domingo, 30 de mayo de 2010

MARCELINO GARDE: ZARRAKAZTELUKO EUSKALTZAIN

Marcelino Garde Villafranca 1925eko urriaren 2an Zarrakaztelun jaio zen. Aita EAJko kidea zen eta herrian Centro Vasco zeritzana bazegoen Errepublika garaian. Haurra zelarik lehen euskara eskolak hartu zituen herrian Florencio Lazkano beteluarraren eskutik. Frankismoarekin batera euskal kultura sustatzen zuten elkarte guztiak debekatuak eta deuseztuak izan ziren eta Marcelinok txikitatik lehen etena ezagutu zuen 1936ean.

Iruñeko apaiztegian frankismoaren hastapenetan euskara klaseak bertan behera utzi bazituzten ere, Intxaurrondoren gramatikarekin lotu zen berriro ikasketara, Igandea izeneko euskarazko gehigarri bat argitaratzen saiatu ziren arrakastarik gabe eta 1945az geroztik lehen euskarazko olerkiak idazten hasi zen.

Apaiztu ondoren Pirinio aldera etorri zen, Gazteluberrira lehenik, 1952an Uztarrozera eta 1954ean Gardera. Erronkariko ibarrean euskararen aldeko lanari ekin zion. Hilzorian zen Erronkariko uskara grinaz maite zuen Gardek eta hainbat material idatziz eta grabazioz bildu zituen. Bestalde ikastalde bat antolatu zuen eta 1954ean El Pensamiento Navarro egunkarian "Erronkari txoriñoa" erronkarieraz idatziriko olerkia argitara eman zuen. Bere euskal eta erdal olerkiak Príncipe de Viana eta Agur aldizkarietan agertu ziren ondoko urteetan.

1963an Vatikanoko Kontzilioak zekarren irekieraz baliaturik, Hego Euskal Herriko eta Diasporako 500 apaiz inguruk frankismoa salatzen zuen gutuna bidali zuten Kontziliora, sinatzaileetatik 50 nafarrak ziren, tartean Garde zegoen. Eskutitzean garai hartako sistema politiko espainiarraren hainbat errealitate gordin agertarazten zituzten: alderdi politiko eta sindikatuen debekua, oinarrizko eskubideen gabezia, zentsura latza, estatuak informazioaren monopolioa edukitzea, gutxiengo etnikoen eskubideak ez aitortzea....Tenore hartako frankismopeko Nafarroan eskutitzak eskandalu handia eragin zuen agintarien artean eta errepresaliak jaso zituzten idatziaren bultzatzaile izan ziren Martin Arrizibitak eta Marcelino Gardek.

Gutunaren gertaeraren ondorioz zarrakazteluarra Ioar aldera Genevillako herrira parrokiaz aldatu zuten, bertan nekazal kooperatibaren eraketan parte hartu zuela. Genevillatik Irunberri ondoko Erripodasera bidali zuten. Urraul Beheitiko herri honetan jarraipena eman zion euskararen aldeko etengabeko jardunbideari.

Horiek horrela, Jose Estornes Lasari lagundu zion Erronkariko Uskara gramatikaren osaketan. 1964ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, halaber, Amigos del País kultur elkartearen eta Iruñeko ikastolen sorreran aritu zen.

Urte horiek sorkuntza zenbaten lekuko izan ziren: ikastolak, euskara batua, Ez dok hamairu mugimendua, Jorge Oteizarenak, Gabriel Arestirenak.....

Eztabaidak eta desadostasun franko zegoen hainbat hizpideri buruz. Konparazio baterako, euskara batuaren inguruko debatean Gardek euskaltzain urgazle izan arren finkatu zen batuaren aurka egin zuen. 1978an Lino Akesolok, Agustin Zubikaraik eta beste hainbat euskaltzalek Euskerazaintza (Euskeraren erri akademia) sortu zuten. Akademia alternatibo honetan euskalkiei ematen zieten lehentasuna. Gardek bat egin zuen erakunde berri honekin.

Zer nahi gisaz ere, ardurak hartzeari ez zion muzin egin zarrakazteluarrak: 1973-1985 bitartean Príncipe de Viana aldizkariko euskarazko gehigarria zuzendu zuen.

Bestalde Diario de Navarrako euskarazko Nafar Izkuntzaren orria zuzentzen zuten Irigaraik eta Satrustegik dimisioa eman zuten 1976an, antza denez egunkariak zuen euskararen kontrako jarreragatik, Gardek hartu zuen orri haren ardura. Bertan Martina Lasa hil berriaren omenez "Tia Martina izabarra il da" artikulua plazaratu zuen.

1990ko maiatzean Euskerazaintzako agerkarian azken olerkia argitaratu zuen: "Urantzien artean", handik gutxira hil zen azaroaren 22an.

Euskerazaintzak omenaldi bat eskaini zion Zarrakaztelun eta plaka bat paratu zuen Garderen omenez hura jaio zen etxean. Plaka hori 1991ean desagertu zen.

Ikuspegi frankotan gizon polemikoa suertatu zen Marcelino Garde, bere ekarpena makina bat idatzitan bilduta dago, haiek ikertzea asmoa polita litzateke orain. Gerindabai-ren blogspotean irakurri dugunez, Garderi buruzko lan bat prestatzen ari dira.
Ekialde

No hay comentarios: