sábado, 9 de junio de 2012

USTEKABEA NAFARROAKO KATASTROAN

Egun hauetan, 2012-06-07, saiatzen ari naiz egiten argi-hornidurarako kontratua Iberdrola enpresarekin Auritz herrian. Nire harridurarako, aipatutako enpresak etxeko helbidea idazterakoan, «Avenida Roncesvalles» jarri zuen. Gaur bertan deitu dut telefonoz delako enpresara eta eskatu dut, mesedez, euskaraz artatua izateko, besteak beste, hobeki ulertua izan nendin. Inolako arazorik gabe eta berehalaxe gainera, emakumezko batek hitz egin dit oso euskara egokian; mendebaldeko euskalkiaren hitzak erabiltzen zituen sarritan.
Kontua da, nire eskaera egin diodanean idazteko, mesedez, Orreaga karrika, Aurizko kalean agertzen den bezala (karrika gainera, eta ez etorbidea, beraiek idatzi duten bezalaxe), enpresako langile euskaldun horrek adierazi dit inolaz ere ezin dutela aldaketa hori egin, zeren eta Nafarroako Katastroan ez baita agertzen euskarazko ordainik, hau da, soil-soilik gaztelaniazko bertsioa agertzen dela, eta beraiek Katastrora mugatzen eta makurtzen direla. Alfer-alferrik gertatu zait azaltzea Auritz herria eragin guztietarako euskal eremu barruan dagoela Nafarroako Gobernuak egindako Euskararen Legearen arabera, herriko kaleak bi hizkuntzetan agertzen direla idatzita, Aurizko Udalak hitzarmen bat duela sinatua Euskaltzaindiarekin euskara bultzatzeko, nire Nortasun Agirian ere Orreaga karrika euskara hutsean idatzita ikusi ahal dela, eta abar, eta abar. Nire ahalegina guztiz antzua izan da, nahiz eta langilea euskalduna izan.
Eta orduan, non dago gakoa? Zergatik ez da agertzen euskararik Katastroan, Auritz Euskal Eremuan egonda ere? Nork zentsuratu du? Nor izan da iruzurgilea? Nik uste dut erantzuna zeharo argi eta garbi dagoela: Nafarroako Gobernuak hitzez hitz jarraitzen du betetzen gaur egun oraindik ere, 1512an Gaztelako errege konkistatzaile eta bortxatzaileek hasitako inposizioaren lana.
Eta, nork betearazi beharko dio Nafarroako Gobernuari bere legea, oso txarra bada ere, aldatzea lortzen ez den bitartean? Alderdi politikoek? Euskaltzaindiak? Udalek? Gizarte osoak, oro har? Denon artean, segur aski. Ni dagoeneko jarri naiz harremanetan Aurizko alkate jaunarekin, ikusteko zer egin eta nola presiona daitekeen lortzeko helburua, baina ez Auritzerako bakarrik, baizik eta Nafarroa Garai osorako, kasu honetan.
Xanti Begiristain Madotz (GARAn)

No hay comentarios: