sábado, 28 de septiembre de 2019

MAIORA: EUSKARAREN ALDEKO LANGILE NEKAEZINA

Badira, egunero-egunero, euskararen alde lanean ari direnak, zorionez. Urtea joan eta urtea etorri, hor ditugu beti lan eta lan. Eta horietakoa dugu Fernando Maiora Mendia, Artaxoako ikertzaile fina. Artxiboetan, batez ere Nafarroako Errege Artxibo Nagusian ikusiko dugu, egunero-egunero, ia hutsik egin gabe, bertan diren prozesuak arakatzen, nondik bilduko euskarazko testuren bat, euskaren inguruko berriren bat…
2004. urtean hasi zitzaigun “Euskera en Artajona - Artaxonan euskaraz” deitu liburuarekin. Geroztik, bi urteren buruan “Lo autoctono en Artajona - Artaxonako hitzak eta lurrizenak”.
Eta ondoren, urtero-urtero, bere azterketen emaitzekin, eskaintzen digu liburu bat.
Azkenekoa, gainerakoak bezalatsu, arras interesgarria: “Reino de Navarra. Euskera, lengua inteligible. Causas del retroceso. Injurias, coplas...”.
Bi zati desberdinekin osatu du liburua, lehena “Causas del retroceso” deritzana, zeinetan artxiboak arakatuz ikusi duen zergatik egin duen atzera euskarak. Eta bigarrena, euskal esaldi, hitz eta abar biltzen dituena.
Bigarrenari lotuz, zenbait testu luze samarrez at, gehienak motzak dira, esaldi bakarrekoak edo gehienez ere jota hiru-laukoak. Eta gehientsuenak XVI. mendeko izkribuetatik ateratakoak dira. Bigarren zati hau da handiena, alegia, 75. orrialdetik 148.era harrapatzen baitu, liburuak 186 orrialde dituelarik.
Aditz trinko franko badator (bakarren bat bildu gabekoa?), aditz laguntzaileko flexio franko, berriz, lapurtera klasikokoak diruditenak eta, zer esan, «ukan» irakurtzean Antsoainen 1653an?
Hitzak ere badatoz, hitzetik hortzera, «andur» hitza, Azkuek Bizkaikoa dela dioena. Edo «ozar», Arakilen bertan idatzia edo. Nonbait, euskara batuago bat izan zen garaiak izan ziren.
Eta «eze» eta «ezi» partikulak han eta hemen. Ez da, bada, erdaretatik hartutakoa zenbaitzuen ustez? Hala balitz, Leizarraga baino lehenago ageri dira Nafarroako hainbat eskribauen idatzietan. Usu, oso usu.
Eta, beharbada, izanen du azalpen logikoa, baina “Donostiako hiru damatxo” kantua 1566. urtean azaltzean, harritu nau izugarri. «Donostiaco Yru damacho e Renteria dendari ostenere vada qui te baña», horrela ageri da.
Aipatutakoez gain, beste gauza bitxi eta are harrigarria ere irakurtzeko aukera paregabea eman digu Maiorak. Eta bide ere bai hainbeste filologori. Ea hor ageri diren sekretutxoak azaleratzen laguntzen diguten, orain lau urte Ekaitz Santaziliak liburu bat iruzkindu eta zabaldu zuen bezala!
Dena dela, esan gabe ezin utzi, zein baztertuak ditugun euskararen alde hainbeste egiten ari diren idazle eta ikerlariak! Non dago Euskal Herria? Maldan gora ala maldan behera? Ikusten eta entzuten duguna ikusiz… dudarik ez dago.

Juan Alemán Astiz, naiz.eus-en

No hay comentarios: