sábado, 3 de enero de 2015

ERRELATOAZ

Lehengo egunean jakin nuen beheko pisuko auzokoari neba hil ziola ETAk. 1985etik bizi gara etxe berean eta egun hauetan jakin dut gertaera hori. Zer pentsa ematen du. Orain egun batzuk matxura eduki genuen etxean eta teknikaria etorri zen gurera. Pisu guztietara aspaldi etortzen denez gu guztion berri zehatza du. Eta ezustean, halaxe esan zidan: «Lolarekin (asma dezagun izen berria) atarian egon nintzen egun batean zu sartu zinen eta joan zinenean Lolak esan zidan, ‘Laurak ez daki, baina ETAk neba hil zidan’».
Auzokideen artean egon daitekeen harreman hoberena dugu Lolak eta biok, elkarri etxeko giltza uzteraino ezustea dagoenerako. Gogoratzen dut ez ziola batere graziarik egiten “Vaya Semanita”-ko esketx batek, Salamancako Sanchez familiaren inguruan aritzen zena, seme bat “charaina” eta beste semea “de la ETA” zituena, palestinoa eta guzti. Lolari esaten nion barre pixka bat egin behar genuela gure tragediaz, eta parodia horietan denok ikusten genituela erredikulizatuta gure usteak.
Azken bi urteetan ere sarri egin dugu topo eskaileran edo igogailuan, eta lasai asko mintzatu gara nire lanbide berriaren kariaz Gasteizera egin beharreko kilometro mordoaz. Gure harremana, haatik, ez da batere mingostu, beti bezain hurbila eta gozoa izan delako.
Gure belaunaldia lubakietan jaio zen, aurreko belaunaldiko irabazleen eta galtzaileen oinordekoak garelako. Gure historian borrero bihurtu dira biktimak, eta biktima berriak berriz bihurtu dira borrero hurrengo belaunaldikoentzat, gurpil zoro bati lotuta baleude bezala.
Lubakietan urte mordoa bizi ondoren, zauriak sendotzea eta elkarguneak sortzea egokitu zaigu garai hauetan. Nola edo hala denok gureganatu beharko genuke biktima bezain borrero izan garela une batean ala bestean, eta gutariko inor ez dela libratzen aitortzetik sentsibilitate handiagoa sentitu dugula batzuen oinazeaz eta askoz ere sentsibilitate gutxiago (edo bat ere ez) hurkoaren minaz.
Erreparazioa, ordea, elkar ezagutzetik dator, hurkoa errekonozitzetik. Gaur-gaurkoz oraindik ez da eman lehen pausua (biktima diren guztien inbentarioa osatzea, oinazearen diagnosi globala egitea, datu objektiboak zerrendatzea) eta exijitzen ari da pausu bat gehiago ematea, barkamena eskatzeraino alegia.
Biktima batzuen exijentziek gehiago dute erasotik konkordiatik baino. Errelato partziala idazteko asmoz erabiltzeko dira, eta ez armistizioa burutzeko. Alderdi eta elkarte batzuek egiten duten minaren erabilpen lizunak gogoa kentzen du aurrera egiteko. Eta, hala ere, egin egin behar da, bidea ez baita ukatzea zenbat sufritu duten batzuek, baizik eta onartzea sufrimendua eremu zabalean hedatu dela eta era askotakoa izan dela.
Entzun nahi nioke Lolari bere ahotik kontatzen nebaren kontua, eta jakin nahi nuke zergatik ez didan kontatu urte hauetan guztietan, zeri zion beldurra. Eta agian nik ere kontatuko nioke gurean izan diren beldurrak eta estualdiak. Bizi izan duen infernua entzun nahi nuke, eta nik ere azalduko nioke nire infernua oraindik ez dela amaitu, eta bisita bakoitzetik natorrenean ezinegonak gain egiten didala. Esan eta entzun beharko dugu, norberak osa ditzan kaleidoskopiotik falta zaizkion angeluak.
Ez dut uste nire barkamena behar duenik, ezta barkamen eskaerarik egingo lidakeenik. Nik ere ez nioke konturik hartuko egindakoagatik. Uste dut nahikoa dugula ezkutuan genuena azalera ateratzea, begietara begiratuta.
Errelatoa ahoz helduko da, mikroistorioek harilkatuta. Egiazko errelatoa ez da sortuko bulego batean, idatzizko dekretu batek jasoa. Kontaketa, benetakoa, kontakizunetatik dator, norbanakoen ahozko testigantzatik.
Errelatoaren zati txikitxo bat gure etxe azpiko tabernan sortuko da, Lola eta biok jarriko garenean mahaiaren bueltan elkarri entzuten besteak esan nahi diona. Edozer dela ere.

Laura Mintegi,GARAren GAUR-8 gehigarrian

No hay comentarios: