Euskarak Nafarroan bizi duen egoera aztertu du ‘Tribuaren Berbak‘ saioak aste honetan ETB1en. Datuak orokorrean hartuta, gaur egun, Nafarroan 645 mila biztanle bizi dira eta horietatik %12 dira euskaldunak.
Baina egoera ongi ulertzeko, lehenik eta behin, legeari begiratu diote Kike Amonarrizek gidatzen duen saioan. Izan ere, 1986ko Euskararen Foru Legeak Nafarroa hiru eremu linguistikotan banatu zuen:
- Eremu euskaldunean euskara hizkuntza ofiziala da, eta biztanleriaren % 59 da elebiduna.
- Eremu mistoan euskara ez da ofiziala, baina hainbat eskubide ditu. Bertako biztanleriaren % 10 elebiduna da.
- Eta eremu ez-euskaldunean euskara ez da ofiziala eta ez du inolako eskubiderik. Biztanleriaren %2 bakarrik da elebiduna.
Horrez gainera, Nafarroako eskoletan zortzi hizkuntza eredu daudela gogorarazi behar da. Duela gutxi arte ohikoak ziren lau ereduak:
- A eredua: Irakaskuntza gaztelaniaz da eta euskara eta ingelesa irakasgai ditu.
- B eredua: Zikloaren arabera, gai batzuk euskaraz ematen dira eta beste batzuk gaztelaniaz. Ingelesa irakasgai bezala ematen da.
- D eredua: Irakaskuntza osorik euskaraz ematen da, gaztelania eta ingeleseko irakasgaiak izan ezik.
- G eredua: Ez da euskara ematen.
Hauei gehitu behar zaie, ingelesa bultzatzeko asmoarekin, azken ikasturteetan sortu dituzten beste lau ereduak: British, TIL, TIL-A eta TIL-D. Hauetan, ereduaren arabera, ikasketen portzentaje bat ingelesez egiten da.
Egoera honek eragina du noski, euskararen irakaskuntzan eta hedapenean. Paula Kasaresekin, Iruritako euskara teknikariarekin, eremu euskaldunaren egoerari buruz aritu da Kike. Berak azaldu duenez, eremu euskaldunean Nafarroako biztanleen %10 inguru bizi da. Orokorrean herri txikiak dira, 10.000 biztanlera iristen ez direnak, eta gehienek 1.000 biztanletik behera dituzte.
Horrez gainera, errealitate soziolinguistiko ezberdinak dituzten herriak direla dio. Batzuetan biztanleriaren %100 da euskalduna eta beste batzuetan portzentaje hori askoz txikiagoa da. Hala ere, azken urte hauetan, orokorrean, euskararen egoerak hobera egin duela aitortzen du.
Tokiko administrazioan eta hezkuntzan euskara nahikoa bermatuta badute ere, gabezien artean aipatu ditu osasun arloan eta merkataritzan hizkuntzak duen egoera.
Eremu mistora salto eginez, Erronkarin egin du geldialdia saioak. Han, duela hamarkada batzuk, erronkarieraz hitz egiten zen. Baina, 1991. urtean, Fidela Bernat erronkarieraz ziharduen azken hiztuna hil zenean, haren euskalkia ere desagertu egin zen. Hala ere, euskara ez da Erronkaritik desagertu, justu kontrakoa, azken urteotan indarberritu egin da.
Euskarak eremu mistoan orokorrean daukan egoera ikertzeko Koldo Colomorekin, Gareseko teknikariarekin aritu dira hizketan. Bere hitzetan, eremu misto osoan antzerakoa da egoera. Legeari dagokionez, inguru honetan euskara ez da ofiziala, baina euskal hiztunek badituzte eskubide batzuk: euskaraz ikasi ahal izatea edota administrazioarekin hizkuntza hori erabili ahal izatea. Ondoren, neurri batean betetzen dira eskubide horiek, askotan, administrazioak dituen baliabideen arabera.
Konkretuki Gareseko euskarari buruz galdetuta, ostera, XIX. mende erdian galdu zela familiako transmisioa dio Colomok, nahiz eta XX. mende hasieran euskaldun nagusiren bat topatu zitekeen Obanosen edo Utergan, adibidez. Horrez gainera, euskararen arrasto ugari, hitz ugari, gelditu dira erdaraz hitz egitean ere: zaborra, bigurria, hondarra, laia, area…
Amaitzeko, eremu ez euskaldunean 157 udalerri daude. Lodosako Ibaialde ikastolako Itziar Aizpeolea eta Arantxa Ariz irakasleek azaldu diote ‘Tribuaren Berbak’ saioari inguru hartako egoera. Euskaraz ikasteari dagokionez, ikastolan soilik dago aukera hori. Eskola publikoetan B eredua ematen dute, baina ez omen da haur asko joaten. Eta DBHra iristen direnean Lizarra aldera jotzea beste erremediorik ez dute izango. Euren ikastolan, adibidez, 62 ikasle dituzte eta zazpi herritatik joaten dira haurrak ikastera: Lodosa, Mendabia, Sartaguda, Andosilla, San Adrian, Pradejón (Errioxa) eta Alcanadre (Errioxa).
Kaleetan, aldiz, euskara gutxi entzuten den arren, gero eta espazio gehiago egiten dela diote. Eta horrek aurrera jarraitzeko ilusioa ematen omen die.
Hizkuntza eremuak alde batera utzita, euskararen aldeko mugimendu ugari daude Nafarroan ere. Euskalerria Irratia da horietako bat. Euskara hutsean emititzen dute 91.4an eta, Juan Kruz Lakasta kazetariak kontatu duenez, lizentziak berritzeko arazoak izan dituen arren, eta Nafarroako Gobernuaren aldetik diru-laguntzarik jasotzen ez duen arren, aurrera jarraitzen dute.
Agurtzane Aramendi, Euskara Kultur Elkargoan
No hay comentarios:
Publicar un comentario