miércoles, 28 de septiembre de 2016

EUSKALTZAINDIAK OSOKO BILKURA EGINGO DU OSTIRALEAN NAFARROAKO PARLAMENTUAN


Euskaltzaindiak osoko bilkura egingo du hilaren 30ean Nafarroako Parlamentuan. Egun seinalatua izango da Akademiaren historian, lehenengo aldia baita. Gasteizko Legebiltzarrean egina zuen, 2013ean, Bakartxo Tejeria zelarik bertako buru.

Euskaltzaindiaren eta nafar agintarien arteko hartu-emanak ez dira beti oso gozoak izan, baina ez da ahaztu behar Nafarroako Diputazioa izan zela Akademiaren sortzaileetako bat. Leteren “Nafarroa arragoa” abestiko pasarte hura ekar dezakegu hona: “Borroka-toki ekaitzez betea”

Euskaltzainek gogoan dute 1979ko gertaera bat. Euskaltzaindiak Nafarroan ordezkaritza ipintzea erabaki zuen eta, egoitza berrirako laguntza eskatu zuen Diputazioan. Orduan Amadeo Marco zegoen hango buru. Diputazioak hala erabakita, Kontuen Ganberako –Cámara de Comptos- eraikinean prestatu zen tokia Akademiarako. Dena prest zegoen, baina 1979ko apirilean Amadeo Marco hil eta Jaime Ignacio del Burgo bihurtu zen Diputazioko buru. Ikusi zuen Euskaltzaindiaren anagrama Kontuen Ganbarako kristalezko atean eta, hura ezin eramanik, agindu garbia eman: Euskaltzaindiaren egoitza toki diskretuago batean behar zuela. Azkenean, Nafarroako Museoko atzeko aldea utzi zitzaion.

Bost urtez egon zen Euskaltzaindia toki ilun hartan. Bi mahai zeuden, bata Jose Maria Satrustegi euskaltzainarentzat –bera zen Nafarroako ordezkaria-, bestea Gema Insausti bulegariarentzat.

80ko hamarkada garai gogorra izan zen Euskaltzaindiarentzat. “Zonifikazioa” gertatu zen orduan. Akademiak kezka eta protesta agertu zuen 1986an, “Nafarroako Euskararen Legeak, beste gainerako erkidegoetako hizkuntza politiketan ez bezala, Foru Komunitatea hiru lurraldetan zatitzen duelako eta, horrenbestez, lege honek oraindik gehiago estutzen dituelako Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren 9. artikuluak jarritako hizkuntza mugak”. Baina, bestalde, Nafarroako Euskararen Legeak kontsultarako erakunde ofizial izendatu zuen Euskaltzaindia eta horrek indarra eman zion instituzioari. 

Sozialistak zeuden agintean Nafarroako Euskararen Legea onartu zenean, eta Gabriel Urralburu presidente. Bi urte lehenago, 1984ean, Euskaltzaindiak kongresua egin zuen Iruñean, bere hamargarren kongresua, eta gramatikari buruzkoa. Erresuma zaharrean egiten zen lehenengo kongresua izan zen, hain zuzen ere. Eta, esan bezala, 1985ean Euskaltzaindiak egoitza berria lortu zuen, Urralbururen gobernuak emana.

Akademiaren egoitza berria –orain daukan bera, Olivento Kontea kalekoa- inauguratu zen. Esanguratsua da. Mahian, Euskaltzaindiaren izenean, hiru lagun zeuden –Villasante, Satrustegi eta Altuna-, hirurak eliz gizonak eta hirurak hilak. Aldamenean, Nafarroako Diputazioko bi ordezkari: Javier Iturbide (Diputazioko Príncipe de Viana erakundearen zuzendaria) era Román Felones (Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Urralburu lehendakari izan zen urteetan). Entzuleen artean, eserita, Miguel Javier Urmeneta (Iruñeko alkate izana eta euskaltzain urgazlea), Knörr, Harischelhar eta San Martin.

Eta zutik dauden entzuleen artean Mikel Bujanda ageri zaigu, artean gazte askoa, gero Euskalerria Irratia sortuko zuena. 1988an jarri zuen abian euskarazko irrati berria, eta beste fundatzaileetako bat Urmeneta bera izan zen. Euskaltzale haren azken ekitzetako bat izan zen, urte hartantxe hil zen.

Orduan genituen 24 euskaltzain oso haietatik, gaur bi baino ez daude bizirik: Jean Louis Davant eta Pello Salaburu.

Sozialistek hondamendi politikoa izan zuten gero, eta 1996an UPN iritsi zen agintera. 2.000 urtea giltzarri izan zen. Ordu arte, Euskaltzaindiak hitzarmen ekonomiko bakarra egiten zuen lau erakunde fundatzaileekin, lau diputazioekin, eta Nafarroako Diputazioak –Gobernuak- diruaren ehuneko hamarra ipini zuen. Baina urte hartan nafar agintariek hitzarmen propioa egitea erabaki zuten, ez baitzuten Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeekin inolako lankidetzarik nahi. Urte hartan Pedro Pegenaute zegoen Hizkuntza Politikako zuzendari. Hotzaldia etorri zen bi instituzioen arteko harremanetan, baina beti elkarrenganako errespetuz, eta etendurara sekula iritsi gabe. 2002an, 134.000 euro eman zizkion Nafarroako Gobernuak Akademiari; 2008an, 160.000. Gero krisi ekonomikoa iritsi zen bazter guztietara eta izan ziren urte batzuk Akademiak 80.000 euro jaso zituena. Aurten, jadanik UPN agintetik aparte dagoela, diru-laguntza 96.000koa izan da.

90eko hamarkadan, Akademiak hiru aldiz plazaratu zuen protesta-agiria Nafarroako Gobernuak emandako FN irrati-lizentzietan sekula ez zuelako kontuan hartzen Iruñerriko populazio euskalduna. Alferrik izan ziren hiru agiri haiek. UPNek berean tematurik jarraitu zuen.

Argazki horretan beste protestaldi bat ageri zaigu. 2001ekoa eta orduan foru-dekretu baten kontra altxatu zuen ahotsa Haritschelhar euskaltzainburuak. Besteak beste, legez Akademia kontsultetarako erakunde ofizial izanik, agintari politikoek inolako kontsultarik egin ez ziotelako. 

Bada datu historiko bitxi bat: 1950ean, Manuel Lekuonak Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia egin zuenean, ekitaldia Nafarroako Diputazioko areto nagusian –lekurik ederrenean- izan zen.

Nolatan giputz baten sarrera-hitzaldia non eta Iruñean? Hau idatzi zuen Juan Mari Lekuonak osabaren biografia-testuan: “Gipuzkoar baten sarrera Iruñean ospatu izanak esan nahi digu, Nafarroako hiriburuan Donostian eta Bilbon baino erreztasun handiagoak zeudela euskarari buruzko ekintzak bete ahal izateko”. Gaia berriz, hau ibili zuen apaiz oiartzuarrak “Gorozikatik Gurutzeagara edo Gurutzearen izena gure toki-izendegian.

Orduan erbestean zegoen Manuel Lekuona. Calahorran bizi izan zen 1941-1955 epean, gerra zibilaren garaian Francoren alde lerratu ez zelako. Akademiako buru 1950. urte hartan Resurrección María Azkue zen.

Felix Ibargutxi, El Diario Vascon