martes, 18 de marzo de 2014

KOONSPIRATZEKO GUNE BAT

Joxean's hil eben erdimetraia aurkeztu zuten lehengo egunean Iruñean. Satira politiko libertigarria eta Euskal Herriko historiari buruzko eskola eroa, zonbi eta banpiro istorio baten bidez kontatua. Lan ustez serio franko baino hagi-tzez didaktikoagoa. Irribarrez ikusten da, eta tarteka-marteka, tripak lehertzeko moduko irriak ateratzen. Euskaraz ere B serieko zinema gore eta martzianoa egin daiteke. Beñat Iturriotz eta Xabier Padin hernaniarren lan hau, kasurako. Baina orain arte ez dugu hemen ikusteko aukerarik izan. Euskarazko kultur ekoizpenaren zati handi batekin horixe gertatzen zaigu: Iruñera ez etortzen. Udaleko Euskara Zerbi-tzuaren aurrekontu gero eta urriagoak eta zenbait talde borondatetsuren ekimenak begiratu gaituzte, azken urteetan, zirkuitu guztietatik kanpo gelditzetik. Miseriatik ez urrun, hala ere. Bilboko Kafe Antzokiaren gisako bat amestu dugu, euskarazko kultur eskaintza urria berdinduko zuena. Horretarako, ordea, ez aski hemengo euskaltzaleon dirua, indarra eta/edo antolatzeko gaitasuna. Kafe Antzokirik gabe gaude beti. Ordainean, Katakrak dugu orain. La hormiga atomica-ren ondorengoak lehengo Eguberrietan aldatu ziren Karrika Nagusiko beren oraingo egoitzara. Liburu denda arrunta baino zerbait gehiago izanen zela hitz eman ziguten orduan. Espektatiba hoberenak hautsi ditu honaino egin duten ibilbideak. Sar haien web orrian, begira aste honetarako edo hurrengorako prestaturik dauzkatenak. Katakrak-ek badu kafetegi atsegin bat, baina gure hiriburuan ez dira falta kafetegi atseginak. Baditu bi solairu liburuz beteak. Ez nuke erranen Iruñean bakana denik. Gizarte eta kultur mugimenduari eskaintzeko eta eskaintza propio bat sortzeko borondateak bereizten du espazio hau. Konspiratzeko gune bat sortu dutela diote. Zoazte hara, zuek ere bai, konspiratzera.
Aingeru Epaltza (Diario de Noticias)

No hay comentarios: