martes, 23 de diciembre de 2008

NAFARROA OINEZ ZARAGOZAN

Heldu den urteko Nafarroako ikastolen festaren aurkezpenean Andra Mari ikastolako arduradunek nabarmendu zuten ospakizunarekin batera, 2009ko Nafarroa Oinezen bere biziko garrantzia izanen zuela Txikiak handi proiektuak. Egitasmo horren bidez Sakanako ikastolak Europako hizkuntza gutxituen errealitatea ezagutzera eman nahi du eta, aldi berean, haien aldeko aldarrikapena egin eta, bide batez, elkartasun sarea sortu.
Txikiak handi proiektuaren barruan, aurreko asteazken eta ostegunean, Nafarroa Oinezeko antolatzaileak, Argiñe barne, Zaragozan izan ziren. Aragoieraren normalkuntzaren alde lan egiten duen Nogara elkarteak luzatu zion gonbitea. Aragoiko hizkuntza eta kultura sustatzea du helburu elkarte horrek. Aurretik bi erakundeek bazuten hartu eman bat baina pasa den astekoak bi errealitateen berri izateko balio izan zuen.
Nafarroa Oinezeko antolatzaileak Zaragozan zirela baliatuta Nogarak aragoieraren aldeko beste erakunde batzuk gonbidatu zituzten eta, Nafarroa Oinezeko ordezkariekin batera, topaketa egin zen asteazkenean. Han izan ziren aragoieraren akademiako ordezkariak, aragoieraren aldeko gurasoen elkarteko ordezkariak eta hango hizkuntzan lan egiten duen antzerki talde bateko kideak ere.
Andra Mari ikastolako kideek ikastolen mugimenduaren eta Etxarri Aranatzen dagoen ikastolaren historia, egitasmoa eta filosofiaren berri eman zieten aragoiarrei. Horretaz gain, Txikiak handi egitasmoaren argibideak ere eman zituzten. Bukaeran Aragoikoek hainbat galdera egin zizkieten sakandarrei. Horrek bide eman zuen bi hizkuntzen egoera soziolinguistikoaren berri izateko. Sakandarrek, adibidez, jakin zuten Aragoin hiru hizkuntza hitz egiten direla (gaztelania, aragoiera eta katalana) edota hizkuntzen lege duin bat aldarrikatzen dutela aragoieraren aldeko erakundeek.
Guaixe-Sakana

No hay comentarios: