martes, 3 de junio de 2014

GEROA BAI-K GERORIK BAI?

Lehengo asteko bozetan EAJk 5.400 boto eskuratu zituen Nafarroan. 2009koetan baino 1.800 gehiago. Euskal abertzaletasun historikoak, beraz, %50eko gorakada izan du, batetik bertzera. Hala ere, bazterreko indarra izaten segitzen du herrialde honetan. Boto-emaileen %2,5. Europarako hauteskundeak eskasak izan ohi dira indar abertzaleendako. Beren zaleak hautestontzietara ekartzen lanak. Alabaina Bilduk asmatu du oraingoan, "aldaketaren lehen urrats" izendaturik maiatzaren 25eko hitzordua. Bitartean, EAJk Europaren garrantziarekin lokartzen zituen masak. Gero, Sestaoko alkate lepenista etorri zen, eta burukide jelkideen kudeaketa negargarria. Adio boto aurrerazalea. Geroa Bai koalizioak, EAJ barne, 42.400 boto bildu zituen 2011ko hauteskunde orokorretan. Orain jelkideek halako 8. Sabino Aranak sortutako alderdia Geroa Bairen zortzirena ote? Seguru aski ez, baina datuak argitzen du nora jotzen duen koalizioaren orain arteko boto-emaile gehienen gogoak. Lehengoan, EAJren boto txartelari muzin egin zioten gehienek. Batzuk etxean gelditu ziren. Bertzeek aterpe berrietara jo zuten, gehienbat Podemos-era. Jauzi mortala behar luke so-egile mioperen batek "eskuin abertzalea" deitu duen batasunetik ezker muturrekotzat jo izan den indar politikora egiten denak. Ez halako ez horrelako diren seinale. Itxura guztien arabera, Podemosek zer esana ematen segituko du hurrengo hilabeteetan. Izena eta izana handiturik ailegatuko da 2015eko hauteskundeetara. Ikusteko dago Geroa Baik gauza bera egiten duen. Joan zaizkionak berreskuratzea duke lehen lana. Ez zaio ikusten hainbateko bizitasunik. Geroa Bai absente dago albistegietako portadetatik, karrikako mugidetatik, eztabaida politikotik. Kanpotik, bederen, bizi konstante kezkagarriak ageri ditu euskaltzale eta aurrerazale nafarren koalizioak.
Aingeru Epaltza Diario de Noticias-en

No hay comentarios: