Plaza poliki-poliki martxa eta erritmoa berreskuratzen ari den honetan, bertsolaritzaren plaza handienari ere tokatu zaio lehengoratzen hastea. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak adierazi du, alegia, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren makina berriro abian jartzeko asmoa duela, 2021erako aurreikusita zegoen eta pandemiak bertan behera uztera behartu duen hitzordua 2022ko udazkenean gauzatuko dela aurreratuz.
Zehazki, datorren urteko irailaren 24an abiatuko da Getxon Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa, eta abenduaren 18an jokatuko da finala Iruñean. Eszenatoki aldaketa da igarpenak ekarri duen nobedade nagusia, 2005. urteaz geroztik Barakaldoko Bilbao Exhibition Center-ekin etxekotuta baitzegoen Bertsolari Txapelketa Nagusia.
Donostian 1935an hasitako egonaldi luzeari, Belodromoari eta bertan gero eta nabarmenagoak ziren mugei agur esanda, BEC inauguratu berrian hartu zuen ostatu Txapelketa Nagusiaren finalak orain dela 16 urte. Irismenaren eta hedapenaren aldetik asko eman dio azken lau edizioetan 15.000 lagun biltzea ahalbidetzen duen areto handiak.
Sadarren kokatuta dagoen Nafarroa Arena erabilera anitzeko pabiloia ere berri-berri hartuko dute bertsolariek, 2018an inauguratu baitzen. Edukierari dagokionez BEC baino txikixeagoa izan arren, 12.000 bat pertsona har ditzake.
Barakaldotik Iruñera jauzi egitearen arrazoiak emateko orduan, Txapelketaren izaera ibiltaria aipatu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kide Gontzal Agotek. Haren hitzetan, «berez herriz herriz ibiltzen da Euskal Herri osoan barrena, eta alde horretatik bertsolaritzaren isla ere bada. Finalari dagokionez, garai batean Donostian egiten zen, azken urteetan BECen, eta orain Iruñeari ailegatu zaio txanda».
Erakundeen interesa
Zuzendaritza taldearen izenean mintzatu den Agoteren ustez, finalaren egoitza aldatzeak «bertako bertsolaritza mugimendua hauspotzeko» balioko du. Izan ere, Bertsolaritza Txapelketa Nagusiak arrasto nabarmena uzten du joaten den tokietan.
Bertsozale Elkarteak erabakiaren berri emateko zabaldu duen oharrean irakur daitekeenez, «zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan». Kasu honetan, «finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat» eta, Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik aurrera egin duen lan handia aintzatetsiz eta jarraituz.
Agotek nabarmendu du, bestalde, lehen aldiz duela Nafarroak «horrelako egun osoko ekitaldi bat hartu ahal izateko azpiegitura egokia», eta horrek ere eragin duela erabakian. Beste garai batzuetan ez bezala, gainera, «bertako erakundeen aldetik bada interesa finala bertan izateko» eta «elkarlana ona da Nafarroako Gobernuarekin». Ez dute argitu nola egingo den Getxotik Iruñerako bidea, baina pentsatzekoa da aurreko edizioetako ereduari eutsiko diotela, final-laurdenetako fasearekin abiatuta.
Txapelketa Nagusiaren atarikoak diren lurraldeetakoen zikloa, berriz, ixtear da, amaitzear baitira pandemiak atzeratutakoak. Ipar Euskal Herriko Xilabaren finala azaroaren 13an jokatuko da, Nafarroakoa hilaren 28an eta Bizkaikoa abenduaren 18an.
N.Azurmendi, Diario Vascon
No hay comentarios:
Publicar un comentario