sábado, 8 de mayo de 2010

HERRI URRATS 2010

Euskararen eta ikastolen aldeko ohiko hitzordua maiatzaren 9an ospatuko da Senpereko aintziraren inguruan. Seaskarentzat diru iturri garrantzitsua izateaz gain, Herri Urrats euskal sorkuntzaren bizitasuna zuzenean preziatzeko aukera paregabea dugu.

Herri Urratseko 27. edizioa ospatuko da aurten, antolatzaileen baikortasuna erakusten duen "Euskara mihian, irria begian" lelopean.

Usaian bezala, ateak 10:00etan irekiko dira eta beste behin ere euskaltzaleek ikastolak diruz laguntzeko parada izanen dute, Senpereko aintziraren inguruan hainbat kultura eta sukaldaritza hitzorduz gozatzen duten ber. 2010eko Herri Urratsen bilduko diren etekinen parte handi bat Lekorneko eta Itsasuko ikastola berrien eraikitzeko erabiliko da.

Herri Urrats-ek emanaldi andana baten ikusteko parada eskaintzen du. Urtero bezala, gai berezi bat hautatua izan da animazioentzat. Aurten, Pirinioetako dantzak eta kantuak izanen dira protagonistak. Horrela, Kataluniako, Hérault edo Okzitania aldeko talde batzu etorriko dira ibilbideko gune desberdinetan aritzeko. Horiekin batera, Euskal Herriko hainbat talde ikusten ahalko dira ere, noski.

Mikel Hats eta Bostgehio taldeek kantatzen dute aurtengo kantu ofiziala (Musika : Bosgehio eta Mikel Hats - Hitzak : Eztitxu Oillarburu). Kantu hori www.herriurrats.com webgunean entzun daiteke eta hitzak irakur daitezke ere.

Bestalde, Bostgehiok Nafarroa gunean kantatuko du 10:00etan eta Mikel Hats-ek jendea dantzan jarriko du 12:00etan Lapurdi gunean.

Senperen ikusten ahalko diren beste taldeen artean, Bizardunak nafartarrak (16:30 - Araba), Anari azkoitiarra (13:00 - Nafarroa) edo Xabi San Sebastian (13:30 - Lapurdi). Ipar Euskal Herriko artisten artean, Sorotan Babies taldeak 11:30etan joko du Nafarroa gunean eta Zezenaren taldea toki berean arituko da 17:30etan. Ohiko kantugintzari dagokionez, Pil-Pil taldea 11:00etan igoko da eszenatoki gainera (Lapurdi), Jean-Michel Bedaxagar eta Mixel Arotcek 16:00etan eginen duten bezala.

No hay comentarios: