.

Azarotik zenbat bilera egin dituzue beste alderdiekin? Aralarrek dio bi baino ez...

Bai, bi egin ditugu.

Aralarrek dio NaBain jarraitzearen alde ez duzuela pausorik eman.

Barne eztabaidaren eredua Aralarrena da, ez Batzarrerena edo NaBairena. Aralarrek bi aldeko bilerak proposatu ditu.

Bai, baina Aralarrek azaroan proposatu zuen lehen fase batean bi aldeko bilerak egitea eta urtarriletik aurrera, bigarren fase batean, alde askotariko bilerak egitea.

Guk proposatzen duguna da koalizioaren batzorde iraunkorrean ematea. Iraunkorrean denok gaude ordezkatuta, bakoitzaren azentuak eta ideia singularrak denok ikusten ditugulako. Bi aldeko bilerak baino aberatsagoa da. Aralarrek independenteak bilera horietatik kanpo utzi ditu.

Sanferminetarako, akordioa itxita egotea espero da. Zuek zer egiteko asmoa duzue? Negoziatzeko marjinik geratzen zaizuela uste duzue?

Hori da gure kritika. Menua jada eskatua den bazkari batera gonbidatu gaituzte.

Alabaina, Aralarrek eta EAk borondatea agertu dute Batzarrek eta EAJk akordioarekin bat egiteko.

Plazaratu diren proposamenak ez zaizkigu batere gustatzen. Alde batetik, parekotasuna bertan behera geratzen da. Koalizio baten barruan erabaki guneetan parekotasuna izatea oinarrizko ideia bat da, aniztasuna errespetatu behar delako eta gutxiengoaren ahotsa errespetatu behar delako. Bestalde, independenteen funtzioa eta arlo politiko-ideologikoko izpiritu ireki hori ere bertan behera geratu da. Batzarrek bere politikatik eta ideologiatik gehiena kanpoan uzten du. Gu ez gara abertzaleak, gu ezkertiarrak gara. Ahalegin politiko hori Batzarrek egunero egiten du. Horregatik, barne antolaketan ezin zaigu ahalegin gehiegi eskatu.

Ahalegin politikoa hain handia bada, agian sintonia gehiago duzue NaBaitik kanpoko beste batzuekin. Harremanak jorratu dituzue IUN Nafarroako Ezker Batuarekin edo Erriberako PSNko militante ohiekin, adibidez. Zuen etorkizuna hor dago?

Gaur Batzarreren apustua Nafarroa Bai da. Besterik ez dugu, gaur [atzo], maiatzak 4. Identitateen eztabaida horretan, gu mugalariak gara. Ezker Batuarekin harremanak sakondu behar ditugu, eta indartzen ari gara. Demokraziaren 30 urte hauetan, bereizketa handia egon da ezkerreko alderdien artean. Ez dago horretarako arrazoirik. Gaizki eman den inertzia bat egon da, eta hori eragotzi behar dugu. Gainera, guk IUNekin, jarrera komun bat dugu errepublikarzaleen aldarrikapenean. Erriberan, berriz, udal bozetan IUNk eta Batzarrek hautagaitza bateratuak bultzatu behar ditugu. Gure apustua hori da. Apustu bera egin genuen 2007an, 2003an eta 1999an.

Hala ere, jada sendotuta dagoen koalizio batean, ez al du mesfidantza eragiten NaBairekin lehiatzeak?

Galdera erraza da. Beran, Lesakan edo Leitzan NaBai martxan jartzeko borondate bera al dute?

PSNrengana hurbiltzeko premia proposatu duzue. Hala ere, legealdi hasieratik PSNk UPNren ia-ia politika guztiak babestu ostean, hori benetan posible da?

Aldaketa bermatzeko eta errazteko PSOEren oinarri soziala irabazi behar dugu. Kritika zorrotza egiten diogu PSOEri, eskuineko gobernua sostengatu duelako. Hori argi dago. Gai batzuetan elkarrekin indarra egin ahal dugu -Transexualitatearen legea, gizarte zerbitzuak, osasuna...-. Horrek ez du esan nahi Batzarrekook PSNri kritika murriztu behar diogula, ez. Baina aldaketarako B planik ez dagoela diogu. Horregatik, bere oinarri sozialerantz gerturatze estrategiko bat egin behar dugu. Bestela, aldaketa ezinezkoa da. Aldaketa politikoa ez da inprobisatzen. Udaletan eta parlamentuan lan bateratua egin behar dugu, PSNri kritika zorrotza egitea ukatu gabe.

Haatik, NaBaiko oinarri sozialak mugimendu hori ez luke ulertuko.

Bai, gaur, aldaketa hori nahiko urrun ikusten dugu. NaBairen ardura ere bada, baita PSNrena ere.

Ezker abertzaleak azarotik hona hainbat urrats egin ditu, eta bide soilik politiko eta demokratikoen aldeko borondatea agertu du. Nola ikusten dituzu mugimenduok?

Eztabaida hori oso onuragarria da. Hala ere, 30 urteko atzerapenarekin dator eta hausnarketa hori egiteko, beste mezu batzuk sendotu behar dira. Giza eskubideen aldeko mezua politikaren aurrekoa da, eta, horiek ez badira argitzen, zertarako egin politika? Zertarako herri proiektua pertsonen proiektua ez badugu? Hutsune hori ikusten dugu ezker abertzalearen mugimenduan.

Duela gutxi, zuk Nafarroako Biktimen Legearen alde bozkatu izanak, hautsak harrotu zituen. NaBaiko beste 11 parlamentariak abstenitu egin ziren, legeak ez dituelako aintzat hartu beste biktima batzuek. Ulergarria al da zure botoak mesfidantza eragitea?

Ez. Batetik, EAEn onartu zen legea eta Nafarroan onartutakoa antzekoak dira, eta han abertzaleek alde bozkatu zuten. Bestetik, Mikel Zabalza, Gladis Del Estal edo German Rodriguez legetik at uztea injustizia bat da, baina hori ez dugu beste injustizia batekin ordaindu behar. Neurri etikoa eta humanoa izan behar dugu. Ezkertiarrok eta abertzaleok historian beste alde batera begiratu dugu ETAren biktimen sufrimenduaren aurrean. Mugarria izan behar zuen legeak, eta horregatik alde bozkatu dugu.

Lege horretan hezkuntza arloan Nafarroako Gobernuak urtero plan bat proposatuko die ikastetxe publikoei eta kontzertatuei, eta hori onartzen ez dutenei laguntza publikoak kentzeko aukera jasotzen du.

Parlamentuko batzordean bozkatu zenean, Legearen artikulu guztien artean bakarrik horri (16.a) kontrako botoa eman nion. Hezkuntza arloan horrelako testigantzak eta mezuak ematearen alde gaude, baina derrigorrezkoa izatea ez dugu ondo ikusten.
BERRIA

No hay comentarios: