martes, 17 de agosto de 2021

MORLANS: ARTXIBATUTAKO TIROAK

 Aste Nagusiko larunbata zen Donostian. Goizeko lauretatik aurrera, Guardia Zibilak hainbat atxiloketa egiteari ekin zion Errenterian, Irunen, Usurbilen eta Gipuzkoako hiriburuan, ETAren Donostia komandoaren eta Ipar Haizea talde laguntzailearen aurkako operazio batean. Ordu gutxian hamar lagun atxilotu zituzten, eta ordurako protestak antolatzen hasiak ziren herrietan. 1991ko abuztuaren 17 hartako gertakari entzutetsuenak, ordea, 9:45ak aldera piztu ziren, Guardia Zibilak Morlans auzoko Tolaretxe eraikineko etxebizitza bat inguratu zuenean. Barruan, Donostia komandoko Patxi Itziar, Jokin Leunda eta Iñaki Ormaetxea zeuden, Maria Eugenia Muñagorri pisuko jabearekin batera. Azken hura izan zen goiz horren amaieran etxebizitzatik bizirik atera zen bakarra.

30 urte geroago, egun hartan bizitakoak oroitu ditu Muñagorrik: «Etxeko txakurra zaunkaka hasi zen, eta ateko behatxulotik begiratu nuen nor zebilen ikusteko. Guardia Zibila ikusi nuen kaleko kotxe baten gainean subfusila zuela gure etxeko sarrerara apuntatzen». Jarraian, Muñagorri eta txakurra korridore amaierako komunean gotortu ziren, eta, etxeko atea lehertu zuen eztanda baten ostean, hiru ordu luze iraun zuen tiroketa hasi zen, Grupo de Accion Ruraleko (GAR) eliteko guardia zibilen eta ETAko hiru militanteen artean.

Tiroketa bortitza izan zen, baina barruko pistolen eta kanpoko metraileten arteko desoreka segituan nabaritu zen. Leunda izan zen erortzen lehena, eta Ormaetxea bigarrena, Guardia Zibilaren tiroen ondorioz. Agenteetako bi zaurituak izan ziren, eskuan bata eta sorbaldan bestea; azken hori paraplegiko geratu zen. Tiroketak jarraitu zuen, eta Muñagorrik gogoan du eguerdia gerturatu ahala Polizia pisuan bizirik geratzen zirenei gasa jaurtitzen hasi zela: «Hasieran negar gasa jaurti zuten, baina gero beste gas mota bat bota ziguten, oso mingarria, dena erretzen zuena». Harekin zuen txakurra gas hura arnastuta hil zela ikusita, guardia zibilei irteteko eskatu ziela azaldu du pisuaren jabea zenak, eta zehaztu du etxetik atera zenean Itziar oraindik bizirik zegoela alboko gelan. Handik minutu gutxira, buruan 25 zentimetro baino gutxiagotik jasotako tiro bakar batekin hil zen, ordea. Donostiako Lehen Instrukzio Epaitegiko txosten forentsearen arabera, hildako beste militanteen gorpuek ere halako tiro bana jaso zuten.

Garai hartako prentsak kontatu zuen poliziek elkar besarkatzen amaitu zutela operazioa. Hildakoen senideek eta ezker abertzaleak, berriz, sarraskitzat jo zuten gertaturikoa, helburua hiru militanteak «exekutatzea» izan zela argudiatuz. Gertaturikoaren berri eman zuten hainbat argazkilarik salatu zuten Poliziak karreteak eta bideo zintak kendu zizkiela.

Operazio hura Enrique Rodriguez Galindo teniente koronelak eta Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendariak gidatu zuten, eta handik zenbait urtera kondenatu egin zituzten biak, gerra zikinagatik bata eta ustelkeriagatik bestea, baina ez Morlansen gertatutakoagatik.

1991ko abuztuaren amaieran, Donostiako Lehen Instrukzio Epaitegiak ikerketa bat abiatu zuen Morlansko operazioan hildakoen heriotzak argitzeko, eta guztira zazpi agente auzipetu zituen. 1993an, Fernando Andreu epaileak eginbideak artxibatzeko agindu zuen, ordea, hiru heriotzetan kriminalitate zantzurik ez zegoela ondorioztatuta.

Muñagorrik gogora ekarri duenez, «garai gogorrak ziren, eta komando bat harrapatzen zutenean, [poliziek] kideak hil eta bakarren bat uzten zuten bizirik, hari informazioa ateratzeko». Donostia komandoko hiruren kasuan, berriz, ez zen horrela izan, eta esan du guardia zibilek soilik dakitela zergatik.

Muñagorri Antiguako eta Intxaurrondoko kuarteletara eraman zuten, egun hartan atxilotutako gainerakoekin batera Madrilera bidali aurretik. Tartean torturatuak izan zirela salatu du: «Bainuontzia, poltsa, kolpeak... Denetarik egin ziguten». Lau urte pasatu zituen atxiloaldi prebentiboan, ETArekin kolaboratzea egotzita kondenatu zuten arte. «Banekien harrapatua izanez gero etorriko zena oso gogorra izango zela, baina sekula ez nuen pentsatu hain gogorra izango zenik», gehitu du Muñagorrik, atxiloketaren ostean bizitakoari buruz.


Guardia zibilak, harro

Duela bi urte, 2018ko uztailean, El Español hedabide digitalak Morlansko operazioan parte hartu zuten GAReko bi guardia zibil elkarrizketatu zituen. Haietako batek kazetariari aitortu zion bere taldeak hiltzeko asmoz egin ohi zuela tiro, eta elkarrizketan, biak harrotasunez mintzatu ziren 1991ko abuztuko egun hartan eginikoaz.

Hala, aitortu zuten Itziar, Leunda eta Ormaetxea «zitalkeriaz balaz josi» zituztela, eta azpimarratu zuten etxebizitzako hormetan 600 bala inpaktu baino gehiago utzi zituztela. Gainera, hildakoen gorputzak zapaldu eta txistua jaurti zietela adierazi zuten guardia zibil izandakoek, eta, kazetariak zehaztu zuen moduan, hitz egin ahala, elkarrizketatuak «piztuz» joan ziren, panorama politiko garaikideari ere erreferentzia egiteraino: «Horiek [Itziar, Leunda eta Ormaetxea] Pedro Sanchezek ez ditu sekula beren etxera eramango».

Horiek horrela, duela 30 urteko operazio horren nondik norakoak oraindik argitzear daudela pentsatzen dutenak ez dira falta. Halaber, larunbatean oroimen ekitaldi bat egingo dute Morlansen, 12:00etan.

Iñaki Agirre Pérez, BERRIAn

No hay comentarios: