domingo, 27 de septiembre de 2009

NOR ETA....MARTZELO SATRUSTEGI

Martze Satrustegi Argiñena naiz. Berrogeita hamalau urte dauzkat. Aralar mendi hegalean Alli izena duen herri ttiki batean jaio nintzen, Larraungo aranean. Tafallan bizi naiz eta Leitzako Sarrio papeleran lan egiten dut. Egunero joan eta etorri egiten naiz, Iruñean juntatzen gaituk koadrilatxo bat eta horrela konpontzen gaituk.

Hi euskaldun zaharra haiz, ezta?

Ez bakarrik euskaldun zaharra, euskaldun monolingüe

Non ikasi huen?

Hasiera batean ume kopuru bat eskatzen zuten herrietara maisua bidaltzeko eta, hain zuzen ere, ni hasi nintzenean, kopuru horretara iristen ginen. Gero gutxitu zen eta Iribasera joaten nintzen. Azkenik, hamalau urterekin Leitzera joan nintzen Lanbide Eskolara.

Eskolan nola egiten zenuten, euskeraz ala erderaz?

Dena erderaz, derrigorrez. Gauza bitxia zen, beste izen gogorragoak ez erabiltzearren. Irakasleak ez zekien euskeraz eta guk ikaleok ez genekien erderaz. Pentsazak!

Eta nola amaitu duk Tafallan?

Beno, bizitzaren gorabeherak. Eta euskarak ere zerikusia daukan kontua dek. Hemengo koadrila bat joan zen Oderitzera euskara praktikatu eta sakontzera eta han ezagutu ginen Maribel eta biok. Dagoeneko hemezortzi urte dira hemen nagoela. Noski, herriarekin lotura handia zeukeat, nire bizi puska handia han zegok. Ez bakarrik herriarekin, baizik eta Leitzerekin ere.

Nola ikusten duk euskararen egoera?

Euskera komunikazio bidea dek eta, zentzu horretan, aurrerapauso gutxi eman dituela esango nuke: instituzioetan, bizi publikoan, enpresen antolakuntzan…oraindik oso, oso motz zegok.
Uste diat euskara borrokatik at egon behar dela, denona dela, hizkuntza dek, komunikazio bidea eta, zentzu horretan, bai eskuina bai ezkerra, nahiz edonor izan, altxor hori bultzatu beharra dagoela. Orduan, uste diat jende euskaldunari zerbitzuak euskeraz eskaini behar zaizkiola eta, hortaz, normalizazio hitza oso urrun geratzen dek.
Tafallan nabaritu diat euskarak gora egin duela, nabarmen. Baina ikusi diat ere Ikastolako gaztetxoek hamabi-hamalau urterekin euskeraz egiten zutela eta gero hemezortzirekin ez. Ingurune euskalduna beharko litzateke, baina beno, pixkanaka-pixkanaka joan behar da.

Zerbait esan nahi diek beste euskaldunei? Eta erdaldunei?

Ba, guk ez badugu erabiltzen zaila dela euskerak aurrera egitea eta saiatu behar dugula normalizazioa lortzen; normaltasun osoz, ez bereziak garelako baizik eta gure hizkuntza, gure antzinako altxorra delako, besterik gabe.
Ez dakitenei, ba beraiek ere ez dakitela zer falta duten; alde batetik, bizi diren lekuko antzinako hizkuntza delako eta, bestetik, zailtasunak zailtasun, lanbide ikuspegitik begiratuta ere gero eta garrantzi gehiago izango duelako.
Zaki Iriso (La Voz de la Merindad)

No hay comentarios: