Nafarroako Administrazio Auzitegiak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak arrazoi duela dio.
2019ko azaroaren 29an (San Saturnino egunez) Bizidantza ikuskizuna eskaini behar zuten Baluarteko areto nagusian, azken urteetan bezala. Iruindarrek aretoa goraino betetzen zuten euskaraz irri, kantu eta dantza eginez, baina udal gobernura iritsi berria zen Enrique Maya alkateak eta Navarra Sumako agintariek udalak aurrez pailazoekin sinatuta zuen kontratua arbitrarioki bertan behera utzi zuten. Zentsuratzaileek emandako argudioa kontratuan irregulartasunak zeudela izan zen, baina Nafarroako Arartekoak lehenik eta Nafarroako Kontseiluak ondoren, pailazoek egindako erreklamazioari haien onespena eman ostean, alkateak publikoki eta lotsagabeki onartu behar izan zuen erabaki baztertzailea ideologikoa izan zela.
Sudurgorriek prentsaurreko koloretsua eta udaletxeko atarirainoko kalejira jendetsua egin zituzten, euskarari eta kulturari agintari handi-mandiek ezartzen dizkieten etengabeko ukazioa eta jazarpena salatzeko. Egun gutxira Anaitasuna kiroldegia alokatu eta euskaraz eta alaitasunez bete zuten pailazoek, milaka lagunekin batera. Azpimarratzekoa da, auzia publiko egin aurretik, pailazoak udaleko alderdi politiko guztiekin jarri zirela harremanetan, elkarrizketaren bidez irtenbidea eman asmoz, baina Enrique Mayak eta bere alderdiak uko egin zioten hitzari.
Guzti horrengatik auzitegira joatea erabaki zuten sudurgorriek, eta bidegabekeria hau hasi zenetik urte eta erdi pasa denean, auzitegiak argi esan du Pirritx, Porrotx eta Marimototsek arrazoi dutela.
Alkatearen eta bere gobernu taldearen gezurra agerian gelditu da berriz ere. “Irregulartasunetan” ezkutatu nahi izan zuten zentsura ekintza zena, baina begi bistan gelditu da aginteak ematen dien “boterekeria”tik nahieran prebarikatzen dutela.
250 euroko indemnizazioa eman beharko dio udalak pailazo taldeari. Oso merke ateratzen zaie zentsuratzaileei haien zapalkuntza, are gehiago herritar guztien diruarekin ordaintzen dutenean. Inpunitatez jokatu dute pailazoekin, baina sudurgorriak ez dira izan zentsuratutako lehenak, ezta azkenak izango ere. Ez dezatela pentsa hala ere besoak gurutzaturik geratuko garenik. Euskaldunok mendeak daramatzagu Auñamendien bi aldeetara euskaraz kantatzen, dantzatzen, alai bizi nahian, munduarekin armonian. Izokinak gara korrontearen kontra igerian saltoka, eta horregatik egiten dugu bat gu bezala txikitasunetik, eta askotan bazterretik, koloretako mundu bat denona eta denontzat aldarrikatzen duten guztiekin.
Pailazoek eskerrak eman nahi dizkizuete bidegabekeria honen aurrean ondoan izan zareten guztioi, eta aukera dutenean egiaren eta eskubideen garaipen txiki hau ospatuko dute zuekin batera Iruñean bertan.
Indemnizazioaren 250 euroak Iruñeko eta Nafarroako haurrek eta familiek Haur Eskolak euskaraz izan ditzaten lanean dihardutenei bideratuko dizkie taldeak, eskubide hau ere bermatu gabe baitago Lingua Navarrorumen herrian, euskararen herrian.
Oholtzatik, plazatik, herrigintzatik, instituzioetatik eta bizitzaren esparru guztietatik josi eta batu ditzagun gure amets eta ekimenak. Norberak beretik eta denok batera...
Bihotza, burua, eskuak... Sentitu, pentsatu, ekin, BETI ELKARREKIN!
Gora Euskal Irria!
Katxiporreta TB- Pirritx, Porrotx eta Marimotots
No hay comentarios:
Publicar un comentario