Julio Soto bakarra, baina hiru tokitakoa aldi berean?
Iruñean sortu eta hemen bizi naiz, baina aita Gesalaz ibarreko herri txiki-txiki batekoa da, Irurrekoa, eta ama Gorritikoa. 15-16 urtera arte asteburuak eta oporraldiak bien artean banatzen genituen. Nik azkeneko urteotan joera handiagoa izan dut Gorriti aldera euskararengatik eta bertsoarekiko loturarengatik. Han ikasi dut gauza asko eta hango sentitzen naiz, baina hiruetan egoten naiz gustura.
Hirian bizi den baserritarra zara zu?
Baserri mundura oso lotuta bizi izan naiz txikitatik. Aitaren partez nekazariak dira eta amaren aldetik abeltzainak; behiak eta behorrak hazten dituzte. Neroni ere oso zalea naiz eta ordu asko igarotzen ditut behorrekin. Nire lehen pasioa hori da, abeltzain mundua. Hori dela-eta Nekazal Ingeniaritza ikasi nuen eta hura bukatzean nire bigarren pasioak, hitzekiko zaletasunak, filologia ikastera eraman ninduen.
Abeltzain ikusten duzu zeure burua etorkizunean?
Nire bizitzako ametsik handiena izan da baserri bat edukitzea eta behorrekin bizimodua atera ahal izatea. Betiko baserri bat: goian ganbara, erdian bizitza eta behean ukuilua behor, behi eta ardi batzuekin. Hori izan da betidanik, eta bada, nire amets idilikoa. Granja industrialak baino gehiago baserriaren xarmak erakartzen nau.
Ekonomikoki zaila, ezta?
Ez da bideragarria. Edo herentzian jasotzen duzu edo ezin da. Eta hala izanik ere gaur egun oso zaila da. Neure buruari esaten diot ezinezkoa dela, baina gero ikusten ditut horretara animatzen diren gazte ausartak eta inbidiaz begiratzen diet.
Baserri mundua eta euskara, zure bi pasio horiek asetzeko bidea aurkitu zenuen unibertsitatean?
Egia esan ez ingeniaritzan ez filologian ez nuen aurkitu neure iritziz izan beharko lukeena. Ingeniaritzan hiru urte eman genuen animaliarik ukitu gabe eta garirik zanpatu gabe eta filologian ere dena oso teorikoa zen. Power Point asko eta burua eragiteko akuilu gutxi. Informazioa eman edo bilarazten dizute baina gaur egun, hainbeste informazio egonda toki guztietan, nik uste dut unibertsitateak ikaslearen kontzientzia astintzeko tokia izan beharko lukeela, ikaslea intelektualki formatzeko lekua. Praktikoagoa. Eta eskoletan ere gauza bera gertatzen da: memorizazio lana da batez ere. Ikasleari ez zaio hitz egiten uzten. Eskoletan hitzetik, oratoriatik eta erretorikatik gehiago egon beharko lukeela uste dut. Eta zer esanik ez Euskal Herrian. Hezkuntza sistema hau hemen dagoen euskararen maila apalarekin lotzen dut. Iruñerrian hori oso nabaria da, baina tamalez, Nafarroako eremu euskalduneko puska handi batera ere hori hedatu da. Gorritin, Larraunen bertan, euskararen kalitate maila dezente jaitsi da. Eskolan oso gutxi hitz egiten dute eta egiteko daukaten aukera bakanetan, jostaldietan, erdarara lerratzen dira gainerako guztia erdaraz egiteko ohitura dutelako. Euskaraz hitz egiteko trebezia eta konfiantzarik ez dute. Nik behintzat oso gordin bizi dut hori eta iruditzen zait nire eskola garaian jendeak Iruñean hobeki hitz egiten zuela gaur egun baino. Nire ustez gaur egun D ereduak ez du bermatzen euskaraz hitz egiten aterako zarela maila onargarri batean. Pertsona asko ikusi ditut hamabost urte D ereduan eman ondoren, 18 urterekin, neke handiz hitz egiten dutenak. Hor bada akats handi bat. Hezkuntza sistemak oro har, eta bereziki gureak, iraultza bat behar luke alde horretatik, bestela iruditzen zait hemendik aurrera oso gaizki ibiliko garela.
Bizimodu aldaketaren eragina ere izan daiteke? Aurrez aurreko harreman gutxiago dugu egun?
Bai. Azken urte luze hauetan gero eta gutxiago hitz egiten da etxeetan, familietan. Afalostean beti dago telebista tartean eta orain sofan dagoen jende adina mugikor dago eskuetan. Oso isilik bizi gara, pantailetara begira. Plazan gero eta gutxiago jolasten dira haurrak eta hitz egiteko trebetasuna galtzen da. Gure kasuan, gainera, arazoa biderkatu egiten da telebistatik, pantailetatik ia dena erdaraz jasotzen dugulako.
Lengoaia da gure pentsamenduak ordenatzeko dugun baliabidea?
Askotan hitz egiten duzunean ohartzen zara zer pentsatzen duzun, zer sentitzen duzun. Niri hori askotan bertso bidez gertatzen zait. Zailtasunak izaten ditut hitz egiteko, hitzez nire sentimenduak azalaraztea kostatzen zaidalako, agian lotsati samar naizelako, baina bertsoen bidez, zorionez, lortzen dut. Eta uste dut isiltasuna ere oso garrantzitsua dela. Niri behintzat asko laguntzen dit. Isiltasunean gauzak pentsatu eta neure burua aurkitzen dut. Eta esango nuke hitz egitea gero eta gehiago kostatzen zaigun bezala, gero eta deserosoago sentitzen garela isilik.
Behorrek laguntzen dizute horretan?
Naturak, oro har, laguntzen dit horretan. Nire barruko bakea bilatzen dut nik hor.
Zer da hainbeste jende, eta jende gaztea gainera, erakartzen duena hitza oinarri duen bertsolaritzara?
Bertsolaritzak berezko lilura hori dauka: hitza. Bat-bateko hitza. Magia hori erakargarria dela uste dut. Bertsoak emozioak sortzeko daukan gaitasuna, bai bertsolariari bai entzuleei. Gauza asko nahasten dira, baina emaitza komunikazioa da, sentimendu batzuk eragitea. Entzule batek esan zidan finalean lehenbiziko aldiz negar egin zuela bertso batzuekin. Egia esan, hunkitu ninduen. Gauza ederragorik ez dago: zure bertsoen edo duzun arte moduaren bidez, pertsona batengan irribarrea edo malkoak eragitea.
Gizartearen ideia batzuk aldatzeko tresna ere bada bertsolaritza?
Bertsoak bere indarra du. Potentzial oso handiko tresna da gai askori buruz hitz egiteko eta gizartea aldatzeko, beste arte modu guztiak bezala. Bertsolariak badu askatasuna pentsatzen duena esateko eta bertsoak badu ideia eta sentimendu batzuk sortzeko ahalmena. Bertso batek ez du gizartea aldatuko, baina gure aletxoa jartzen dugu. Lehengo egunean, adibidez, finalean, kantatu genuen 70 urterekin lehenbiziko aldiz masturbatzen den emakume bati buruz. Uste dut entzule batzuk lehen zeukaten gai horren inguruko pertzepzioa eta orain daukatena ez dela berdina, agian saio horren ondoren pentsatuko dutelako zer lanak izan dituzten emakumeek beren buruari plazera emateko.
Bertsolari handiok iritzi sortzaileak zarete?
Jende ugari dago asko pentsatzen duena, baina bertsolariak abantaila du egoera askotan, rol desberdin askotatik kantatu beharra izaten duela eta zenbait gairi buruz derrigor pentsatu behar duela. Iritzia askotan eskatzen digute hizketan ere gure ideiak entzun nahi dituztelako, baina bertsolaria ez da beste inor baino gehiago eta ez daki inork baino gehiago. Oso uste okerra dago bertsolarien inguruan: edozein gauzari buruz asko dakigula, intelektual handiak garela… Hori ez da egia. Ez gara estralurtarrak eta batzuetan gehiegi baloratzen gaituzte.
San Frantzisko eskolan, Alde Zaharrean, bi talde dituzu bertso eskolan eta beste bat Arrotxapean, 10 eta 13 urte bitarteko neska-mutilekin. Zer moduz irakasle gisa?
Oso sentsazio atseginak bizitzen ari naiz, ikusten dudalako umeak euskararekin jolasteko gogoz datozela eta gainera egin dezaketela. Ikusten dutenean euren burua horretarako kapaz, erakarrita sentitzen dira. Nahi dute magia horrekin segi eta hori lehen pausoa da euskarara hurbil daitezen. Hori da bertsoaren funtzio nagusia euskalgintzan, batik bat hemen Nafarroan. Sentsazio horrek izugarri asebetetzen nau. Horregatik egiten dut hain plazer handiz.
Anaiaren galerak markatu zaitu aurtengo txapelketan. Gogorra, noski.
Reyes Ilintxeta (ARGIAn)
No hay comentarios:
Publicar un comentario