domingo, 1 de febrero de 2015

ABERTZALETASUNA EZ DA SABINISMOA

Pasa den urtarrilaren 26an Sabino Aranaren 150. urteurrena ospatu da. Aitortu behar da ukaezina dela ikurrinaren asmatzaileak izan duen eragina XX. mendeko abertzaletasun politikoaren osaketan eta garapenean, beraz, logikoa da omenaldi eta oroipen ekitaldi anitz burutzea mugaegun horretan. Baina seinalatu behar da, halaber, ospakizun horietako askotan euskal aber-tzaletasunaren gaineko ikuspegi partzialak nagusitu direla eta sakontasun handirik gabe berehala jo dela partea baizik ez dena absolutu bezala tratatzera. Horrela gertatu da, nire ustez, “Sabin Etxean” eta beste foroetan entzun diren hainbat diskurtsoetan; Sabino Arana abertzaletasun modernoaren sortzailea izan dela erratera iritsi delarik. Beraz, begirune osoz, baina modu kritikoan, nire desadostasuna agertu nahi dut.

Lehenik erran behar da pentsamendu abertzalean ez dagoela sortzezko batasun eta abiapuntu bakarrik, ez sabinianorik ez bestelakorik. EAJko fundatzaileak, beraz, ez du agortzen abertzaletasun modernoaren iturria; aldiz, zuzena da bera baino lehenagoko beste pentsalari batzuk bidea urratzen hasi zirela seinalatzea. Horrela, Arana Jaunak aldarrikatutako abertzaletasun erromantiko, kontserbadore eta konfesionalaren aurrean (Jaungoikoa eta Lege Zaharra) tradizio errepublikazalezko aurrekari arraso inportante batzuk izan genituen euskaldunok; hain ezaguna ez den baina testigantza guztiz eredugarria utzi zigun Agosti Xaho zuberotarra, errate baterako. Xaho, sozialista eta errepublikazalea izanik, Euskal Herriaren independentzia proposatu zuen Espainiak eta Frantziak haren gainean ezar-tzen zuten zapalketa politikotik askatzeko. Historiak ez du sobera ongi tratatu Xahoren pentsamendua eta ia ezezaguna izaten jarraitzen du Hegoaldeko euskaldunen artean ere, besteak beste diskurtso boteretsuenak bere nagusitasuna inposa-tzen baitu euskal abertzaletasunaren teorizazioan ere. Baina konbentzituak gaude gaur egungo abertzaletasun eredu berria biziki aberastuko litzatekeela Xahoren proposamenetara gehiago hurbilduko balitz.

Baina ez da Xaho aipa daitekeen adibide bakarra. Nafarrok Serafin Olave, I. Errepublikako diputatu nafarra proposa genezake errepublikazale federalistaren adibide gisa. Honek Nafarroa (Nafarroa Behera barne), euskal probintziak eta Errioxa bilduko lukeen federazio bat proposatu eta Nafar estatua aldarrikatu zuen. Jarrai genezake baina dagoeneko aski da exenpluetan sobera ez luzatzeko.

Dena den aurreko guztia ongi dago ezagupen kultural gisa baina, horretaz landa, agerian utzi nahi nuke abertzaletasunaren ikuspegi aldebakarreko horrek eragin murriztaile bat izan duela ondorengo politikagintzan, gaur egunean bizitzen ari garenean alegia. Izan ere hainbat kasutan zaila egiten baita abertzaletasunaren barrenetik ikuspegi nafarrak edo iparraldekoak -batzuentzat periferikoak diren horiek- defendatzea bizkaitarrismoaren aurrean. Horra hor “Euskadi” terminoaren erabilerari buruzko gorabeherak, Nafarroako bandera Euskal Herri osoko ikur gisa erabiltzearen inguruko zalantzak, etab. Dudarik gabe zentralismo desegoki horren muinean kultura abertzalea bere aniztasunean ez ezagutzea eta sabinismoaren gehiegizko eragina daude. Beraz, koka ditzagun gauzak bere tokian eta sinets dezagun etorkizunari begira abertzaletasunaren teorizazioa ezkerretik, errepublikazaletasunetik eta orain arte periferiatzat hartua izan den esparru geografiko horietatik aberastu behar dugula topiko historikoetatik haratago.

Xabi Lasa Gorraiz, Aralar Nafarroako koordinatzailea

No hay comentarios: