martes, 1 de julio de 2014

UXUE BARKOS: "LANDU BEHAR DUGU ORAIN EZIN DENA: ALDAKETAREN ALDE INDARRAK BATZEA"

Atzerako kontaketa hasia da. Datozen urteko foru hauteskundeetarako 11 hilabete geratzen dira, baina alderdiak makinaria berotzen hasiak dira. Geroa Baik III. kontseilu nagusia izan zuen ekainaren 14an, eta Politika plazara dokumentua onartu zuen, ia aho batez. Urte politiko berriarekin hauteskunde programan murgilduko dira. Uxue Barkosek (Iruñea, 1964) aldarrikatu du aldaketa posible egiteko lanabesak proposatu behar dituela koalizioak.

Hilabete pasatu da Europako hauteskundeez geroztik. Zer irakurketa egiten duzu?

Irakurketarik ederrena izan da parte hartzean boto-emaileak alderdi batetik bestera pasatu direla. Ikusi genuen bipartidismoaren aldeko botoak etxean geratu direla edo buelta eman zaiola egoerari. Boto gazte ugari egon zen, sistemaren aurkakoa baina sistema barrutik lan egiteko prest. Nafarroan ikusi dugu esparru politiko bat dagoela, abertzale zein euskaltzalea eta ezkertiarra. Aldaketaren aldeko indarra dago hor, eta hori ikusteak poza ematen du.

Europarlamentaria lortzea ezinezko zuenez, Geroa Bai ez zen aurkeztu, baina EAJ bai, eta ez zituen emaitza onak lortu.

Atzera begira ez nuke hori esango. Hauteskunde horietan ez ziren batere emaitza txarrak izan kontuan izanda EAJren azken 20-30 urteetako indarra zein izan den. EAJk ez du Geroa Bairen emaitzarik errepikatu. Beti esan dugu partaide garrantzitsu bat dela EAJ, baina soziologikoki Geroa Bai gehiago da.

Koalizio barruan, inork ondorioztatu du EAJren pisua txikitu behar dela eta Zabaltzen taldearena handitu?

Ez nuke hori esango. Uneotan barne araudiek orekatzen dute Geroa Bairen osaera. Oso arau irekiak dira parte hartze handiagoa lortzeko. Geroa Bai ez da soilik EAJ eta Zabaltzen. Independente batzuk Zabaltzen-en daude, baina beste batzuk zuzenean Geroa Bain. Atarrabia taldeko jendearen parte hartzea ere interesgarria da, eta kasu gehiago daude. Hauteskundeek ez dute behartzen oreka berriak bilatzera. Gure sistemak behartzen gaitu horretara.

Hauteskundeen ondotik, Aingeru Epaltzak artikulu zirikatzaile eta kritikoa idatzi zuen. Buruatseginean erori al da koalizioa?

Espero dut ezetz, baina kritika kontuan hartu behar dugu. Geroa Bai oso une berezian jaio zen, ia denborarik izan gabe. Momentuko erantzun bat zen, eta emaitza bikainak lortu zituen. Hortik aurrera, egitura bat egiten jardun dugu azken bi urteotan, eta ez da hain erraza. Parlamentuan eta hainbat udal taldetan bizitza berezia izan dugu NaBaitik Geroa Bain geratu garenok. Agian kanpora begira ez dugu eduki beharreko funtsa izan. Ez nuke esango buruatseginean erori garela. Gure egitura txiki horretan indarrak barrura begira egon dira.

Zer esparru ideologikotan ikusten du bere burua Geroa Baik: ezkerrean lehiatu behar du Ezkerrarekin eta EH Bildurekin ala zentrorantz jo?

Geroa Bairen zergatian politika ezkertiarrak daude. Guk nabarmentzen dugu ezkertiarrontzako, abertzaleontzako eta euskaltzaleontzako esparru hori mantendu behar dugula. Ezker abertzaleak indar handia du Nafarroan, baina bagaude beste ezkertiar abertzale batzuk lan egin nahi dugunak beste era batera. Horrek esan nahi du indar abertzale bat bakarrik garela? Ez. NaBairen garaian ere argi genion. Abertzaleen esparrua dugu, baita euskaltzaleena ere, eta agian hemen ez dira sartzen anti-abertzaleak. Politika sozialei begira, gauza bera. Gehiengoa ezkertiarra dugu, eta posizio sakona dugu. Baina hor dugu EAJ ere. Bere posizioa ez dago ezkerrean, baina EAJk kudeatu duen instituzioetan ongizate zerbitzuetan politika aurrerakoiak erabili ditu, eta hortik hainbatek ikasi dute.

Horrek kontraesana eragiten dizue?

Ez, nik uste sendotu egiten gaituela. Askotan, Nafarroako Parlamentura, Kongresura edo udal taldeetara eraman behar ditugun proposamenak lehenago adostu behar ditugu. Zenbaitetan elkarrizketa sakona egin behar dugu, eta hori da gure tresna esanguratsuetako bat. Horrela ikasi genuen Nafarroa Bain, eta horrela jarraitzen dugu Geroa Bain. Lana zailagoa da, baina adostu behar horrek erabakiak pluralagoak egiten ditu.

Duela aste batzuk, Politika plazara dokumentua onartu zuen Geroa Baiko kontseilu nagusiak, %98ko babesarekin. Zeintzuk dira gida lerro nagusiak?

%98ko babesa izateak arrazoi bat dauka. Hilabetetan landu dugu testu hori herri gunez herri gune. Sektorialki ere lantaldeak osatu dira, eta adosteko lan hori dokumentuan islatu da. Bere helburua da lehenik Nafarroako gizartearen diagnostikoa egitea. Askotan politikan hori falta da. Proposamenak egiten dira diagnostiko zorrotz bat egin gabe. Hortik aurrera, gure proposamenak lantzen ditugu. Maiatzera bitartean, lan ardatzak markatzea da helburua: gizarte honek behar dituen erantzun politikoak prestatzen hastea eta nondik jo behar duten zehaztea.

Zein da helburu nagusia?

Helburu nagusia da elkarbizitzarako eta krisiari aurre egiteko aldaketa. Ez edozein motatako aldaketa, ez edozertarako.

Zerrendaburu izango zara?

Goizegi da hori esateko. Ez dugu aztertu gai hori. Ez dakit zer prozesu antolatuko den: primarien moduko zerbait proposa dezakegu gure herri guneetan eta gure kideen artean. Ez dut neure burua posizio horretan jartzen. Ikusiko dugu.

Kontseiluan zenioten aldaketarako «lanabes berriak» prestatu nahi dituzuela. Zer esan nahi duzue?

Gizartean ideia hori gero eta argiagoa da. Aldaketarako zenbakiak prest daude. Boto kopurua eta boto horien ordezkaritza, alegia. Hala ere, alderdion arteko harremanak zailak dira. Hori apurtu behar dugu. Azken bi urteetan alderdien arteko harremanak lantzen aritu gara, eta aukera horiek landu behar ditugu. 

Nola daude harreman horiek?

Askotan diot: politikan gabiltzanok ez ditugu egoerak ongi irakurtzen. Niri esaten didate: une honetan ez da posible PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerraren arteko akordioa. Egia da, baina behartuta gaude lortzera. Gizarteak behin eta berriz eskatzen digu, eta behartuta gaude ardura hartzera.

PSN legealdi honetako protagonistetako bat izan da. Nieves auziaren ondoren, politikoki hiltzat ematen da, baina nola ikusi duzu haren bilakaera?

Nieves kasuarekin alderdi sozialistak itxurakeria egin zuen, eta ikusi dugu egungo zuzendaritza ez dela gai aldaketa gidatzeko. PSOEren eta PSNren buruzagitzez ari naiz. Alderdi sozialistan aldaketa badago, eta lortzen badute zuzendaritzaren eta militanteen arteko amildegi hori gainditzea, orduan beste jokaleku batean egongo gara.

Egunotan entzun dugu Eduardo Madina aldarrikatzen PSNk autonomoago izan behar duela eta Pedro Sanchez esaten UPNren alternatiba izan behar dutela. Ez al du nekatzen, ordea, orain berriro aldaketaren mezu horrekin jirabiraka ibiltzeak? 

Ez naiz ausartzen esatera zer sinesgarritasun duten. Egia da zuzendaritzak ez diela beharrei erantzunik eman. Sinesgarritasunik eza du alderdi osoak.

PSNk aldaketaren partaide izan behar du, ala tentuz ibili behar duzue?

Aldaketaren alde beharrezkoak diren indarrak ezin dira batu. Ez dakit norena den errua, ez naiz sartuko. Hori landu behar dugu. Politikak badu hor zertan lan egin.

Uste duzu hemendik urtebetera Nafarroako mapa politikoan ezusteak etor daitezkeela?

Ez da ezusteko sakonik espero, baina Europako hauteskundeetan bai, hor marraztu da horrelako zerbait. Bozetan aldaketa sakona egongo dela uste dut.

Gizartean aldaketa behar handia dagoela islatzen du?

Bai, guretzat aukera ederra da. Politikak izan behar du erantzunak emateko, ez arazoak sortzeko. Herritarrok elkarbizitzarako arauak idazteko ematen dugun aukera da politika, eta, gure ustez, berritu behar ditugu politika egiteko moduak eta instrumentuak. Nafarroa Bain duela hamar urte hasi ginen, eta hor dugu lan egiteko une egokia. Krisia ez da ekonomikoa soilik, etikoa ere bada. Egunerokoan ikusten dugu. Politikariok egunero hanka sartzeak egiten ditugu, eta herritarrek gero eta gutxiago onartzen dituzte.

Krisi etikoa aipatu, eta Barcina dator burura. Horren isla da?

Hanka sartzeak baino gehiago egin ditu! Gure dokumentuan Yolanda Barcinaren gobernuaren istorioa laburbiltzen dugu. Kudeatzaile onaren mitoa apurtu da. UPNk Nafarroan lortu du irudi hori saltzea, baina hori ez da egia. Ez dira urte errazak izan, baina ez du jakin nola kudeatu. Hanka sartze politiko nabarmenak egin dituzte. Baina, gainera, haren aurretik zeudenek Nafarroa basamortu baten moduan utzi dute. 

Barcinari leporatzen zaio erru dena, baina Miguel Sanzek hark baino ardura handiagoa izan du.

Bai, noski. Barcinaren kudeaketa negargarria izan da bere erronka politikoei begira, baina Sanzen ondarea jaso zuen, eta kudeatzaile onaren mito hori apurtu da.

Gobernura heltzekotan, beldur zarete zer-nolako finantza publikoekin topo egingo duzuen?

Erronka oso gogorra izango da. Nafarroak gabezia handiak ditu ekonomikoki eta sozialki, eta UPNren gobernuen kudeaketaren ondorioz da.

Nafarroa estatuak esku hartuta dauka, neurri batean?

Bai. Foru lurralde guztiok dugu arazo hori. Uneotan zerga bilketaren gehiengoa zeharkako zergek dute. Gero eta garrantzi handiago dute ongizate estatua mantentzeko. Horrek murriztu egiten du gure eskumenak aurrera eramateko aukera. Horri lotuta, 2011n izan zen konstituzioaren erreformaren ondorioz, Europak gure defizitaren gainean begirada jartzen du, eta gure finantza ahalmena moztu egiten du. Azkenean, defizita beste erreminta politiko bat da. Urte gogorrak izan dira, eta behar-beharrezkoa da gure subiranotasuna begiratzea eta zerga subiranotasuna defenditzea. Apustu irmoa egiten dugu; gure lehentasuna izan behar du.

Barcina UPNren hautagai izatea komeni zaizue?

Gainerako alderdien moduan, UPNk hautagairik onena onartuko duela espero dugu. Ez dakit UPNrentzat hautagai onena den. Argiago daukat ez dela Nafarroarentzat hautagai onena, baina ez naiz hautagaitza prozesu horretan sartuko. Nafarroako presidente izateaz gain, bere alderdikoa ere bada. Bere baitan badago jarraitzea, ez dakit kontrakoek zenbateko aukera duten.

UPNk liskarra bilatu nahiko du?

Ziurrenik bai. UPNren eta bere tresna mediatikoen aldetik jasan ditugu eraso gogorrak, baina badugu gure indarrak non jarri. Ez gara gainerako indarrekin ika-miketan eta erasoetan ibiliko. Uneotan, langabeziak eta gizarte bazterketak izan behar du esfortzuen jomuga. Caritasen txostena irakurri dut, eta kolpea ematen dio Nafarroa aberatsari, herritarren %20 daudelako bazterketa arriskuan. Indarrak hor jarri behar ditugu.

Joxerra Senar, BERRIAn

No hay comentarios: