domingo, 21 de febrero de 2010

NOR ETA.....ANGELINES AOIZ ETA ANA GOIEN

Ale honetarako elkarrizketa berezia da; izan ere, elkarrizketatuak bi baitira. Bitxia da, baina Tafallako Eroski berriko arrandegira bazoaz, beti euskaraz egin ahal izango dituzu erosketak. Hor Angelines eta Ana aurkituko dituzu, neska jator eta prestuak, koadrila berekoak eta adin beretsukoak. Atsegin handiz esango dizute zein den garaiko arrain goxoena; zeinek duen preziorik interesgarriena eta nola prestatzen den hau edo hura.
Ana Uxuen jaio zen duela hogeita hamazazpi urte, nahiz eta hirurekin Tafallara etorri; Angelinesek hogeita hamasei urte ditu eta Tafallakoa da. Eroskin lan egiten dute, arraindegian, esan bezala; hamazazpi eta bederatzi urte daramatzate hurrenez hurren; biak bazkideak dira, bertako langile gehienak bezala. Kontatzen digutenez, denetatik egin behar izan dute: frutategian egon, kutxan, arraindegian eta abarretan. Eroskikoek horixe nahi omen dute, langileek denetatik ikas dezatela, badaezpada ere. Anak, esate baterako, zortzi urte eman zituen Eroski zaharrean frutategian.
Angelinesek hemeretzi urte ingururekin ekin zion euskara ikasteari Tafallako AEKn. Esan daiteke soilik hor ikasi zuela, lan arazoak zirela eta, hamabost eguneko ikastaro trinko bat Zaldibin baino ez baitzuen egin
Ana hamabost urterekin hasi zen. Oraindik gogoratzen du bere lehenengo ikastaroa. Ikastolako gela batean izan zen eta bere irakaslea Iñaki Izko. Oso ongi pasatzen zutela eta pila bat ikasi zuela gogoratzen du irribarretsu. Ondoren AEKn jarraitu zuen, hamabost egun Zaldibin eta hilabete bat Ondarrun.
Praktikatzeko aukera badute: lantokian bertan euskaldun gehiago dago eta bezero batzuekin beti euskaraz egiten dute. Ana "Mintzakide" proiektuan dago eta ostegunero lagun batzuk elkartzen dira ordubetez kafetxo bat hartzeko eta mintzatzeko. Gainera, auzoko eta senide batzuekin ere jarduten dute. Seme-alabekin, jakina, beti euskaraz egiten dute. Ahopeka aitortzen digute, haatik, koadrilan, harritzekoa bada ere, denak euskaldunak direla, baina sarritan erdaraz komunikatzen direla.
Gero eta euskaldun gehiago dagoela diote, hori nabarmena dela; hala ere, tamalez, ez dela euskara asko entzuten gure karriketan, gehiago hitzegin beharko litzatekeela, batez ere gazteen aldetik.
Zertan datza zuen lana?
Lehenengo gauza arraina eskatzea da. Horretarako, noski, kontuan hartzen dugu asteburua den, hilabete hasiera ala bukaera, festaren bat dagoen....Ferietan edo inauterietan, adibidez, gutxiago saltzen da. Horrez gain, dena muntatu behar dugu, arraina saldu, garbitu, etab.
Soberan geratzen den arrainarekin zer egiten duzue?
Normalean hurrengo egunean merkexeago saldu eta egoera txarrean badago, bota.
Garrantzitsua da garaian garaiko arraina kontsumitzea, ezta?
Bai, oso. Jende helduak kontrolatzen du, baina gazteek oso gutxi. Dena den, geuk esan ohi diegu. Orain, adibidez, antxoa eta legatzaren denboraldia hasiko da eta zefalopodoena bukatuko. Laster berdelarena etorriko da, gero hegaluzearena, etab.
Nondik ekartzen da arraina?
Mundu osotik: Kantauritik, amu-legatza; Italiatik, antxoak; Hegoafrikatik, legatza hemen ez dagoenean; Indiatik, txipiroiak. Vietnametik....eta abarretik.
Abioiez ekarriko da, ezta?
Bai. Badakizu Gasteiz dela estatuko itsas porturik garrantzitsuena. Eta fresko-freskoa iristen da, ez pentsa. Hegoafrikako legatza, adibidez, harrapatu eta hirugarren egunean gure eskuetan dago; Kantaurikoari baino egun bat gehiago bakarrik kostatzen zaio Tafallaraino iristea. Indiako produktua izoztua dator eta Amorebietako planta nagusian desizozten dute.
Nabari al da hilabete bukaera edo hasiera den?
Pila bat. Adibidez, urtarrilean azkeneko astea, Sansebastian pasa eta gero, negargarria izan zen. Hileroko lehenengo astea, berriz, oso ona izaten da.
Arrain zaleak al gara tafallarrak?
Dudarik gabe, gero eta gehiago. Eta gazteak ere bai. Gero eta gehiago zaintzen dugu osasuna eta arraina paper handia hartzen ari da kontu horretan.
Eta zuek arraina gustukoa duzue?
Asko. Ikusten duzu hain goxoa eta prezio onean, ba, azkenean eramaten duzu. Guk astean bost bat aldiz jaten dugu.
Zaki Iriso (La Voz de la Merindad)

No hay comentarios: