Duela 16 urte, hilabete bat eta 10 egun hasi zen dena, hausterre egunean. Iruzur honetako aktoreek argi zuten. Nola edo hala, irabazi egin behar da. Boterea, dirua, influentzia, adiskidekeria, finean, mundua mugitzen duena dugu jokoan. Guk, inozoak, askatasunerako aukeren garaia zela uste genuen, ameslariak gu! Botereak bere makineria guztiarekin lapa bezala heltzen dio besaulkiari. Oihu batzuk egiten uzten dizute, beste pixka bat manifestatzen, baina haiek hor daude. Haien idazlariek gidoia prestatzen dute, fariseuak azpikerian aritzen dira eta zenturioiek burutzen dute.
Bitartean, nafar talde ugariarekin batera (horien artean hainbat tafallar) intsumisioarekin hasitako «erruztatu arriskutsu, berrerorle eta ez damutuek» bi urte luzeko espetxe zigorra pairatu zuten. Baina soldadutzaren indargabetzearekin lehen garaipena lortu zuten. Nor oroitzen da hartaz? Pairatu zutenak, beste inor ez. Norbaitek eskertu al zien? Hori denborarekin etorri zela diote. Baina haiek (botereak) ez dute ahazten eta beren kronika beltza eta beren arriskutsuen zerrendak idazten jarraitzen dute. Noizean behin isun bat, beste bat, lau gehiago egun berean, beste lau eta gaizki begiratzen bagaituzu erasotzen diguzu... Eta urteak aurrera doaz. Ikararen urte zailak datoz eta eskarmentua behar dute. Eta hartu zerrenda. Egiak ez du inporta; beldurra, gorrotoa eta mendekua ezartzeak axola du.
Asteazkeneko egunsentian, Tafallan izua sartu eta bost gazte espetxeratze aginduarekin. Tafalla berdez jantzi da, guardia zibila kale eta plazetan. Beldurra usain daiteke. Komisaldegia, lekualdaketak, espetxea. Egina, denak gelditu ditugu! Baina ez dute ahalegin miresgarriaz iruzurra agerian uzten duten senide eta lagunen kemen eta ausardia aintzat hartzen; gezur zakarrak agerian geratzen dira, epailearen filtroa pasatzea ezinezkoa zuten eta, beraz, hilabete baten buruan etxera. Ez eraman zituzten bezala, noski, izua bizi izan baitzuten atxiloketan, beste batzuek sinetsi ez arren.
Aldi hartan eskribau, fariseu eta zenturioiek ez zuten zorterik izan, baina zain daude. Ez dute presoa aske utzi nahi. Gure garaipena den haien porrota ez dute barkatzen. Jazarpenarekin jarraitzen dute: kotxea marrazten dizut, atzerako ispiluak apurtzen dizkizut, gurpilak zulatu, Tafalla erdian, baina inork ez du ezer ikusi. «Halako batean egingo duzu salto, Sota».
Ezkontza batean parrandan egonda, hartzen saiatu eta neska-laguna atxilotzen amaitzen dute, eta bera hurrengo egunean. Heltzen zutenengandik libratzen saiatu zelako, listo! Autoritatetari atentatua eta beste epaiketa bat. Beti zelatatua, agobiatua. Horrela 16 urtez.
2011ko Nafarroa Oinezen bezpera. Tafallako presoen kartelak zintzilikatzen dituzte, hainbat gaztek hartzen dute parte eta, o, kasualitatea! bideo lauso batean udaltzaingoaren buru ohiak eta Polizia Foralak Fernando ezagutzen dute. Lortu dute!
Kasualitateak ez dira existitzen. Gidoia idatzi eta sekuentzia ezberdinak moztu eta itsasten bazoaz bakarrik muntatu dezakezu pelikula. Lehen gidoia idatzi zutenak ez ziren argiegiak eta pelikula hankamotz, sinestezina egin zuten, baina biktimaren papera hartu eta horri esker haien karrera politikoan merezimendu intelektual eta moralik gabe gora egiteko balio izan zien. Hiritargoari ez zioten ekarpenik egin, baina haiei balio izan zien: influentziak, artekaritzak, adiskidekeria eta dena etxe barruan gelditzen da. Hala ere, haien ustez ez da nahikoa, eta beren etsaitzat dutenak amore ematea nahi dute. Maila pertsonalean mila buelta ematen dizkie. Familiak, lagunek eta babesak ez diote hutsik egiten. Baina mendekua martxan da berriro ere, eta beste behin historia berean gaude.
Justiziak medio faltagatik trafikatzaile, lapur, ustel, mota guztietako erasotzaileak eta erasotzaile sexualak aske uzten dituzte. Baina, kontuz! Tafallako Nafarroa Oinezen bezperan kartel batzuk zintzilikatu omen zituen preso arriskutsua espetxeratzeko makineria guztia jartzen da martxan.
Ondorioa: ameslariak isilarazi behar dira, modu horretan ametsak isiltzen ditugulako. Ametsak ahaztean etsaiari irabazten uzten hasten gara. Politikaz beren bizimodua egiten duten politikari profesionalak.
Mª Carmen Virto Totoricagüena (Fernando Sotaren ama)
No hay comentarios:
Publicar un comentario