miércoles, 17 de noviembre de 2021

235.000 EURO BILDU DITU ERRIGORAK NAFARROA HEGOALDEKO ETA ERDIALDEKO EUSKALGINTZARAKO

 Herritarren elkartasunari esker Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzarako beste 235.000€ bildu ditu Errigorak!

Ezer baino lehen, zorionak bihotz-bihotzez kanpaina hau posible egin dugun guztioi: ekoizleak, euskalgintzako eragileak, herriz herri lanean aritu diren Errigoraren boluntarioak eta saskia eskatu duten herritarrak. Bejondeizuela! Zortzigarren urtez egin dugu segidan udazkeneko kanpaina eta, hala ere, indar biziz dirau. Gauza erraza dirudi, baina egitasmo honek arrakasta izan dezan buru-belarri ari garenok badakigu zer tamainako lana eskatzen duen. Aurtengo kanpainaren leloak dioen bezala, «herriak egiten du herria».

Iaz, salbuespeneko egoera batean geundela, pandemiak euskalgintzari emandako zartakoari erantzuteko elkartasun uholdea galdegin genuen eta inoizko atxikimendu handiena izan zuen kanpainak. Zaila zirudien, beraz, aurtengoan tamainako erantzuna jasotzea, batetik, pandemiaren testuinguruan ezarritako neurriek herri-mugimendua apaldu zutela zirudielako eta, bestetik, pentsatzekoa zelako urak bere onera zetozela zirudienean, jendeak, beste ezeren gainetik, galdutako denbora berreskuratzeko gogoa izanen zuela.

Baina, gehienon sorpresarako, 15.500 saski banatuko ditugu datozen egunotan. Iazkoaren ostean, inoiz banatu dugun saski kopuru handiena da hori. Horregatik gaude pozez zoratzen. Pozez zoratzen Errigora egiten dugun guztiok, eta pozez zoratzen AEK, ikastolak, Sortzen elkartea eta Agerraldia. Izan ere, kanpainari herritarrek emandako erantzun izugarriari esker 235.000€ bideratuko ditugu Nafarroa hegoalde eta erdialdean euskarari hauspoa emateko herritik sorturiko egitasmoak laguntzera.

Dagoeneko, beraz, milioi eta erdia aise pasa eta 1.600.000€tik gorako ekarpena egin dio herri honek Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari. Bere apaltasunean, emaitza ikaragarria da inongo baliabiderik gabe jaio zen herri-ekimen batentzat. Ondo daki hori herrigintzan aritzen den orok.

Ekarpen honi esker, zonaldeko ikastolek eta AEK-k, bizirauteaz gain, bestela posible ez liratekeen aurrerapausuak ematen jarraitu ahal izanen dute eta Sortzenek sare publikoan D eredua indartzeko lanean jarraitzeko baliabideak izango ditu. Eta herritarrak euskalduntzeko ezinbesteko lan horrez gain, Agerraldiak ekintza-agenda handiagoa egiteko aukera izanen du 2022an, gaurko honetan aurkeztu duguna. Agenda oparo honen xedea da, hain zuzen, bizitzaren esparru guztietan euskarak espazio berriak irabaztea eta hamarkadetako hizkuntza politikoaren ajeei aurre egiten saiatzea, euskararen aldeko jarrerak sustatuz.

Baina gaur, Nafarroako parlamentuan gaudela, ezin dugu ahaztu bitarte honetan ezer gutxi egin dutela erakundeek beren eremukoa propio den hizkuntzaren alde. Herri-borondatea eta herri-ekimena behar-beharrezkoak direla bistan da, baina ezin diogu tranparik egin gure buruari: sarri esan izan dugu euskararen arazoak ez zituela konponduko zerutik eroritako soluzio magiko batek eta, inoren zain egon gabe, herritarrok saretu eta soluzioak bilatzea beharrezkoa zela, baina horrek ezin du inola ere erakundeen erantzukizuna eta betekizuna estali.

Euskara nafar guztiona da eta, beraz, Nafarroako erakundeek bere gain hartu beharko lukete euskararekiko dagokien erantzukizuna. Horregatik, dei egiten diegu herritarren ondora etorri eta behar beste baliabide jar dezaten hamarkadetako hizkuntza politikari buelta emateko, berandu baino lehen, ager vasconum berriz ere lurralde euskaldun izan dadin.

ERRIGORA

No hay comentarios: