Lehengoan, ETB1ean ari nintzen ikusten pilota partidu bat, Azpeititik ematen ari zirena, San Inazio egunarekin, eta esatariak (Xabier Euzkitze eta Joxean Tolosa) euskarari behar duen prestigio eta tornuia ematen ari zitzaizkion bitartean, artekariei, batere lotsarik gabe, honako esaldi hauexek entzuten zitzaizkien ozenki, oso ozenki: «zien a setenta; zien a doszientos; zien colorau, quinientos azules, doszientos azules, mil a cuatro, mil a dos», eta abar, eta abar, eta abar.
Argi dago euskal pilota jende askok gogotik maite eta estimatzen duela, ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabaleko beste leku askotan ere. Eta, segur aski ere, euskaldun asko harro samar sentituko dira Euskal Herrian praktikatzen delako halako kirol dotore, entretenigarri eta garbia. Hala eta guztiz ere, argi eta garbi dago pilota enpresarientzat, nonbait, euskarak ez duela izan behar garrantzi handirik, eta deus baino lehen, gaztelaniari ematen diote lehentasun osoa dirua lortzeko, apustuen bidez. Antza denez, bost axola zaie euskarari kentzea prestigio, ospe eta garrantzi guztia, bertako hizkuntza zaharrena izanda ere; gainera, datu bat emateagatik, esan behar da, Kike Amonarrizek zuzentzen duen «Tribuaren berbak» izeneko programan, jakin genuela Azpeitia dela Euskal Herri osoko herririk euskaldunena, bere biztanle kopurua gogoan hartuta. Baina, zoritxarrez, Asegarce eta Aspeko enpresariek (Karlos Argiñanok, eta abarrek) hamaika mila aldiz erakutsi digute gai hau bost axola zaiela, eta berdin-berdin zaiela arazo honi dagokionez, pilota partiduak Logroñon, Tuteran eta Sartagudan jokatzea edota Iruñean, Zarautzen, Leitzan, Oiartzunen eta Arbizun, esate baterako; euskara beti zeharo baztertu, zokoratu eta mespretxatua! Beste bi adibide aipatzearren, esan dezagun, Xabier Euzkitzek duela urte batzuk kontatu zuela ETB1en abenduaren 3rako (Euskararen Eguna) proposatu zitzaiela pilota enpresariei egun hartan ETB1en eman behar zituzten partiduetan artekari bat euskaraz aritzea. Hasieran, onartu omen zuten, baina azken orduan atzera egin omen zuten. Eta bigarrena, neronek adierazi behar dut, Labrit pilotalekuko telefono mugikorrera deitu dudan guztietan, sarrerak gordetzeko eskatzeko, beti aritu behar izan dudala gazteleraz, euskaraz ez dutelako ematen zerbitzu hori, eta, gainera, tamalez, arduradun hori ezagutzen dut.
Eta hau guztia egiten dute euskal pilota delakoaren izenean. Nik, egia esan, inoren lotsa eta auzo-lotsa sentitu ohi dut kasu horietan, baina, dirudienez, pilota enpresariek batere ez. Noiz arte jarraitu beharko dugu pairatzen tamaina honetako irain, laido eta isekak. Badakit Asegarce eta Aspe enpresa pribatuak direla, baina gogoratu beharko genuke, ematen duten zerbitzua publikoa dela eta, bestalde, ETB1 erabilita.
Nik uste dut noiznahi ere badela garaia erakunde eta instituzio publikoek, alderdi politikoek, euskararen aldeko elkarteek, mugimenduek, gizarte eragileek, Eusko Jaurlaritzak, Euskaltzaindiak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta abarrek serioski esku har dezaten afera honi dagokionez.
Xanti Begiristain (GARAn)
No hay comentarios:
Publicar un comentario