jueves, 7 de mayo de 2015

ZAZPIGARRENEZ

Zazpigarren aldiz, torturagatik Espainiaren kontrako epaia kaleratu du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak aste honetan. Kasu honetan, Patxi Arratibel, Etxarri Aranatzeko gaztea atxilotu zutenean inkomunikazio garaian egin zizkioten torturak ikertu ez dituelako. Espainiar estatu demokratikoa zazpigarren aldiz zigortu du, torturak tarteko, Europako Auzitegi horrek. Sei kasutan Euskal Herriko gizon edo emakume bati emandako tratu txarrak auzitan jarri ostean ebatzi du Espainiaren kontra. Berriki Joan Mari Torrealdai idazle eta soziologoak, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean atxilotu eta egin zizkiotenak kontatu dizkigu. Egun hartan atxilotu zituztenen artean zegoen Martxelo Otamendi, egunkari haren zuzendaria eta gaur egun Berria egunkarikoa. Hark kartzelatik irten zen unean ETBren kamera aurrean egin zuen lehen salaketa. Bere kasua da Estrasburgok Espainiari egotzi dionetako bat. Torrealdaik erabilitako hitz batzuk hartuko ditut maileguan, errealitatea ongi marrazten dutelakoan: “Torturarik existitzen ez den baina torturatu ugari ezagutzen ditugun herri honetan, ni baino gehiago sufritu duen asko daukadalako inguruan”, horregatik kontatu du orain, berak “infernu” deitu duena. Horregatik, besteak beste. Eta horregatik, beste arrazoi batzuen artean, Espainiaren kalitate demokratikoaren inguruan zalantzak ditu.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Segikoak zirelakoan epaitutako hogeita zortzi gaztetatik zazpi zigortu eta atxilotzen hasi ziren atzo epaia, jakinarazi ere egin gabe. Horietatik hemeretzik salatu zituzten torturak eta “Istanbuleko protokoloa” egin ondoren egiazkotzat jo zituzten. Eusko Jaurlaritzak, 1960 eta 2013. urte arteko tortura kasuak ikertzeko lanaren lehen fasea amaituta, 3600 salaketa jaso ditu.

Zazpigarren aldiz egin du Espainiaren aurka Estrasburgok baina torturarik egon, ez dagoen arren, hainbeste tortura salaketa dauden herri honetan, zazpi aldiz baino gehiago egin beharko du eta gainera era eraginkorragoan egin behar luke.  

Maddalen Iriarte

No hay comentarios: