lunes, 19 de abril de 2010

NOR ETA......ZARRAKAZTELUKO EUSKARA TALDEA

Hilabete honetako testua ezberdina da, ez da ohiko elkarrizketatxoa; oraingo honetan, Zarrakaztelun euskara ikasten dagoen taldea da plazaratzen duguna. Beraiengandik atera zuen ideia eta gogoz bete dute artikulutxo hau. Olatz Arruti da beren irakasle jator eta prestua. Bejondeiela guztiei! Eskertzekoa da, zinez, euskarak hainbeste eraso jasotzen duen lurralde honetan halako jende gogotsu eta saiatua topatzea. Eutsi gogor, gaurko hazia bihar loratuko da eta!

Jende ezberdinez osatutako talde bat gara, baina euskeragatik bateratuak eta gure ilusioak bultzatzen gaitu artikulu hau idaztera.

2009 ko irailean talde bat bildu ginen, euskara ikasi nahi genuelako. Faluri eskerrak -Zarrakazteluko euskaltzale sutsua- Olatz ezagutu genuen. Olatz Zarautzekoa da, baina Santacaran bizi da. Euskarako irakaslea da eta irakatsi ahal zuen.

2009 ko urrian hamaika pertsona hasi ginen. Gero batzuk joan ziren eta besteak etorri. Orain bederatzi gaude. Hogeitalau eta berrogei urte bitartean dauzkagu. Gehienak Zarrakaztelukoak gara, baina inguruko herrietakoak ere etortzen dira: Figarol eta Murelukoak.

Gure inguruan euskera asko dagoela konturatu gara. Zarrakaztelun mendi bat dago, Larrate du izena eta izen hau euskalduna da. Hau bezala, beste asko. Inguruko herritarrek ere abizen euskaldun asko dauzkate.

Beti izan dira Zarrakaztelu inguruetan euskera mantendu nahi izan duten taldeak. Zarrakaztelun bertan ohitura euskaldunak mantentzen dira. Adibidez, abenduaren 24an Olentzero ospatzen dugu. Urtean-urtean pertsona gehiago etortzen dira inguruko herrietatik ospakizun honetan parte hartzera.

Duela hogei urte euskara klaseak hasi ziren Zarrakazteluko eskolan. Halere, hemen oso zaila da euskeraz ikastea eta hitz egitea, jende askok politika eta hizkuntza nahasten ditu eta. Ondoko herrietan ere egoera berdina da: jende gutxik hitz egiten du euskeraz eta jende gutxi joaten da euskera ikastera. Baina poliki-poliki eta pazientziarekin hurrengo belaunaldiak euskerarekin irekiagoak izatea lortuko dugu.

Etorkizunari begira, hurrengo urtean euskera klaseekin jarraitu nahi dugu eta jende gehiagori adorea eman euskera ikasteko. Horrela, denok afariak egin ahal ditugu eta hizkuntza praktikatu.

Orokorrean, euskal kultura landu nahi dugu: dantza taldea osatu, Sagardo Eguna antolatu eta Euskararen Eguna ere bai, Faltzesen bezala. Aurten ez dugu denborarik Euskararen Eguna prestatzeko eta oraingoz, ideaiak bilatzen ari gara. Udaletxearen eta beste erakundeen laguntzarekin gauza asko lortu ahal dugu.

Hona Zarrakazteluko euskera ikasleen aurkezpena. Urtebete ere ez dugu egin euskera eskolekin eta jada badira beraien gorabeherak kontatzeko gai. Hauen geroak ez du batere itxura txarrik.

Ni bezalako zarauztar batentzat liluragarria da hain aspaldian euskera galdua duten herrian halako talde gogotsua topatzea, galdutakoa berreskuratu nahian. Gelan ere, denak ikasteko irrikitan agertzen dira, bakoitza bere zergaitiak bultzatuta.

Taldeko zenbait duela hainbat urte hasi ziren euskera ikasten: batzuk Zarrakazteluko eskolan; besteak, zaharragoak izanik, beraien kabuz antolatutako eskoletan. Denek euskera ikasketak bertan behera utzi behar izan zituzten, ordea, batez ere irakaslerik ezin zutelako topatu. Hauxe da hemen inguruan euskera ikasteko eragozpen haundi bat. Bestea, mintzamena lantzeko zailtasuna da, gelatik kanpo ez baitago euskeraz hitz egiteko aukera haundirik.

Hizkuntzaz gain, euskal kulturaren hainbat arlo jorratzen dituzte nire ikasleek eta beste zarrakazteluar askok ere. Badira dultzaina joleak, dantzari ugari eta baita euskal giroan ospakizunak egiteko prest dagoen jende asko ere. Garbi dago herria euskalduntzekotan dabiltzala!

Lan honetan indartsuen dabilena gure Falu da eta denok eskerrak eman nahi dizkiogu azaltzen duen grinagatik. Bere esfortzuari eskerrak elkartu ginen euskera ikasteko, dantza egiteko, afari euskaldunez gozatzeko...Oraindik ere buru belarri dabil euskal munduarekin erlazionatutako ekintza berriak antolatzen eta badirudi berean jarraitzeko asmoa duela Zarrakaztelu euskaldundu arte.
La Voz de la Merindad

No hay comentarios: