Abortua legeztatzeari bide eman dio Argentinako Diputatuen Ganberak, eta Senatuak erabaki beharko du orain lege proiektuaren inguruan; hark izango du azken hitza. Aldeko 131 boto, aurkako 117 eta sei abstentzio jaso ditu legeak Diputatuen Ganberan. Hogei orduz luzatu da eztabaida Argentinako Parlamentuan, eta, bitartean, abortuaren aldeko eta aurkako manifestariak elkartu dira kanpoan. Saio luze baten ondoren, Marea Berdea mugimenduaren deialdiari erantzunez elkarturiko milaka lagunek gogotik ospatu dute parlamentu barruko bozketaren emaitza. «Argentinako demokrazia gurekin duen zorra kitatzetik oso hurbil dago», adierazi du mugimenduak emaitza jakin ostean, eta «herriaren eskaerari entzuteko» eskatu dio Senatuari.
Haurdunaldia lehen hamalau asteetan etetea baimentzen du legeak, eta abortua eskaera egin osteko hamar egunetan gauzatuko beharko dela zehazten du. Doakoa izango dela dio testuak, eta osasun sistema publikoak egin beharko duela gastuen kargu.
Gaur egun, abortua ez da legezkoa Argentinan, bi kasutan izan ezik: bortxaketa bat izan denean eta haurdun dagoenaren bizitza arriskuan dagoenean. Lege proiektua onartuz gero, irizpide hori mantenduko litzateke haurdunaldiaren hamalaugarren astetik aurrera, eta salbuetsitako bi kasu horietan soilik egongo litzateke baimenduta abortua epe horretatik kanpo. Bestalde, onartutako testuak aukera ematen die osasun langileei eta abortua gauzatzeko ardura dutenei horri uko egiteko, kontzientzia eragozpena argudiatuta. Kasu horietan, hala ere, haien betebeharra izango da artatzeari uko egin dioten horiek beste profesional batzuen eskuetan uztea.
Bigarrenez, bi urteko epean
Erabakia berrikusi, eta onartu ala ez erabaki beharko du orain Senatuak. Datorren astelehenean hasiko dute eztabaida, eta, bozketa eguna oraindik zehazteko badago ere, baliteke urtea amaitu baino lehen izatea. Duela bi urte ere onartu zuten abortua legeztatzeko proposamena Diputatuen Ganberan, baina Senatuak atzera bota zuen; 31 senatarik alde bozkatu zuten, eta 38k aurka. Oraingoan ere bozketa estua espero da. Senatuan aulki gehien duten alderdi politikoek abortua legeztatzearen alde egin badute ere, alderdi horien barnean ere desadostasunak daude gaiaren inguruan.
Hala ere, duela bi urteko testuinguruarekin alderatuta, desberdina da egoera, eta hori alde ikusten dute abortuaren aldekoak. Argentinako Gobernuak babestutako eta sustatutako lege proposamena da eztabaidagai dagoena, eta horrek proposamenari indarra ematen diola uste dute haren aldekoek. Alberto Fernandez presidenteak publikoki adierazi du abortua legeztatzearen aldekoa dela. Duela urtebete bihurtu zen Argentinako presidente Fernandez. Hauteskunde kanpainako goiburuetako bat izan zuen abortuaren legeztapena, eta kargua hartu ostean ere hainbatetan azaldu du horretarako asmoa. Gobernuaren aldekotasuna erabakigarria izan daiteke.
1921ean onartutako Zigor Kodearen arabera epaitzen da abortua Argentinan, eta lau urteko kartzela zigorra jasotzen du zigor kode horrek. 1983an diktadura militarra amaitu zenetik, abortuaren despenalizaziorako zazpi lege proposamen eztabaidatu ditu Argentinako Kongresuak, baina guztiak baztertuak izan dira gaur arte.
Julen Aperribai, BERRIAn
No hay comentarios:
Publicar un comentario