sábado, 25 de abril de 2015

"EUSKARAZ BIZI NAHI DUT", ALDARRI OZENA ANAITASUNAN

Emozioa agindu zuten Kontseiluko kideek eta emozioa izan genuen atzo arratsaldean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Nafarroan ere, oztopo guztien gainetik, euskara bizirik dagoela aldarrikatu zuten. Horretarako, lan eskerga egin behar izan bada ere. Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko esatariak Ruper Ordorikaren hitzak hartuta nabarmendu zuenez, «Nafarroan euskalduna izatea gauza ederra da, baina gogorra ere bai».

Nafarroan bizi diren egoera gogorren berri eman zuten atzo Anaitasunan, bai. Baina hizkuntzaren indarraren berri ere izan zen.

Eneko Olasagasti zinema zuzendariak prestatu zuen ekitaldia oso sinbolikoa izan zen. Goitik behera beltzez jantzitako pertsonaia batzuek euskarari trabak jartzen zizkioten behin eta berriz. “Baldorba” abesten zuen talde bat harresi baten atzean utziz, adibidez, Nafarroak pairatzen duen zonifikazioaren isla. Herritarren lanari esker harresi hori bota eta euskararen zutabeak altxatu zituzten. Baina zutabeak zutitutakoan beltzez jantzitakoak bueltatzen ziren egindakoa suntsitzera. Behin eta berriz, ekitaldi osoan zehar. Hamaika bider.

Anaitasunako pistan paraturiko aulkietan eserita zeuden herritarrak altxatu eta harresia osatu zuten arte. Beltzez jantzitakoek ez zuten aukerarik izan eta etorritako bidetik bueltatu behar izan zuten.

Sinbolismoa bai. Publikoaren parte hartzea ere bai. Baina testigantza ugari ere izan genituen atzo Anaitasuna kiroldegian. Bideoz zein zuzenean.

Artaxoa eta Mendigorriako haurren amen testigantza izan zen horietako bat. 1.400 ikaslek bost milioi kilometro egin behar dituzte urtean, euskaraz ikasi ahal izateko. Euren herrietan eskola dute, baina ez euskarazkoa. Euskararen Foru Legeak ezartzen duen muga artifizialak eskubide hori kentzen die.

Eguraldi kaskarra denean gurasoek izaten duten beldurra gertutik ezagutu genuen. Hiru urteko haur bat auto batean sartzea zein neurriko ahalegina den entzun genuen. Esfortzuak gertutik sumatu genituen. Baina horiekin batera, elkartasuna ere badela jakin genuen. Euskararen aldeko jaiak izan direnean herritarrek egindako lanaren berri izan genuen. Elkarte ugarik egindako guztiaz konturatu ginen.

Eta atzo Anaitasunan izan ez bazen ere, Patxi ezagutu genuen. Artaxoa eta Mendigorriatik Garesera ikasleak eramaten dituen taxiaren gidaria. Zonifikazioak bezala ez hanka ez bururik ez duen egoera batek ezohiko harremanak sortzen ditu. Eta euskaraz ikasten duten haur horientzat Patxi ez da taxi gidaria soilik, osaba baizik. Familiakoa ez bada ere.

Zalantzarik gabe, unerik hunkigarriena Adrian Marturet gogoratu zutenekoa izan zen. Bederatzi urte zituen hil zenean. Bere herrian ezin zuen euskaraz ikasi eta Lizarrara joaten zen egunero. Oraindik ere urtean bost milioi kilometro egiten dituzten haur horien antzera. 1999an hil zen Adrian. Eta egoera ez da konpondu. Oraindik ere. Txalo zaparrada ugari izan ziren atzo Anaitasuna kiroldegian, baina Adrianen amak, Arantza Asiainek jaso zuen txalo zarta bero eta hunkigarriena. «Gure seme-alabak ez dira bigarren mailakoak. Lehen mailakoak dira eta eskubide guztiak dituzte», nabarmendu zuen Adrianen amak oholtza gainetik. Eskubide guztiak dituzte, bai. Baina legeak ez dizkie onartzen. Eta errepidea ongi baino hobeto ezagutzen dute.

Euskararen transmisioa bermatzeko ahaleginak egin dituzten gurasoen lanak ere txalo ugari jaso zituen. Fabrikan txandako lana egin eta gero euskaltegirako bidea hartzen zuten gurasoen istorioak entzun genituen. Izan ere, motibazio handia zuten, ikastolara joaten ziren seme-alabekin euskaraz hitz egin ahal izateko, etxeko lanekin lagundu ahal izateko. esfortzu handia egin zuten eta helburua bete zuten. Are gehiago, egun bilobekin euskaraz aritzeko gai dira.

Euskarak Nafarroan etsai ugari baditu ere, hizkuntza honen aldekoak ere asko direla erakutsi zuten atzo Iruñeko Anaitasunan.

Euskarak Nafarroan ere aurrera egin duela eta hori ospatu beharra dagoela; horixe adierazi zuen atzo Anaitasunan Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. «Azken urteotan euskararen benetako historia zertan izan den ikusten ari gara. Izan ere, guztion lanari esker, gizartea aldatzen ari gara», esan zuen.

Gauzak horrela, Nafarroan aldaketa behar dela nabarmendu zuen. «Mezu hori gero eta gehiago ari gara ikusten, entzuten, sentitzen. Aldaketa ezinbestekoa da. Halere, kasu! Aldaketa ez da benetakoa izanen, euskarak ez badu zentralitatea hartzen. Gu ere aldaketaren premian gaude, baina euskara ardatz izango duen aldaketa», zehaztu zuen.

Aldaketa hori egokia izan dadin, euskararen normalizazioaren zutabeak indartu behar dira. Lehena, marko juridikoa da. Egungo zonifikazioa gaindituko duen legea eskatu zuen, bazterkeriarik gabekoa eta eskubide berdintasunarekin. Bigarren zutabea plangintza da, Nafarroako Gobernuak ez baitu euskara normaltzeko planik. Hirugarren zutabea baliabideak dira, euskaran inbertitzea, hain zuzen.

«Hiru zutabe hauek ez daude batere sendo. Zutabe ahulak dira eta aldaketak zutabe hauek sendotu egin beharko ditu. Halere, badugu laugarren zutabe bat. Izan ere, hizkuntza bat berreskuratuko da, baldin eta hori nahi duen komunitate bat badago atzean. Herri gogoa, euskaraz bizi nahi duen herria! Eta zutabe sendoa, zutabe irmoa», erantsi zuen, Anaitasuna indar horren adierazle dela gaineratuz.

Hemendik aurrera, mezu hau nork bere esparruan hedatzeko deia egin zuen. Kontseiluak hamahiru proposamen zehatz duen dokumentua helaraziko die alderdi politikoei

BERRIA

No hay comentarios: