jueves, 29 de abril de 2010

"MAIATZAREN 15.EKO MANIFESTAZIOA HISTORIKOA IZATEA NAHI DUGU ETA LORTUKO DUGU" DIO NAFARROAKO TOPAGUNEKO OSKAR ZAPATAK

...........................................
Maiatzaren 15eko manifestazioa euskalgintzak deitzen du. Zer esanahi du horrek?

Kontseiluko hainbat bazkideen ekimenetik atera den arren, hastapenetik, protagonismoa eta ardurak konpartitzeko desioa egon da beraz, behin leloa eta data adostuta Nafarroako euskal unibertsoa osatzen duten erakunde eta norbanakoei deia egin genien manifestazioa bere egin zezaten. Asko eta asko dira aldeko erantzuna eman dutenak. Beraz manifestazio hau Nafarroako euskalgintza osoaren bat egitetik artikulatu da. Eta, “Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea” aldarrikapena bere egiten duten herritar guztiona da, euskaldun, euskaltzale zein eskubide hori beratzat erabili nahi ez badu ere, besteentzat bermatzea bidezko ulertzen duen guztiona.

Une honetan Euskal Herriko herrialde guztietan euskarak atzerapen egoera bizi du. Maiatzaren 15ekoak egoera orokor horri erantzuten dio?

Egia aitortzera, Nafarroako egoerari erantzuteko ekimena da. Fokea hor jarri nahi izan dugu. Deiatzaileak Naparrak gara, interpelatzen ditugun agenteak Naparrak dira eta leloak Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Garenetik eta izan nahi dugunetik egiten dugu deialdia eta beste batzuentzat ere bide erakusle bada, ona izango da.

Hainbat inguru sozialetan entzuten da euskal mundua asegaitza dela, alegia, edozer eginda ere kexu agertzen garela beti. Nafarrak ba al dugu zertaz kexaturik?

Asegaitzak? Oinarrizko eskubideen aldarrikapenean ari gara: nahi dugun eta sentitzen dugun hizkuntzan bizitzeko eskubidea berma dakigula eskatzen dugu soilik. Oinarrizko eskubide hori egunero praktikan jartzen saiatzen ari gara eta trabak aurkitzen ditugu behin eta berriz. Batzuetan eskatu egiten dugu (oraingoan egin dugun modura), baina sortzen eta eraikitzen ere ari gara eta hori kontuan hartu beharrekoa da.

Topaguneko bazkideok aurten egin dugunaren zerrendari begiratu diezaiogun: haur eta gazteentzako asteburuetako aisialdi proiektuetan 200 gazte baino gehiago parte hartzen ari dira, Mintzakiden 400 inguru, 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu ditugu herriz herri, ehunka haur eta gazte biltzen dituzte, klasez kanpoko jarduerak eta udako kanpaldiak antolatu ditugu, komertzio euskaldunen identifikazioa eta gizarteratze lanak bideratu ditugu, sentsibilizazio tailerrak sortu eta dagoeneko ematen hasi gara,... Boluntarioek egiten duten lanaz gain, zenbat teknikari, begirale, koordinatzaile kontratatu behar dira proiektu horiek ongi eramateko?

Horrelako proiektuak besteak beste, ekonomikoki laguntzeko Nafarroako Gobernuak aurten 32.000 euro banatuko ditu.

Euskarabideak zuzendari bat, bi zuzendari-orde, zerbitzu burua, ez dakit zenbat teknikari eta administrari ditu, zenbat eta 32.000 euro banatzeko kultur eta aisialdi jarduerak antolatzen ditugunen artean

Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea” da leloa. Zertan gauzatu behar da eskubide hori?

Zertan gauzatzen dira gaztelaniadunenak? Horietan berberetan. Modu progresiboan bermatzen joan behar direla? Ados. Eskubide berdintasuna besterik ez dugu eskatzen. Horretarako Gaztelaniak duen estatus ofiziala euskarari ere aiotrtu behar zaio. Mendigorrian gaztelania ikasteko eskaintza publikoa badago, euskaraz ikastekoa ere egon behar da. Diputazioan gaztelaniaz hartatua izateko eskubidea badago, euskaraz izatekoa ere egon behar da. Gaztelerazko kultur eta aisialdi eskaintza oparoa badago (administraziotik lagundua eta sortua), euskarazkoa ere bermatu behar da. Euskarazko hedabideek gaztelerazkoak dituzten erraztasun berdinak izatea eskatzen dugu. …eta horrela hamaika adibide, hamaika arlotan.

Pertsonon eskubideez ari gara, politikaren aurretik dauden eskubideez. Pertsonak gara betebeharrak eta eskubideak ditugunak, pertsonak gara diskriminazioa jasotzen dugunak. Nafarrak gara betebehar berdinak izanik, euskaraz egiteko hainbatetan eskubidea ez dugunok. Hori diskriminazioa da, lege gaizto batek areagotzen duena. Eta Gobernuak modu ankerrean erabiltzen duena.

Euskararen alde elkarretaratze eta manifestazio ederrak egin dira. Alferrikakoak izan ote dira?

Ez. Baliagarriak izan dira eta izango dira. Baliagarria izan zen Egunkariaren itxiera salatzeko antolatu zen hura eta Nafarroan euskaldunok pairatzen dugun egoera salatzeko antolatuko dugun hau ere baliagarri izango da, mugarri izango da. Horrekin batera beste hamaika ekimen egiten segitu behar dugu: euskaraz bizitzeko guneak irabazten segitu behar dugu, gizarte agenteekin harremanak areagotu behar ditugu, euskararen aldeko sentsibilizazio lanarekin jarraitu behar dugu....eta beste.

Baina, dudarik gabe agerpen publiko indartsuek eragina badute, alderdi politiko eta bestelako agenteengan. Eta, behar ditugu mugiarazi batzuk eta besteak. Nire iritziz, ezin dugu horrela segitu, euskararen sustapena ahalbidetuko duten lege eta arau egokiak behar ditugu eta horiek Parlamentuan eta Udaletan onartzen dira gehiengoak horren alde bozkatzen duenan. Bada garaia gehingo horiek osatzeko, alboan utzi behar direnak utzita.

Jendearen aldetik nolako erantzuna espero da?

Ilusionatuta gaude. Jende asko espero dugu, aniztasuna espero dugu. Euskararen aldeko manifestazio historikoa izatea nahi dugu eta horren alde ari gara lanean. Lortuko dugu.

«Nafarrak gara betebehar berdinak izanik, euskaraz egiteko hainbatetan eskubidea ez dugunok. Hori diskriminazioa da, lege gaizto batek areagotzen duena. Eta Gobernuak modu ankerrean erabiltzen duena»

Ttipi Ttapa

No hay comentarios: