miércoles, 11 de junio de 2014

"NAFARROAN EUSKARA GALTZEA ETA EUSKARA IZAN DENIK ERE AHAZTEA SEGIDAN ETORRI DIRA SARRI"

Lingua Vasconum, Lingua Navarrorum, zer arraroa, euskararik gabe, Nafarroa. Horixe 1992an Nafarroa Oinezek Bianan Bernardo Atxagaren kantuan izan zuen leloak. Zure blog ederrak ere betiko izen horixe, 1167. urteko Lingua Navarrorum…

Bai, Lingua Navarrorum… Ez da oso originala! Huraxe etorri zitzaidan lehenik gogora. Garai batean, Erdi Aroan, hizkuntza-balioa omen zuen ‘nafar’ hitzak. Navarro euskaraz mintzo zena zen. Gauzak asko aldatu dira, Nafarroa ez da euskara bakarrik, baina ez dago Nafarroa ulertzerik, ez atzo ez gaur, euskararik gabe. Nik ez nuke nahi biharko nafar askok euskara gauza arrotz edo desatsegintzat jotzerik. Are gutxiago euskara behinola berezko hizkuntza izan zuten eremuko bizilagunek. Joan den udaberrian, Ollaran ibarreko adineko emakume batek esan zidan bazekiela bere herrian euskaraz ere hitz egin zela “duela lau edo bost mende”. Emakume hura jaio zenean artean bizirik ziren haraneko azken euskaldun zaharrak. Nafarroan euskara galtzea eta euskara izan denik ere ahaztea elkarren segidan etorri dira sarritan, baina blog honek mezu bat bidali nahi badu, hizkuntza ondarea maitatu eta zaintzeko gogoak ideologiaren gainetik egon beharko lukeela da, eta guztiok elkartu beharko gintuzkeela, euskaldun izan ala ez. Sinetsi nahi dut egunen batean nafar guztiek sentituko dutela euskara beraiek ere aberasten dituen balio gisa.

Zer dugu zure blog hau?

Nafarroa eta euskara lotzen dituzten gaien inguruko txokoa izan nahi du. Helmuga hizkuntza bera da: euskararen historia, iraupen eta galerarekin zerikusia duten testuak dira nagusi, baina euskal mintzoen egungo mugek ere badute tartea, hau da, euskara-nafarra paperean nahiz sarean ezagutzeko baliabideek eta beste zenbait alorrek. Ez da sobera blog zaharra, duela urtebete eskas hasi bainintzen honetan. Helburua, lehenik eta behin, niri sarean aurkitzea gustatuko litzaidakeen webgunea edo antzeko zerbait sortzea izan zen. Egindakoarekin pozik nago, eta lehendabiziko helburu hori betetzen ari naizela uste dut. Beste helburua zen Nafarroa eta euskara ardatz dituzten hainbat jakingai objektibotasunez aurkeztea, eta nirea bezalako zaletasuna duenari txoko interesgarria eskaintzea. Hori lortzen ari naizen, bestek esan behar!

Jakin-minez jo dugu bertara. Ezinago interesgarri zaigu zure bloga. Nola antolatu ohi duzu delako blog hau? Badira sarrerak, badira testuak, badira argazkiak…

Hasieratik zenbait edukiren inguruan antolatu nuen: batetik, bertako mintzoa galdu duten zenbait herri eta ibarretako euskararen ibilbide historikoa laburtzeari ekin nion. Hogeiren bat herritako datuak aurkeztu ditut dagoeneko. Bestalde, antzinako idazle nafar batzuen biografia laburrak ere eskaini ditut. Euskararen mugen historia ere blogera eramaten saiatu naiz, mintzo nafarren gaur egungoak zein diren azalduz eta denboran atzera joanda ezagutzen diren beste zaharrago batzuekin alderatuz. Bestelako edukiekin osatu dut hori dena: Nafarroa eta euskara lotzen dituzten albisteak, Nafarroako euskarari buruzko liburu edo web orrien aurkezpena, testu zahar batzuk sareratzea…

Bistan denez, ikerketa du zure lanak oinarri. Euskara galdua duten herriak, euskararen ibilbidea Nafarroan, testu zaharrak… Nondik abiatzen zara blogean ageri diren lekukotasunak erakusteko?

Landutako eduki gehienen inguruan aldez aurretik ere bazegoen informazioa. Edota adituen ikerketak biltzen dira bertan. Azken hamarkadetan [Jose Maria] Jimeno Juriok eta beste zenbait ikerlek datu asko atera dituzte artxiboetatik eta euskara Nafarroan noiz, zenbat eta noraino hitz egin izan den agerian uzten ari diren albisteak gero eta gehiago dira. Kasu gehienetan bilaketa lan horren hango eta hemengo emaitza batzuk bildu eta elkarrekin jarri besterik ez dut egin, eskualde jakinei buruzko zenbait webgunetan –Izarbeibarren, Artzibarren…–, zatikako lanik badagoelako aurreratuta. Aldiz, Nafarroa osoko datuak elkarrekin biltzen dituen lekurik ez zegoen, nik dakidala behintzat. Zenbaitetan neure uztako zerbait ere gehitu dut. 2013an Nafarroako euskal mintzoen hego-muga non zen zehazten saiatu naiz. Bereziki erakartzen nau euskara azken hamarkadetan galdu duten tokietan halako memoria historiko ahalegin txiki bat egin eta azken euskaldun zaharrak zein eta noizkoak izan ziren argitzeak. Ibar batzuetan –Ollaranen eta Erronkarin, kasurako–, orain arte idatzita zegoena aberastu duten albiste berriak atera dira bide horretatik.

Nola ikusten duzu euskara, egun, Nafarroan, eta euskal herrietan?

Ni ez nago Nafarroan, Donostian naiz irakasle. Beraz, Nafarroan gertatzen denari sarritan begiratu arren ez naiz bertatik ikusten duenak bezala erantzuteko gauza. Baina beldur naiz, kanpotik begiratuta, behintzat, ez ote duen oraindik euskaltzale ez den nafar gehiegik euskara oso urrun eta arrotz sentitzen. Nafarroan euskararen inguruko zubigintza lan handia behar dela uste dut. Nire ustez, Nafarroak euskaldun gehiago bezainbeste behar ditu gaur euskara ikasi ez arren hizkuntza naturaltasunez eta konnotazio ezkorrik gabe bizi duten erdaldunak, hau da, biharko belaunaldi euskaldunago baten bideratzaile izan daitezkeenak. Hor ere erein beharra dago, eta fruituak ezingo dira egun batetik bestera jaso. Baina badakit nire irakurketa okerrekoa izan daitekeela, errealitatea konplexua baita. Gipuzkoan bertan, Nafarroara joan beharrik gabe, errealitate urruna da euskara Donostiako nire ikasle zenbaitentzat.

Ez dago gaizki guri gogoraraztea… Eta zertan da gipuzkoar zentrismoa?

Ni periferiazalea naiz, euskarari dagokionez behintzat. Agian, horregatik dut mugak aztertzeko interes hori, begirada bazterrean gertatutako gauzetan jartzeko gogoa. Irakasle bezala ere hiri-giroko ikasle erdaldunekin gabiltzanoi euskararen muga-eremuetan aritzea dagokigu sarritan. Horregatik, ez dut uste zentrismoa zertan den esateko oso pertsona egokia naizenik.

Zure lanak harremanik –berdintasunik, ezberdintasunik…–, badu Joxemiel Bidadorrek edo Fernando Maiorak eginiko lanekin? Haien lan eta ahalegin finak etorri zaizkigu gogora zurea irakurrita.

Bidador, Maiora… izen potoloak dira horiek! Lan ederrak utzi zituen batak eta ikerketan sekulako ordu pila ematen ari da bestea; urruti ditut nik. Beharbada, agertu zuen dibulgazio-borondatean sentitzen dut gertu Bidador, eta antzinako agirietan hizkuntzaren arrastoak topatzeko duen irrikagatik erakartzen nau Maiorak. Altxor hutsa dira oraindik aurkitu ez diren euskarazko testu zahar guztiak, adituen esku jarri, aztertu edo plazaratu ez direnak, alegia. Zoritxarrez, batzuetan zakarrontzietan usteltzen uzten ditugun urre-printzak dira, baina, gordez gero, euskararen historia osatzen lagunduko digutenak.

Euskararen historia idazkizun da oraindik?

Ez dago osatua, jakina, baina Nafarroan behintzat, idazkizun dagoela baino gehiago, nik azpimarratuko nukeenez, idatzi denak dibulgazio-behar handia duela. Euskara mitoz eta aurreiritziz betetako eremua da oraindik; batzuenak zein besteenak. Ikerketa handiak egin dira Nafarroan euskararen historiaren inguruan. Lan horien bidez ikasitakoa gizartera helarazi –eta ez ohiko irakurleengana bakarrik–, eta euskararen inguruko topiko zaharrak erauzi beharra dago. Topikoen aurka objektibotasunean, seriotasunean eta dibulgazioan sinesten dut. Eta euskararen historia idazten jarraitu behar da, jakina, baina ez historia horrek gure aldez aurreko ondorioak berrets ditzan, geure burua hobeto ezagutzeko baizik.

Kultura zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du zure blogak.

Hasiera-hasieratik erakarri ninduen proposamenak. Oso esperientzia ederra izaten ari da. Jon Mattin Matxain sekulako lana hartzen ari da jaialdia antolatzen eta bideratzen. Batetik, Matxainek berak adierazi bezala, “zientzien” eta “letren” arteko muga artifizial hori lausotzeko tresna ona delako. Bestetik, euskara horrelako zereginetan erabiltzea delako hizkuntzari egin diezaiokegun mesederik eta publizitaterik onena. Nire ustez, jakintza hedatzeko, erabiliz aldarrikatu behar da euskararen balioa, hizkuntza ezgauza dela eta ezer gutxitarako balio duela diotenen aurrean. Eta, ohiko bide akademikoa baztertu gabe, sare sozialak primerako lekua dira horretarako, euskarak eremu berrietan ere egon beharra duelako, eta horrelako eremu birtualetan izan dezakeen muga bakarra euskaldunen beraien gogoa edo borondatea izango delako, ez beste ezer.


Harremana poz
“Bloga neuk sortua da eta sarrera guztiak ere nireak dira, baina jende mordoxka baten laguntza izan dut hilabete hauetan. Emaitza askoz pobreagoa izango zen bestela. Sarritan ibili naiz han eta hemen informazio eske euskararen mugak zehaztu asmoz edota azken euskaldun zaharrei buruzko albiste bila, eta toki askotan bultzada ederra eman didate: Ultzaman, Lizoainen, antzinako Arriasgoitin, Ollaranen, Ezkabarten, Arakilen, Erronkarin… Azken haran hori dela-eta bi lagun aipatu nahi ditut, Gotzon Perez Artutx eta Dabid Lalana bidankoztarrak. Haien interes eta laguntzari esker Bidankozeko azken belaunaldi euskaldunaren inguruko xehetasun ugari bildu ahal izan ditut, herriko adinekoek oraindik gogoan zituztenak eta zenbait urte barru agian ahaztuko zirenak. Baina beraiek prestatu didate bidea, nik segitu besterik ez dut egin. Blogak Nafarroako euskaltzale askorekin jarri nau harremanetan. Hori da eman didan pozik handienetako bat”.

ARGIA