lunes, 22 de febrero de 2010

EUSKARAREN MUNDUAREN KOLOREA

Euskararen munduan gabiltzanok ongi asko dakigu zein nekagarria den hizkuntza horren, honen, defentsaren teoriatik ekintzara pasa- tzea. Ez dugu sarritan horrelakorik aipatzen, batzuetan sumatzen dugun etsipena kutsa ez dadin, hain nekaturik ez dagoenak aurrera egin dezan, ikurra beti altxatua egon dadin. Euskaraz bizi nahi duenak urruti du zerumuga, batez ere hiriburuetan. Eta helburuaren atzetik abiatu baino lehen, jakin beharko luke zerk espero dion baldin eta oztopoak gainditu nahi baditu. Antzeman beharko ditu lehenik, salatu ondoren, eta, ahal duenean, trabak ezabatu beharko ditu.

Trafikoko seinaleak edo eraikin publiko askotakoak, administrazioarekiko harremanak, euskara entzun bezain laster muturra okertzen duen dendariaren protesta gehienetan isila, ba- tzuetan zuzena. Bi kafesne eskatzerakoan, esandakoa ulertu ez duela dioen tabernaria.

Urte mordoska pilatu duenak badaki lehen oztopoak gaindiezinak zirela, kalea guztiz gaztelerarena zela, ez bazen hainbat herri txiki seinalatutan. Sasoi ez hain urrun hartan euskaldun batekin topo egitea senitarteko bat aurkitzea zen ia-ia. Kontsolamendu horrek ez du, ordea, gorago aipatutako nekea arintzen.
Gero esango dute, egunotan hainbeste entzuten denez, euskararen kontua politizatua dagoela, kolore politiko zehatzegia eta nabarmenegia duela. Kolore bakarra, gainera.
Bada, horrela balitz, erantzukizun nagusia ez litzateke euskaldunona, ezta euskaltzaleena ere, euskaldun izan nahi ez dutenena baizik, ez baitio inork inori euskara ikastea debekatzen. Are euskararen monopolioa salatzen dutenei, ez die inork urteko euskal nobelarik hoberena idaztea debekatzen, edo bertsorik zorrotzena botatzea galarazten. Euskararen mundua ez du inork bahitu. Hori bai, askori ez zaio interesatu izan. Edo, okerrago, askok pentsatu izan du mundu hori zaharkitua zegoela, iraganarekiko nostalgikoz betea.

Gehiegizko politizazioa edo are euskararen diktadura salatzen dutenek euskaraz ikasiko balute, anitzagoa izango litzateke gure mundu txiki, adoretsu eta nekatu hau.
Arantxa Urretabizkaia

1 comentario:

Txorimalo dijo...

Egunerokoaren kontakizun gardena benetan. Egia biribila.
Blog honetako egileak ere, apunte batzuk hartu beharrean dira ba.