martes, 16 de septiembre de 2014

INTERNETEN EUSKAL NORTASUNA IKUSGAI IZATEKO AUKERA ZABALDU DA

Zabalik dago jada .eus domeinu izena eskatzeko epea. Abiarazte aldian fase bat zabalduko da azaroaren 18ra arte, batez ere elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinuei bideratuta. Jasotako eskaerak abenduaren 3an aktibatuko dituzte, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, eta hortik aurrera fase irekia edo erregistro orokorra zabalduko dute.

Prozedura Josu Waliño PuntuEus Fundazioaren zuzendariak azaldu zuen atzo, Bilboko Kafe Antzokian izandako agerraldi batean. Zehaztu zuenez, azarora arteko fase honek domeinu izenak eskatzeko eta babesteko balioko du, ICANNekin hitzartutako irizpideetan oinarrituta. Izan ere, eskaerak ez dira berehala aktibatuko eta abenduaren 3ra arte itxaron beharko dute. «Hau horrela da ICANNen protokoloak horrela markatzen duelako beharrezkoa den izenen babeserako, edonor ez iristeko beste norbaiti dagokion izen bat ordezkatzera», argitu zuen Waliñok.

Horretarako, lehentasun irizpideak finkatu dituzte: marka erregistratuak, domeinu izenen blokeoa, interes publikoa, tokiko markak eta erregistro librea. Erregistratuta dauden izenei automatikoki esleituko zaie domeinua eta babesa, ondoren lehentasuna izango dute udalerriek eta instituzio publikoek izen geografikoen kasuan. «Bilbo.eus erabiltzeko Bilboko Udalak izango du lehentasuna Bilboko Kafe Antzokiaren aurretik», jarri zuen adibide gisa.

Behin baino gehiagotan gertatzen da izen berberarekin eskaera ezberdinak jasotzea. Gatazka horiek konpontzeko, jarraitu beharreko protokoloa badutela zehaztu zuen Waliñok. Nabarmendu zuenez, «helburua da domeinu izen guztiak bere jabe legitimoari ematea, ez etortzea inor ez dagokion domeinu bat eskuratuta». Prozesua abian jarrita, urte bukaerarako 2.000 domeinu aktibatzea espero dute, eta 5.000 inguru urtebetean.

Eskaera egingo dutenak
PuntuEus Fundazioak ondoan izan zituen domeinua eskatuko duten eragileetako hainbat, besteak beste, EHU. Iñaki Goirizelaia errektore eta PuntuEus Patronatuko kideak abiarazte aldia iragartzeko prentsaurrekoan hartu zuen parte. Esan zuenez, «ibilbide luzea izan da eta zailtasun asko izan ditugu, baina orain hori amaitu da eta hemen egoteko aukera edukitzea .eus erregistratzeko guretzat oso berri ona da».

Interneten .eus abizena izango duten beste batzuk ere izan ziren atzo Bilbon: Itxaso Compañon Compañon Arrieta upategiko arduraduna, Matxalen Ziarsolo Bera Bera eskubaloi taldeko kapitaina, Aines Dufau Ikas euskal pedagogia zerbitzuko arduraduna eta Jose Antonio Garcia Zumartian plataformako kidea.

Edonork eska dezake eta erregistratzea erraza da
Dagoeneko, edonork erregistra dezake .eus domeinu izen bat, .com, .es edota .can egiten diren bezala. Atzo euskal domeinuaren bultzatzaileek nabarmendu zutenez, zazpi urteko ibilbide zailaren ondoren, argi dago euskal komunitatearen .eus domeinu izenaren «beharrezkotasuna eta erabilgarritasuna». Horregatik, enpresa, erakunde eta norbanakoak animatu zituzten eskaera egitera eta erregistratzeko eman beharreko pausoak argitu zituzten.

Eskaera egin nahi duenak www.domeinuak.eus webgunean sartu behar du, eta domeinua eskuragarri dagoen konprobatu. Domeinua eskuragarri egonez gero, pantailan agertuko diren erregistradore ezberdinen artean aukeratu behar du erabiltzaileak. Urtean ordaindu beharreko prezioa erregistradore bakoitzak jartzen du eskaintzen dituen zerbitzuen arabera (.eus posta elektronikoa, DNSren kudeaketa, web espazioa, laguntza...

Nerea Goti (GARA)

No hay comentarios: