lunes, 25 de junio de 2012

EAJren ETA EHBren GORAKADA ULERTZEKO 8 GAKO


Abertzaleentzako emaitza bikainak espero dira hurrengo hauteskundeetan. Bai EAJrentzako, baita EHBrentzako ere. 198otik lehenbiziko aldiz, bi alderdi abertzaleak lehenengo eta bigarren izango dira, sozialisten eta kontserbadoreen aurretik. Baina, zergatik da hain ziurra bi indar abertzaleen igoera? Jarraian hori ulertzeko 8 gako, 4 EHB eragiten dutenak, 3 EAJ eragiten dutenak eta 1 biei eragiten diena.
  • 1. Politikari profesionalik ez (EHB)
EHBren hautagaia ez da izango urteak politikan daramatzan pertsona bat. Espainian, eta Euskal Herrian ez da urrutiko ibiliko, klase politikoa langabeziaren eta arazo ekonomikoen atzetik dagoen kezka da. “Denak berdinak dira, haien interesak lehenesten dituzte”. Azken hamarkadetan politikariek izan duten irudi txarrena dute gaur egun. M22an ikusi zen bezala, Bilduko hautagai ezezagunek emaitza bikainak lortu zituzten. Ahoz ahokoak lagunduta ezagutu zituen jendeak, ez komunikabideetan haien leloak ehunka aldiz errepikatzearen ondorioz. Politikan sekula aritu ez diren pertsonek sinesgarritasun handiagoa dute eta “profesionalei” zigor moduan ere ikus daiteke.
  • 2. Alderdien arteko batuketa (EHB)
EHBk bost alderdi politiko ordezkatuko ditu. Alderdi interesen gainetik bat egiteko gai izan diren pertsonak dira. Bost alderdien orbitan egon diren pertsonei bozka nora joan argi uzten die, ez baitago botoa desmobilizatzen duen ñabardura ezberdinez osatutako alderdi andana. Ezkertiar eta abertzaleak batuta mantenduko dira. Alternatiba bezalako alderdi batek, Oskar Matute buruz, abertzaletasunetik urrun baina ezkertiar peto-petoak direnen botoa hurbildu dezake.
  •  3. ETAren amaiera (EHB)
Ezker Abertzaleak gizarte sektore zabalen errefuxamendua izan du urte luzez, ETAren jarduera estigma izan baita. Behin hori amaitutzat emanda, herritar askoren konfiantza berreskuratuz doa. ETAren arazoa gaindituta, gertatu den moduan, EHBren bozkatzaile potentzialak zabaldu egin dira.
  • 4. Ezkerreko erreferentzia bakarra (EHB)
Krisi kapitalista konpontzeko hartu omen diren neurri neoliberalek sumindura eragin dute gizartean. Eskuinaren errezetak inposatu dira Europan, mozketak eta pribatizazioak. Ezkerreko ikuspegiak kaleak bete ditu, Martxoaren 29ko Greba Orokorrean kasu. Une honetan, PSEk, Zapateroren eta Lopezen agintaldietako neurriekin, ezkerreko kutsua erabat galdu du eta hori transmititu du; ez dela ezkerreko partidua, boteretsuen interesen pean dagoela. EHBk, diskurtso ezkertiarra garatu du, Irtenbidea proposamena egin du eta gizarte alorreko aurrekontuak zaindu ditu Gipuzkoan. Zehatz izanda, eskuinekoa denik ikustarazi ez duen indar bakarra da. Momentu honetan EHB da ezkertiarrentzako duten aukera garbiena.
  • 5. Krisia kudeatzeko erreferentzia (EAJ)
EAJk krisiaren latzenean ez du Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa eraman. Ez du bere irudia higatu, PSOErena eta Rajoyren PPrena bezain beste. 2009 urtea baino lehen EAEk alor ekonomikoan izan zituen arrakastak EAJren merituz ikusten dituzte askok. 80ko hamarkadan ere, langabezia egoera muturrekoan, EAJren Jaurlaritzak arazoak gainditu ahal izan zituen.
  • 6. Bilduri aurre egiteko alderdia (EAJ)
Ezker abertzaleak azken bizpahiru urteetan irudia hobetu du, zentzu guztietan. Hala ere, beldurraren diskurtsoak EHB ahul uzten du zenbait gizarte esparrutan, batez ere abertzale ez direnen artean. EHBk oraindik ere, neurri batean, topikoak ditu itsatsita: “aurrerapenaren aurka daude”, “dena geldituko dute”, “ez dute ezer egiten”, “erradikalak dira”… EHB Jaurlaritzan izateko beldur dutenek EAJn dute hori ez gertatzeko irtenbide eraginkorrena. Hala, PP eta PSEko bozka asko EAJra joan daitezke EHB gelditu eta, bide batez,  ”itun lasaia” lortzeko, marko politikoa eztabaidatik baztertuko duena.
  • 7. Urkullu: hitzak serio (EAJ)
Iñigo Urkullu lehendakariagaiak hitzak neurtu egin ohi ditu. Ez da muturreko adierazpenen zale, sukalde lana garrantzitsuagoa dela irudikatzen du bere irudi serioarekin. Inkesten arabera, EHBko hautagaiaren faltan, 5 nota gainditzen duen politikaria da. EAJkoak ez direnen artean ez du irudi erasokorra, eta, ondorioz, hari bozka emateko aukera zabaldu egiten da komunitate jeltzalearen kanpoan dagoen jendartera ere.
  • 8. Espainia markaren gainbehera (EHB eta EAJ)
Abertzaletasunaren erakargarritasun handiena, une honetan, Espainiaren gainbehera politiko eta ekonomikoa da. Orain arteko tesi abertzaleak defenditzetik urrun ibili direnak “Espainian ondo gaude” diskurtsoarekin, ikusten ari dira EAE kanpoko eragileen ondorioz ondoratzen ari dela. Autonomismoaren edo independentziaren argudioei ekonomikoa gehitu zaie inoiz baino indar handiagoz.

Joseba Uria (zuzeu.com)

No hay comentarios: