jueves, 8 de mayo de 2014

EUSKALERRIA IRRATIA: "IRABAZTEN ARI GARA"

Euskalerria Irratiak 45 puntu ditu. Lor daitekeen puntuaziorik handiena. Lehenengoa da zerrendan. Atzetik doaz gainerako lehiakideak.
Tarteko helmuga besterik ez da, baina 17 urte neketsu behar izan ditugu honaino iristeko. Utziguzue hortaz poza festatzen.
1998ko udaberri urrunean hasi zen lehiaketa. Epaimahaiak, lehiaketaren zortzi arlotatik lau ebaluatuak zituenean, Euskalerria Irrati honen proiektua jarri zuen puntuazioen zerrendaburu. Une hartan zuzendari nagusi batek erabaki zuen prozedura hura moztu beharra zegoela, eta bukatutzat eman zuen epaimahaikoaren egitekoa. Hortik aurrera berak bakarrik egin zuen balorazioa. Bere kasa, galtzerdiari buelta emanez, gure arerioei puntuak oparitan emanez, atzean utzi gintuen. Horixe da guztiaren muina. Denok ulertzeko moduan, zaraitzueraz emanik, ebasketa alkaizungarria.
Ordutik hona gertatua Nafarroako Parlamentuaren ikerketa batzordearen lana, Iruñeko epaileen bi sententzia, Europako adituen txostenak, Nafarroak Arartekoaren pronuntziamendua eta Madrilgo Auzitegi Gorenaren epaia, guztiak eta hamazazpi urte behar izan dira UPNren gobernuak amore eman dezan.
Denbora horretan zuzengabekeria ebidentearen aurkako borroka jokatu du UPNk gobernutik. Bere nahia, Iruñerriko euskaldunen zerbitzuko komunikazio tresna honek ez zezala erraztasunik batere izan. Ukazioa eta traba jartzen ahaltsua da, eta egoskorra, baina azkenik behartua dago sailkapenean inor baino aurrerago gaudela aitortzera eta ebaluazioaren bigarren zatia berriro egitera.
Gauzak nola ikusten ditugun galdetu diguzue: Itxaropentsu eta eszeptiko. Erdi eta erdi.
Itxaropentsu gaude, badugulako konfiantza gure proiektuan. Badakigu lehiaketara agerturiko proposamenak, bakoitzaren merezimenduen arabera juzgatuz gero, irabaziko dugula emititzeko lizentzia. Eta gure badaezpadako egoera luze honetatik beste fase sendoago batera pasatu ahal izanen garela.
Baina horretarako egon behar den baldintza da foru gobernutik zuzentasunez jokatzea. Eta hor huts egiten digu konfiantzak. Mesfidati izateko motiboak baditugu.
Erne jarraitu beharreko prozesua da datorrena. Kontu luzamenduei, erabaki beharrekoak geroko gero uzteko tentazioari.

euskalerriairratia.com

No hay comentarios: