Nafarroa Oinezaren ekimenen artean, ‘Anderea’ dokumentalaren aurkezpena aurkituko dugu hurrengo asteazkenean, otsailak 23. 19:00etan izango da Tafallako Kultur Etxean. Bertan izango da Yolanda Mazkiaran, filmaren zuzendaria, zeinek proiekzioaren aurretik aurkezpen laburra egingo duen eta ondotik ere elkarrizketarako prest egonen den.
Dokumentalak azpitituloak izango ditu, eta hortaz, euskara menperatzen ez duenak ere inolako arazorik gabe jarraitu ahalko du filma.
Anderea dokumentalaren aurkezpena 2022ko Nafarroa Oinez jarduera programan, ikastolaren jarduerarekin bat egiten du, Nafarroa Oinezen aitzakian, ikasgelatik at, euskal mitologiaren inguruan aritzeko aukera eskeiniz. Halaber, dokumentala auzolan testuinguruan sortu da, ikastola eredual eta Nafarroa Oinez berak oinarri dutena.
Kondairak beti izan dira historiaren parte. Betidanik, gizakiak bere inguruan gertatzen denaren gaineko azalpena izateko beharra sentitu du, horretarako pertsonaiak eta izaki mitologikoak sort dituelarik.
Euskal Herrian, mendi eta basoei lotutako mito eta kondaira asko dago, bertan bizi ziren izakiak oinarri hartuta, errealitatea sinesmenekin nahastuz. Zaila izango da Euskal Herrian Mari pertsonaia mitologikoa ezagutzen ez duen norbait topatzea.
Anboto, Oiz, Mugarra, Aketegi, Murumendi, Txindoki, Gorbeia, Orobe… Bizileku ugari du Marik Euskal Herrian, euskal mitologian jainkosa nagusia, Anderea do Dama izenaz ere ezaguna dena.
Batetik bestera ibiltzen da, aurretik lau zaldi dituen gurdi batean eserita; zerua ziztu bizian zeharkatzen duen suzko bola bilakatuta; ahari baten gainean; edo kateak arrastaka. Lurpean animalia itxuradun, emakume dotore azalera irteten denean, gorriz jantzita maiz.
Yolanda Mazkiarani haurra zela kontatzen zizkion aitak herrian bertan, Orobeko kobazuloan bizi zen Damaren istorioak. Orduan ez zen jabetzen, baina gerora, istorio haien atzean oso interesgarria den mundu bat zegoela konturatu zen, baita galtzear zegoela ere.
Sakontzen hasi zen orduan eta urteak eman ditu zeregin horretan. Izan ere, bere kabuz, bere baliabideekin eta sekulako esfortzuaz sortu du ordu eta laurden pasatxo irauten duen dokumentala.
Mariren ikuspegi ahalik eta zabalena osatzeko zenbait adit elkarrizketatu ditu, besteak beste Juan Ignazio Hartsuaga, Claude Labat, Ixabel Millet, Josu Naberan, Toti Martínez de Lezea, Pello Zabala eta aparteko laguntza eskaini dion Enrike Zelaia.
Yolandaren iritziz, gaurkotasun handiko mezua dakar Andereak. Ez da bakarrik iraganeko oihartzuna, ezta gutxiagorik ere, lurrarekiko errespetua eta zaintzaz mintzo zaigu, baita emakumearen protagonismoari buruz ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario