Kurdueraz irakatsi ahal izango da lehen aldiz Turkiaren mendeko Kurdistango
eskoletan, herrialdeko Lehen Ministro Recep Tayyip Erdoganek asteartean adierazi
zuenez. Bere hitzetan, neurria "pauso historikoa" da eta eskola batean
aplikatzeko gutxieneko ikasle kopuru batek eskatu beharko du. Hautazko gaia
izango da.
Kurduen eskubideen inguruko eztabaida gai sentibera da Turkian zenbait
kazetarik nabarmendu dutenez, Konstituzioak berak debekatzen baititu oinarri
etnikoen erakunde politikoak. Azken urteotan aurrerapen batzuk egin dira.
Adibidez, unibertsitatean kurdueraz irakastea baimendu zuen Turkiako Gobernuak
2009an. Europako Batasunak behin baino gehiagotan eskatu izan dio Turkiari
herrialdeko gutxiengoen eskubideak urratzen dituzten legeak molda ditzala, baita
arrazismoaren aurka indar gehiago jar dezala ere.
Iraganean, politikari kurduek beren hizkuntzan publikoki hitz egin izanak
iskanbila ugari sortu izan ditu. Adibidez, 1991n Leyla Zanak Turkiako
Legebiltzarreko zina bere ama hizkuntzan egin zuenean. Joan den hilabetean,
Zanari hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote PKKren propaganda egitea
akusatuta.
Kurdistan kurduen estaturik gabeko nazioa da, Turkiaren, Iraken, Iranen,
Siriaren eta Armeniaren artean banatua. Turkiako herritarren %20 dira kurduak
eta azken 30 urteotan PKK eta Turkiako armadaren arteko gatazketan hildakoak
milaka dira.
ARGIA
No hay comentarios:
Publicar un comentario