martes, 18 de abril de 2017

BEATRIZ CHIVITE EZKIETA POETA IRUÑEARRAK "PEKINEKO KEA" ARGITARA EMAN DU

Duela bost urte, Pekinen ikasten ari zela egindako poema-bilduma saritu zioten eta orain argitara eman du.

Iruñean 1991ean jaioa, oinarrizko ikasketak Burlatan egin zituen, eta batxilergo internazionala Duinon (Italia). Harrezkero askoz denbora gehiago eman du urrutiko parajeetan etxe aldean baino. 2012an lortu zuen lehenengo poesia-saria eta geroztik beste hiruzpalau eskuratu ditu. Orain "Pekineko kea" olerki-liburua publikatu dio Pamiela etxeak.

Zure liburu honetako poemak Pekinen bertan idatziak izan ziren, ezta?
Ez da argitaratzen den nire lehenengo liburua, baina bai idatzitako lehena. Aurretik "Metro" publikatu zen, nik idatzitako bigarren poemategia. Hainbat arrazoirengatik hasi nintzen idazten Pekinen nengoela; alde batetik, eguneroko moduan idazten nuen, poemak idatzi aurretik bidaien egunerokoak idazten bainituen. Agian, hori ere bada "Pekineko kea"; hango sentipenen dokumentazioa. Bestalde, hainbeste urte eman ondoren atzerrian, euskara-maila galtzen ari nintzela sentitzen nuen, lagun batzuekin ingelesez, gurasoekin gaztelaniaz, unibertsitatean txineraz eta ingelesez......beraz, nire buruarekin euskaraz hitz egiteko beharra sentitzen nuen. Horregatik hasi nintzen euskarazko poemak idazten, neure barruko ahotsa gertu sentitzeko, eta euskara mantentzeko. Bestalde, Txinan eta neure barnean gertatzen ari ziren aldaketak dokumentatzeko idatzi nituen haikuak.

Haikuak, berez, Japoniakoak dira. Txinan ere ezagunak dira, eta egin izan dituzte?
Esaten dute haikuek, berez, Txinako literatuta zaharraren eragina zeukatela. Txinako literatura ere antzekoa da: naturako aldaketen berri ematen du, oso sinplifikatuak dira olerkiak, elipsi asko sartzen dituzte eta garrantzitsuena destilazioa da; hau da, esentzia izatea.

Zer inpresio eragin zizun Pekineko hiriak? Inpresio atsegina?
Hiri oso bortitza da, kaotikoa eta kutsadura handia daukana. Aldaketa erraldoietan murgilduta dago; alde batetik, herrialde komunista izatetik kapitalista izatera pasatzen ari da; bestaldetik, belaunaldien artean jauzi oso handia gertatu da, duela berrogeita hamar jaiotako jendeak ez dauka zer ikusirik orain hamabost urte dituztenekin. Hiri erraldoia da, herrietatik jende pila iritsi delako bertara. Oso irudi garaikideak, oso-oso modernoak topa ditzakezu bertan. Joan den urtean Pekinera itzuli nintzen, bost urteren ostean, eta konturatu nintzen ni ibiltzen nintzen jatetxeen alde hartan Zara eta McDonalds ireki dituztela, orain guztiek iPhonak dituztela eskuetan....Bost urtetan sekulako aldaketak gertatu dira.

Gazterik joan zinen Pekinera, baina uste dut ordurako etxetik kanpo asko ibilitakoa zinela.
Bai. Pekinera, lehenbiziko aldiz, hogeita bat urte nituela joan nintzen. Hamasei urterekin Italiara joan nintzen ikasketak egitera, gero hemezortzirekin Nepalen bizi izan nintzen urtebetez, eta hemeretzirekin Londresen.

Nepalera, nolatan?
Nazioarteko batxilergoa Italian egin nuen, eta hango eskolari esker beste eskola bat aurkitu nuen Katmandun. Nire kabuz jarri nintzen harremanetan nepaldarrekin eta bertara joan nintzen. Asegururik gabe joan nintzen, amak ez zekien nire helbiderik, ezta telefonorik ere.....Eromen zoragarria izan zen.....(barreak)

Askatasun-ariketa handi bat izan zen, beraz.
Hori da, eta neure burua guztiz aldatu zuen erabaki hark.

Zergatik?
Flash kulturala izan zen. Pobrezia ezagutu nuen Nepalen, baina aldi berean oso jende lasaia. Budismoa ere ezagutu nuen eta asko ikasi nuen hari buruz. Esperientzia gogorra izan zen, oso gaztea nintzelako, baina oso ondo tratatu ninduten. Hura ikusita, horregatik hasi nintzen gero Londresen Ekialdeko Artearen historia ikasten. Katmandun eguneroko bat idazten hasi nintzen; Katmandun hasi zen dena.

Orain, liburu hau eskuan hartu eta identifikatuta sentitzen zara? Ala aspaldiko eta urrutiko gauza da jadanik?
Norberaren garai bateko egunerokoa irakurtzea bezalako sentipena izan da. Baina, bestaldetik, ikusten dut nire idazteko modua ez dela asko aldatu. Ekialdeko eragin hori mantendu dut; simplifikatzeko joerarekin jarraitzen dut, adibidez.

Esango zenidake Pekineko eszena edo uneren bat, zuretzat oso garrantzitsu izanik gero liburura ekarri zenuena?
Bai, esango dizut adibide bat: liburuko "Zooa" olerkia. Nire lagunekin nengoen, guztiak Ingalaterratik etorriak, mojitoak eta ardoa edaten ari ginen laku baten ondoan, eta handik pasatzen ziren txinatar guztiek argazkia ateratzen ziguten, arraroak ginelako. Famatuak ginela uste genuen, baina ez, beste gauza bat zen; azken batean, zooko animaliak bezalakoak ginen. Horrela sentitzen nintzen askotan Pekinen, zirkuko animalia bezala, guztiak niri begira.

Eta beste eszenaren bat?
Udaberrian, lakuak oraindik izoztuta zeudenean, atmosfera berezia sortzen zen: izotzaren grisa eta kutsaduraren grisa nahasten ziren. Niretzat Pekin zerbait grisa da, baina ez bakarrik kutsadura, grisa ere bai.

Orain ere ari zara poesia idazten?
Bai, beti sentitzen dut beharra. Kanpoan nagoenean, hemen Iruñean nagoenean baino gehiago. Baina ez naiz mahaian eseri eta inspirazio bila hasten diren horietakoa. Niri, kalean nagoela -adibidez lagunekin ardoa edaten- etortzen zaizkit olerkiak, eta orduan apuntatu egiten ditut.

Zuretzat zer da euskara?
Lehen, eskolako hizkuntza. Gurasoekin gaztelaniaz egin dut beti. Baina batxilergoa egitera Italiara joan nintzenean, sentitu nuen nire barruko hizkuntza zela, nire hizkuntza intimoa.

Zein poeta izan dituzu gogoko?
Batez ere autore frantsesak. Orain Sarrionandia irakurtzen ari naiz, hor daukat gau.mahaitxoan. Mikel Laboaren abestiak beti izan ditut oso barnean, "Txoria txori" batik bat. Baditut lagunak Italian, Nepalen eta Pekinen abesti hori buruz dakitenak, nik irakatsita.

Orain zer egin nahi duzu?
Ez dakit doktoregoa egingo dudan. Batez ere lan bila nabil, egia esan.

Euskal Herrian bizi nahi zenuke?
(Barreak). Zaila da galdera hori. Askoz libreago sentitzen naiz kanpoan nagoenean, Iruñetik kanpo. Hona etortzen naizenean oso gustura nabil hala ere, familia hemen dudalako -gurasoekin ondo moldatzen naiz- eta lagun kuttun batzuk ere baditudalako.

Felix Ibargutxi, El Diario Vasco-n.

No hay comentarios: